Harria eta pertsona, buruz buru, ea nor burugogorrago. Horrela ibili ohi da Joseba Lekuona (Iruñea, 1972). Hargina da, eta 30 urte daramatza horretan. Denetarik egin du: zaharberritze lanak, hilobi artea, eskultura erlijiosoa... Uhin mozketak dituzten harriak dira haren zigilua, baxera ere badiren piezek osatutako eskulturak. Lan hori ikusgai da Ormolu arte galerian, Iruñean.
Gestalt deitzen da erakusketa. Zer gertatu zen hitza hiztegian aurkitu zenuenean?
Hainbeste urtean egindako lana hitzetan irakurri nuen. Gestaltena, psikologiako eskola bat zen, baina handik harago joan zen: estetikan eta diseinuan, biblia bat da. Lege batzuk erabiltzen ditu: sinpletasunarena, simetriarena... Nire lanetan beti bilatu dut sinpletasuna.
Nola hasi zinen horrelako piezak sortzen?
Noainen tailerra nuenean, eskultura propioak lantzen hasi nintzen: konbinatoriak egiten nituen, hustuketa zilindrikoen bitartez. Sortzen ziren formak oso interesgarriak ziren. Zenbat eta sinpleago, orduan eta erakargarriago egiten zaigu askotan. Baina sekulako lana du.
Nondik nora edo zergatik sortu zenituen pieza hauek guziak?
Mugaritz jatetxearekin elkarlanean hasi nintzen; beti ari dira euskarri baten bila; beraz, eskultura euskarri gisa pentsatzen hasi nintzen. Aspalditik interesatzen zait Heraklitok esaten zuena: panta rei, dena doa jarioan. Eta uhinaren kontzeptua.
Nola egiten duzu?
Hau lantzeko tresnak diseinatu eta fabrikatu behar izan ditut. Badaude modu industrialean egiteko makinak, baina oso garestiak dira. Egin daitezke segur aski 3D programekin, eta aldez aurretik jakin nola geratuko den. Baina ez dut hori kontrolatzen; dena eskuz egiten dut.
Eskuz eginda badu beste balio bat, ezta?
Niretzat, bai. Garrantzitsuenetakoa da materia noraino ailega daitekeen. Noraino egin dezaket mozketa fin bat? Harriak zure tokian jartzen zaitu. Oso handinahia bazara harriekin, ez badituzu pauso guzti-guztiak behar bezala betetzen, harriak esaten dizu: honaino. Materiak hitz egiten du, eta zure tokian jartzen zaitu. Asmatu arte proba eginez, menderatuz joaten zara, ahalik eta finen egiten...
Piezak banatuz gero, eskultura hauek bereziak dira, ezta?
Hondoko bi horiek izan ezik, eskultura hauek baxera dira, eskuan hartu eta hortik jateko modukoak. Modurik sinpleenean jateko pentsatuta daude: eskuarekin edo ogiarekin. Esperientzia berriak sortzeko pentsatuta dago. Mugaritz jatetxean, harrigarria izan zitekeen zerbait nahi zuten, eta zentzumenak pizten zituena. Hemendik kanpo saltzen ditut, batez ere: AEBak, Ingalaterra, Frantzia... Singapurrera ere bidali dut berriki. Hemen, oso gutxi.
Nola lan egiten duzu? Zer harreman duzu harriarekin?
Eskarmentu handikoa, askotariko materialak lantzea egokitu zaidalako. Lehendabizi, materiala aukeratu behar da, kaskarra bada lan guztia pikutara joan daitekeelako. Gero, pauso guzti-guztiak bete.
Zer material daude erakusketa honetako eskulturetan?
Iruñeko Ezkabako harria, Baztangoa, Debakoa, Moncayokoa, Igantziko marmola, Markinakoa, Turkiako hareharria...
Zeren arabera aukeratzen dituzu harriak?
Pertsonak bezala, ez daude bi harri berdin. Pentsatzen dut materiak zeresan handia duela gure pertzepzioan: materiak berak hitz egiten du, erakartzen gaitu. Adibidez, mendira joaten zarenean, haitzen artean zaudenean, erakargarritasun bat sentitzen duzu.
Erakusketaren erdian, buru bat.
Carrarako marmola da; munduko marmolik hoberena. Egia esateko, ariketarik zailena izan da niretzat. Gestalten printzipioetako batek dio hutsune bat dagoenean burmuinak betetzen duela. Hori landu nahi nuen eskultura honekin. Buru bat sartu nuen zilindro batean; beraz, buruaren proportzioak zilindrora egokitu behar izan nituen. Beheko partea pitxer bat da. Hau bai, hau harrikada bat da.
Zergatik duzu halako obsesioa uhinekin?
Harriari normalean ikusten ez dizkiogun ezaugarriak eman nahi dizkiot. Harria gogorra da, estatikoa... eta nik mugimendua, arintasuna... eman nahi diot. Harria arkeologiarekin eta antzinako gauzekin lotzen dugu askotan. Nire obsesioa izan da harriari zama hori kentzea. Egun, ez da lantzen material hau.
Zergatik ez da erabiltzen? Ez du interesik?
Orokorrean oso interes txikia du. Gaur egungo teknikak edo eskulturak beste bide batzuk hartu ditu. Harria gogorra da lantzeko, eta, askotan, harria baino burugogorrago izan behar duzu. Teknikak oso motelak dira; ez datoz bat egungo bizimodu azkarrarekin. Mundu honen kontrako piezak dira hauek; sosegua eta lasaitasuna eskatzen dute.
ATZEKOZ AURRERA. Joseba Lekuona. Hargina
«Pertsonak bezala, ez daude bi harri berdin»
Piezaz pieza osatzen dira Lekuonaren eskulturak. Ikusteko ez ezik, baxera gisa erabiltzeko ere badira. Ezohiko ezaugarriak ematen dizkio harriari: «Askotan, harria baino burugogorrago izan behar duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu