Pantxika Telleria

«Pertsonari lekua uzten diot, maite du kolorea»

Dantzaz aparte, koreografo batekin zertaz hitz egiten ahal da? Bada, biziaz, ikastolaz, haurrez... Eta belaunen gaitasun bitxiez, esate baterako.

Xan Aire.
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Dantza klasikoa utzi koreografo izateko. Hori da Pantxika Telleriaren (1972, Donibane Lohizune, Lapurdi) ibilbide profesionalaren bilduma, hamazazpi urterekin belauna apurtu ondoan. Erilale konpainiako buru da gaur egun, eta bi pieza berri dituzte su gainean: Ninika, haurrentzat ekoiztua, eta Gorpitz 1, belaunarekin idazten duen Mikel Ibarguren olerkariaren testuekin osatua, gazteentzat pentsatua.

Belauna, beti belauna. Zure bizitzari lotua da, azkenean...

Erranen nuke min hori etorri zela etorri behar zuelako. Kontserbatorioko azken urtean gertatu zitzaidan, Parisen. Hango esperientzia, artistikoki, ez zitzaidan batere gustatzen. Bortitza izan zen, hamazazpi urtetan dantza fini zela niretzat erran baitzidan medikuak. Orduan ez banu min hartu ere, nire bizitzan noizbait aldaketa bortitza izanen zen, gisa guztiz.

Halabeharraren lana izan zela diozu?

Bai, hala da. Lagunak baditut Parisen dantzari klasikoak direnak, eta ikusten ditudan oro biziari eskerrak ematen dizkiot. Gainera, hamazazpi urte arte, buruan nuen nire haurrek Donibane Lohizuneko ikastolan izan beharko zutela. Beraz, nire biziko korapilo bat bazen hor desegin beharra... Azkenean, belaunak egin du.

Hala ere, kontserbatorioak moldatu zaitu...

Egia da. Hogei neska ginen, eta kontserbatorioak edo formatu ditu egile oso onak, edo ikusi ditu nortasun azkarreko neskak beste bide bat hartzen.

Eta zu, interpreteekin nolakoa zara?

Teknika inportantea zait, baina pertsonari lekua uzten saiatzen naiz. Maite dut bere kolorea ekartzen duelarik. Bere materia da. Orduan ni, margolariaren gisa naiz, materia eta koloreak hartzen ditut, eta proiektu orokorraren sakontasuna bilatzen dut.

Zergatik dantza beste arteekin nahasten duzu, bera ulertezina delako?

Ez, batere! Saltsa gustatzen zait. Kuriositatez da. Ezagutzen edo menperatzen ez ditudan gauzei irekitzea maite dut. Eta arteen arteko muga hori ere zalantzan ematea. Musika ezin da dantza izan? Dantza ezin da antzerkia izan? Errealitatean, zergatik dantzariak ezin du hitzik erabili? Hori da nire gogoeta, nahiz eta ez den berria. Baina beste ate batzuk ireki zaizkigu.

Dantzak euskaraz badaki?

Ez dakit jakin duen, eta ez dakit jakin behar duen. Interpreteekin edo ikasleekin frantsesez edo euskaraz ari naizelarik, gorputzak ez du ber bizipena. Hizkuntzek, kulturalki, eragin desberdinak dituztelako. Burumuina inkontzienteki interpretatzen hasten da. Orduan erran dezaket gorputzak baduela hizkuntzetatik landa datorren sakontasuna.

Zergatik haurrentzat ekoizten dituzu ikusgarriak, publiko errazagoa baita?

Ai, ez! 2005ean, nire alabaren jakin-mina nola pizten ahal nuen pentsatzen hasi nintzen, dantzari lotuta. Azkenean, haurren mundua topaketa izan da. Piezak ateraz bezala ohartu naiz hainbat giltza falta nituela publiko horri hurbiltzeko. Eta publiko oso naturala da! Ez badute maite, fite ageri da, beste zerbaitetan hasten baitira. Orduan, beste giltza bat bilatu behar dugu. Eta halako ardura duzu, segur aski ikusten duten lehen dantza ikuskizuna baita, eta zerbait pizten ahal baituzu beren baitan.

Azkenean, haurrak izan daitezke helduen gidak...

Bai, eta espero dut gure haurrekin batera aitzinatzen garela! Bertze mundu bat dakarte berekin, eta pixka bat geratzen bagara horien ezagutzeko, ate berriak zabaltzen zaizkigu. Oso polita da norberak mundura ekartzen duen energia.

Zuk dantza dakarkizu zurekin...

Irudi hori dakart, bai. Hala ere, beste mundu pila bat badut nire baitan !

Baina dantza bezainbat barnaturik...

Ez, baina banituzke! Adibidez, orain dela urte bat, fisikoki elbarritua zen gure ikastolako haur bat hurbildu zitzaigun larunbateko dantza tailerretara. Laguntzen hasi ginen, eta oraindik gurekin segitzen du. Baina pentsaketa egon nintzen mundu hori sakondu nahiko nukeela, agian dantzarekin pixka bat lotuta, aitortzen dut...

Zure ikastolari bai lotua zarela, ezta?

Bai, sobera ere, batzuetan ! Baina gustatzen zait. Nire haurrekin partekatu nahi dudana hori da. Hizkuntza, kultura, baina ez hori bakarrik, bizimolde berezi hori. Egunerokotasun horretan sartzea pisua izaten ahal da. Baina haizea aldatzen hasia dela erran nezake. Eta ikastola bakoitzak bere historia dakar, horrek ere badu bere berezitasuna. Espazioak inportantzia badu, sustraitzeko.

Euskararen eta dantzaren artean hautatu behar bazenu?

Ez bat eta bestea, nire familia da inportanteena!

Eta zure seme-alabek dantza klasikoa hautatzen badute?

Eginen dute! Azalduko diet zer den, lagunduko diet. Bestearen bizitza ez da hautatzen ahal. Eta iruditzen zait oztopatzea dela bestearen nahikeria pizteko modu sinpleena! Orduan, lagundu beharko ditut...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.