Pertzari eragin nahian

Kaldereroen besta berrikusteko deia egin du Gaz Kalok. Esan dutenez, ez dira eroso sentitzen, eta elkarrekin hausnartzeko deia egin dute. Zuberoan ere, buhameen rolak eman du zer esanik, eta aldaketak egin dituzte.

Ijito mozorroarekin dantzan, Donostian. JON URBE / FOKU.
Iker Tubia.
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Inauterien atarian eltzeen eta pertzen harrabotsak hartzen ditu Euskal Herriko zenbait herritako karrikak. Hala da Donostian, Iruñean, Tolosan (Gipuzkoa), Beran eta Lizarran (Nafarroa), besteak beste. Beroki beltzak, koloretako zapi eta gonak eta urre koloreko txapak jantzita ateratzen da jendea inauteriak ailegatu direla ohartarazteko. Garai batean Pirinioak zeharkatuta ailegatzen ziren kaldereroen itxura hartuta egiten dute besta.

Ricardo Hernandez ijito iruindarrak bazterretik ikusi izan du bere hiriko karriketan gora eta behera ibiltzen den kaldereroen besta. Gaztea zenean, ez zion jaramonik egiten, baina, azken urteetan, baziren arraro egiten zitzaizkion kontu batzuk. «Hau horrela egitea ongi dago?», galdetzen zion bere buruari. «Atentzioa ematen zidan ijito herriak ez zuela parte hartzenbesta horretan». Lehenbizi bere buruarekin, gertukoekin gero, bestaren inguruan hausnartzen hasi zen. Duela bi urte, sare sozialetan iruzkinak idaztera animatu zen: «Zenbait lagunek haiei buruz ari nintzela sentitzen zuten, eta gauza ona zela esanez erantzuten zidaten. Ez dut kontrakorik esaten, baina hausnartu beharko dugu, ezta?».

Aktibista da Hernandez, eta Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioko lehendakaria. Orain arte sare sozialetan esan duena jendaurrean esatera ausartu da. Joan den astean, hitzaldi bat eman zuen Iruñean, SOS Arrazakeria eta EH 11 Kolore elkarteekin batera, lepo betetako areto batean. Bihar hitzaldi bera emanen dute Lizarran, 19:00etan, Fray Diego kultur etxean: Besta humanizatzeko eta testuinguruan jartzeko begirada kritiko bat.

Kontent agertu da Hernandez jendearen erantzunarekin. Eztabaida piztea zuten helburu, eta lortu dutelakoan dago. Esan duenez, ez dira eroso sentitzen kaldereroen bestarekin; beraz, besta berrinterpretatu beharra dagoela azpimarratu du. Irurtzunen (Nafarroa) iaz gertatutakoa gogora ekarri du. Orgetako batean, ijito ezkontza bat irudikatu zuten. «Gaz Kalo kexu agertu zen. Zenbateraino dira edo ez dira trufa halako gauzak? Ijito herriak zerbait esan beharko luke?».

Jende askorentzat mozorro den horren atzean herri baten historia dagoela azaldu du Hernandezek. Horregatik, ijitoen historia eta gaur egun duten egoera ezagutzeko beharra nabarmendu du. Ijitoek Indian dute jatorria, baina Greziara eta Turkiara ailegatu eta gero bilakatu ziren herri. «Europako gutxiengo etniko gutxituetan zaharrena eta ugariena da ijitoona; hamar milioi pertsona gara». Hamar milioi horietatik bi dira kalderash: ijito talderik handiena da, eta kaldereroen bestaren jatorrian dagoena.

Harriturik dago Hernandez jendea prest dagoelako egun batez kalderero janzteko, ongi pasatzeko, baina urteko gainerako egunetan erabat ahantzi egiten direlako ijito herriaz. «Ulertzen dut maitasunez eta errespetuz egiten dutela dioten horiek, baina uste dut pentsatu beharra dagoela». Hori ikusita, mahai bat osatu nahi dute besta antolatzen duten eragileekin. «Hori urrats handia litzateke. Gero ikusiko genuke zer egin behar den».

Hernandezek mikroarrazakeria ikusten du Iruñean egiten den bestan, eta badaki hori onartzea zaila izanen dela: «Ijito herriak mendeak eman ditu isilik alor askotan. Orduan, gutako norbaitek zerbait esaten duenean, jendea ez dago prest herri zapaldu honen kexak onartzeko». Hala ere, uste du hitzaldian zegoen jendeak «primeran» onartu zuela mezua. Denbora beharko dela ere argi du: «Duela lau egun arte, onartu egiten ziren gizartean oso sustraiturik zeuden eta orain inolaz ere onartzen ez diren jarrera eta gehiegikeria matxistak».

Bea Villahizan Nafarroako SOS Arrazakeria taldeko kideak uste du beharrezkoa dela hausnartzea, toki askotan pizten ari baita «mozorro bihurtzen diren kulturen» eztabaida. «Nola ikusten ditugu botere eta ordezkagarritasun mailan gutxitutako gutxiengo etnikoak? Nola agertzen ditugu mozorro gisa? Ikusi behar dugu hor zenbat gauza diren estigmaren ondorio».

Villahizanek uste du «azkura» ematen duela gaiak, baina ez dela deus pasatzen arrazakeria onartzeagatik. «Zergatik mozorrotzen zara zurea ez duzun adierazpen kultural batez? Zertarako? Eta zertarako horren erantzuna da transmititzen duzun mezua?», galdetu du. «Gure kultura adierazpenetan arrazakeria dago, hala delako gizarte egitura, eta, gainera, botere egiturek utzi dutena transmititu da».

Gaz Kalok besta inklusibo bat nahi du, eta uste du ijitoak aintzat hartu behar direla horretarako. Apropiazio kulturalaz ere mintzatu da Hernandez: «Kultura bat elementu gutxi batzuen bidez adierazten dugunean, gauza bilakatzen dugu». Gainera, testuingurua kontuan hartu behar da:«Ijito herria erabat azpiratuta dago. Gutxiengoen kontrako umore zakarra oso hedatua dago, eta jendeak irri egiten du. Orain egiten duguna berrikusi behar da». Oharkabean egiten delakoan dago. Are, hor dago gakoetako bat: «Subkontzientean oso errotuak daude ijitoei buruzko iruditeria eta estereotipoak».

Zuberoako buhameak

Kaldereroak edo kauterak Zuberoako maskaradetan ere ikus daitezke, herri antzezpena eginez. Baita buhameak ere. Azken urteetan, Nicole Laugarot antropologoak salatu du pertsonaia horien irudikapenean izaten den arrazakeria. Batez ere, buhameen kasuan: «Kauteretan ez hainbeste, ez baituzu sekula erranik kauterak ijitoak direla; ez dira ikusi tziganoak balira bezala. Buhameekin problema handi bat dugu».

Xorrotxek hitz hauekin aurkeztu ohi dute buhame taldea: «Buhame debrü horik lanik egin gabe/ arraza debru hori bizi dirade./ Aberatsik horregatik ez da nihur ere/ aldiz sortüak oro ohoinak dirade». Ez da arrazakeria zantzu bakarra: Laugarotek adibide gehiago eman ditu. Buhameen erregeaktaldearen bizi arauak oihukatzen dituenean, esaterako: «Debekatua ezer hartzea bestearena ez bada; etxeetan gomita badugu, atetik sartu behar bezala, baina nehor ez denean, isilik leihotik...».

Horrelakoak esateari utzi behar zaiolakoan da antropologoa. «Erraten dute ez direla egiazko buhameak, baina bai, prefosta. Erraten delarik 'baduzu gure erregea', segur, badira egiazko buhameak. Euskal Herrian erraten zuen jendeak bazela buhame erregea. Horrela, trufatzen duzu, jakin gabe zenbait aldiz, baina zenbaitek badakite».

Aldez edo moldez saiatu da egoera ikusarazten, baina, oraingoz, gehienek entzungor egiten diote. Duela hiru urte, maskarada ikusi ondotik, muskildiarrei esan zien ez zela posible horrela segitzea, baina ez zuten deus aldatu. Urdiñarbetarrengana maskaradak hasi baino aste bat lehenago hurbildu zen, baina ez zuten deus aldatu. Are, bere aurka mintzatu ziren kauterak plazan, nahiz eta bere izena zuzenean aipatu ez: «Erran zuten hastiala nintzela».

Egoera horren aurrean, Lougarotek jendarmeriara jo zuen salaketa jartzera. Aurten bi hilabete lehenago joan da Altzürüküra, eta azalpena idatziz eman zien. Asteburuan eman zuten lehenbiziko maskarada altzürükütarrek, eta, haiek esan dutenez, buhameen predikua aldatzea erabaki dute. Pertsonaiak ez dituzte kendu, baina bai mezu batzuk. Oraindik ikusi ez duen arren, «izigarri kontent» da Lougarot, Zuberoan urratsak egiten hasi direlakoan.

Aurrekaririk bazen. 2012an, Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek eman zuten maskarada, eta Lougarotek gogorarazi duenez, xorrotxen bertsoak aldatu zituzten. Askotan esan ohi diote maskaraden forma beti horrela izan dela eta, beraz, tradizioari jarraikiz, ezin dela batere aldatu. Baina antropologoak esan du aldaketa anitz izan zirela XX. mendean. «Kanbiatzen ahal da parte hori, eta maskaradak lirateke».

Mahai gainean dira galderak. Orain, hausnarketa eta elkarrizketari eman nahi diote bide: norbera eta kolektiboa ispiluaren aurrean begiratu, eta buruari eragin. Tradizioak aztertu, berrikusi, eta behar dena aldatu liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.