Petit chouxak sagar kremarekin

Petit chouxak sagar kremarekin. IKER MARKINEZ
Iker Markinez.
2024ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Iker Markinezek postre bat prestatu du aste honetarako.

Ura, 250 cl.

Gurina, 75 g.

Irina, 150 g.

Gatz pitin bat.

Azukre pitin bat.

Lau arrautza oso.

Pastel krema, litro erdi bat.

Errezil sagarrak, 3.

Gurina, goilarakada bat.

Azukrea, 50 g.

Glas azukrea.
1. urratsa

Petit chouxaren masa egiteko, lehenik, lapiko batean ura ipiniko dugu, baita gurina, azukrea eta gatza ere. Lapikoa sutan ipini, eta irakin arte edukiko dugu. Irakitean, sua itzali, eta dugun irin guztia lapikora bota; dena ongi nahastu, bola bat osatu arte.

2. urratsa

Ondoren, arrautzak gehituz joango gara; baina, kontuz, banan-banan gehitu. Hurrengo pausoan, masa ondo nahastu.

3. urratsa

Jarraian, sartu dena pastelgintzako mahuka batean, eta txukun-txukun bata bestearen ondoan jarri labeko erretillu batean, bola txiki batzuk osatuz. Bitartean, labea berotzen jarri, 170 gradutan.

4. urratsa

Petit chouxak osatutakoan, erretilua labean sartu, eta 20 bat minutuan hantxe mantendu. Ondoren, labetik atera, eta epeltzen utzi.

5. urratsa

Bitartean, sagar krema egingo dugu. Horretarako, sagarrak zuritu, eta bihotza kendu. Ahalik eta zatirik txikienetan moztu. Goilarakada bat gurin zartagin batean jarri, eta bertara sagar puskak gehitu; azukrea ere bai. Bost bat minutuz erregosi, su ertainean. Nahasiz joan. Kontuan eduki behar da garrantzitsua dela daukan ur guztia lurruntzea. Sagar gozo krematxoa lortuko dugu horrela. Gorde.

6. urratsa

Orain, pastel krema —egina izango baitugu— sagar kremarekin nahastu, eta labetik atera ditugun petit chouxak kremarekin bete. Horretarako bi modu ditugu: bata, mahuka baten laguntzarekin petit chouxen oinean zulotxoa egitea eta hortik betetzea. Eta bestea, pasteltxoak horizontalean erditik moztea, eta goilara edo mahukaren laguntzarekin erdian krema jartzea.

Azken ukiturako, glas azukrearekin gainetik estaliko ditugu petit chouxak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.