Juan Luis Anasagasti. Tenorea

«Peruko egoeraren eta gure bizimoduaren arteko loturez jabetu behar dugu berehala»

Peruko Rio Madre de Dios ibaiaren inguruko indigenen aldeko kontzertua egingo dute Mutrikun. Juan Luis Anasagasti tenoreak Santa Katalina komentuan kantatuko du gaur gauean, 20:00etan.

Juan Luis Anasagasti tenorea, zuzeneko batean. BERRIA.
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Lehen mailako tenorea da Juan Luis Anasagasti bilbotarra. Horrez gain,Maitasun gobernuz kanpoko erakundearen burua da duela hamasei urtetik, Peruko indigenen aldeko taldea.

Beste urtebetez, Juan Luis Anasagasti Mutrikun da.

Askotan izana naiz Mutrikun, baina hirugarren aldia dut honelako ekimen baten alde egiteko abesten dudala han. Herriaren portu usaia ikaragarria da, eta oso gustura etorri ohi naiz.

Zer eskainiko duzu gaur gaueko kontzertuan?

Bi ataleko kontzertua prestatu dugu, entzuteko erraza izateko asmoz. Lehen zatirako Hego Amerikako boleroak operaren lirikara egokitu ditugu, eta, bigarrenean, Napoliko operako abesti klasikoak eskainiko ditugu. Hala, betiko O Sole mio eta Santa Lucia abestiez gain, Bésame mucho eta Aquellos ojos verdes abestiak interpretatuko ditugu.

Latinoamerikako abestiak hautatu izanak badu loturarik Maitasunen proiektuarekin?

Hautatutako abesti asko Peruko bihotzean jaio dira, ez dira zorizkoak. Garrantzitsua da hango egoera eta kultura ezagutzea, eta zentzu horretan, abestiak aukera ona izan daitezke.

Zein izan ohi da zuen dinamika mezuhori eta opera elkartzeko?

Mezua transmititzeaz gain, funtsezkoa zaigu kalitatezko saioakeskaintzea. Ez dugu emanaldi serioegia eskaini nahi, ikusleari atsegina zaiona baizik. Jendeak parte hartzea nahi baldin badugu, ahalik eta ikuskizun ederrena prestatu behar dugu.

Kontzertuan bilduko duzuen dirua Federacion Nativa del Rio Madre de Dios gobernuz kanpoko erakundeari emango diezue.

Bai, hala da. Rio Madre de Dios ibaiaren inguruko indigenen eskubideen alde borrokatzeko lortu nahi dugu dirua. Funtsezkoa da ahalik eta diru kopururik handiena eskuratzea, han gertatzen ari dena legearen aurkakoa izateaz gain onartezina ere badelako.

Dirua lortzeaz gain, egoeraz jabetzea da zuen helburu nagusia?

Gure asmoa ez da ikusleari ongintzazko ekintza huts batean parte harraraztea, harago joatea baizik. Emanaldia hasi baino lehen, puntuz puntu azalduko dugu Rio de Madre de Diosen gertatzen dena.

Zerbait aurreratzerik baduzu?

Multinazionalek, gobernuak eta agintari ustelduek indigena familiei berezko zaizkien lurrak kentzen dizkiete, euren onurarako. Gure zerbitzura dauden enpresa askok eskuak ezin zikinagoak dituzte, hala nola Repsolek. Gizartean hango egoeraren eta gure bizimoduaren arteko loturez jabetu beharra daukagu.

Azaldutakoaz gain, bestelako proiektuen alde egin du Maitasunek, ezta?

Bai. Sarajevoko Bjelave umezurtz etxeari laguntzeko sortu genuen Maitasun elkartea, eta urte asko eman ditugu hango egoera hobetzen. Behin lortuta, eta umezurtz etxeak kudeaketa autonomia osoa eskuratuta, beste toki batzuetara jo nahi izan dugu.

Euskal Herrian kontzertu asko eman dituzu Maitasunen ekimenen alde. Joan al zara atzerrira abestera?

Bai. Bjelave umezurtz etxean bertan lanean izan naiz, eta kontzertuak eman ditut han. Azkena, duela pare bat urte izan zen, Gabonetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.