ATZEKOZ AURRERA. Joaquin Marta Sosa. Idazlea eta poeta

«Pessoak bizitza zuen kontakizun: zertan datzan bizitzea»

Fernando Pessoa saiakeragilearen lanei gertutik erreparatu die urtetan Martak. Haren ustez, literatura poetikaren jarraibideak zehaztu zituzten egileetako bat izan zen. Gasteizen izan da horretaz hitz egiten.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Portugalen jaio arren, Venezuelan jaso du bere formazio «kulturala, intelektuala eta morala» Joaquin Marta Sosa (Nogueira, Portugal, 1940) poeta, idazle eta irakasleak. Hala ere, literatura portugaldarra du intereseko; irakurri eta ikasi egin du, baina batik bat Fernando Pessoa zenaren pertsonalitateak erakarri du. Bada, aste honetan Gasteizen egon da, saiakeragile eta olerkari horri buruzko hitzaldi bat ematen.

Fernando Pessoa. Zergatik hari buruzko mintzaldi bat?

Octavio Paz idazle mexikarrak behin Pessoari buruz esan zuen ez zela idazle bat, baizik eta literatura bat, Pessoan haren heteronimoak izan diren idazle asko egon zirelako, eta haietako bakoitzak bere unibertso horretan ekarpen bat egin duelako: bakoitzak bere literatura, ikuspegi literario bat eta sentiberatasun bat eman dio. Zehazki, lau ziren erabilitako heteronimoak, baina izen propioarekin ere idazten zuen.

Teoria horrek erakarri al zintuen?

Bai, horri esker sartu nintzen pessoar ibaian. Ohartu nintzen literaturak eman dezakeen guztia, baina batik bat poetika, Pessoan dagoela. Ziur aski, Arthur Rimbaud frantsesarekin batera, idazketa garaikidea izango zenaren eta oraindik denaren jarraibideak eman zituen egilea da, hala nola abangoardiarena eta berritzailearena, bere buruaz gain idazteko ausardia handiena duena.

Heteronimoei tiraka, aldaerak dituen pertsonaia bat al da?

Bizitza bakar batean baina beste pertsonaia batzuen barnean dagoen pertsonaia bat da, eta, gainera, gustuko zuen horiek antzeztea. Esate baterako, Teixeira de Pascoaes laguna zuenarekin hitzartu zen behin, eta, Pessoa agertu zen arren, beste janzkera batekin joan zen topaketara, Alvaro de Campo zela esanez. Bere bizitza propioko aktore bat zen, bere pertsonarena. Horregatik zioen poesia dramazko bizitza bat dela.

Dramazko bizitza bat?

Bizitza osoan, eta edozeinenean, beti dago drama: tentsioak, beharrak, erantzunak... Zera da dramatikotasuna: inoiz ez gaudela ziur gertatuko denaz, ezta gertatzen ari den horretaz eta horrek izango dituen ondorioez ere; gerora ohartzen gara horrekin.

Eta zer eman du haren lanak?

Pessoak genero guztiak jorratu zituen: antzerkia, narratiba, saiakerak, poesia... Funtsean, poeta bat da, eta uste dut hala zela inoiz esan eta idatzi gabe susmatu zuelako literatura guztia poetika bat zela; poesia egiteko modu bat, alegia.

Gaiak ere askotarikoak al ziren?

Pessoak bizitza zuen kontakizun, zertan datzan bizitzea; haren ustez, bizitzen, ikusten edo sentitzen duzun horrekin inoiz harritzeari ez uztea da. Behin edo behin esan zuen harritzen garenean garela bakarrik, eta harridura hori eguneroko kontuetan gauza berriak aurkitzean oinarritzen dela.

Bazuen bizitzako lelo bat ere.

Bai. Esaten zuen gizateriaren hiru etsaiak intolerantzia, fanatismoa eta ezjakintasuna direla: horiek dira borrokatu beharreko etsaiak. Bada, haren obra ere hiru etsai horien aurka borrokatzera zuzenduta zegoen.

Nolakoa zen lan hori?

Haren poesia originala zen, berria, eta hark eta haren heteronimoek beti eskuragarria zen poesia idatzi zuten; are, ulertzeko ere ez zen beharrezkoa lotura neuronalak edo bihotzeko emozioak haustea. Gauza konplexuak ziren, bizitzaren sakontasunera eta patuaren hedadurara eramaten zintuztenak.

Beste hizkuntza batzuetara ere itzuli dira lanak; adibidez, Benito Lertxundik euskarara itzuli eta kantu bihurtu ditu. Ezagutzen al duzu?

Hitz egin didate euskarara eginiko itzulpen batzuei buruz, baina ez dut bat bera ere ezagutzen; ez dakit euskaraz, eta, beraz, nire interesa hizkuntza horretara ere itzulpenak eginda daudela jakitera mugatzen da.

Hala ere, gazte hil zen: 47 urte zituen. Bazuen oraindik zer emana?

Ziurrenik asko izango zuen, baina berak bere bizitza propioari ematea erabaki zuen. Horren zati handi bat Lisboako tabernetan edo kafetegietan igaro zuen, denbora luzez ardoak hartzen.

Bada, nola eragin dio haren lanak zureari?

Izan du eragina abangoardiako literatura eta literatura garaikidea berrirakurtzeko, birkokatzeko eta balioesteko ahaleginean. Pessoarengandik abiatuta, batik bat literatura poetikaren historiaren ideia berrosatu dut. Horrez gain, saiatu naiz argitasuna izango duen literatura bat ere egiten, deskubritu gabe dagoen eremu misteriotsu eta mistikoa alde batera utzi gabe.

Garrantzia al du haren lana zabaltzeak?

Berebizikoa. Pessoa poeta irakurri ez duenak harribitxi bat galdu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.