Jon Sanchez. Gidoilaria

«Pertsonaia zintzoek egingo dute euskaraz lehen euskal zonbi filmean»

'Euskal okela' egitasmoa aurrea doa: zaleen laguntzarekin filma, komikia eta bideo jokoak egitea, Euskal Herriko klixeekin jolasteko eta generoak berekin izan ohi duen satira karga leherrarazteko.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Jon Sanchez (Urnieta, Gipuzkoa, 1981) idazle eta gidoilaria da. Baleuko ikus-entzunezkoen ekoizlearentzat egin du lan, baina idazle gisa lehen egitasmo profesionala prestatzen ari da orain: Euskal okela, «lehen euskal zonbi filma», berak deskribatzen duen moduan. Egitasmoa aurkezteko sei minutu eta 40 segundu izango ditu gaur, Donostiako Kristinaenea parkeko aretoan egingo den ekitaldian. Beste sei hizlariek ere tarte berbera izango dute euren proiektuak azaltzeko; tartean, Maite Arroitajauregi Mursego musikaria eta Ana Malagon eta Goio Telletxea diseinatzaileak.

Zergatik zonbiak?

Oso gustuko ditugu zonbiak, hasteko. Horrez gain, gai deigarria delako eta zale asko dituelako. Horrek asko errazten digu zale horien laguntza lortzeko. Oraintxe bertan, Euskal Herrian ez ezik, gure egitasmoak Argentinan, Mexikon, Bartzelonan eta Madrilen ditu zaleak. Gai unibertsala da. Bizirik irautearen ingurukoak dira filmok: miloika zonbi daude film guztietan, eta pertsona gutxik irauten dute bizirik.

Aurreratua al duzue lana?

Azpiegitura biltzen ari gara: teknikariak, lan egiteko lekua eta Interneteko gunea. Izan ere, egitasmo transmedia da; hau da, filma ez ezik, komiki bat ere egitea dugu buruan, ipuin liburuak, bideo jokoa eta zonbi ibilaldiak kaleetan. Pare bat urte beharko ditugu hori egiteko: 2013. urtearen amaierarako estreinatuko dugu.

Hori guztia aurrekontu txikiarekin?

Film indie bat izango da, 100.000 euro ingurukoa. Hori da helburua, gidoia eta finantzaketa plana dugunean jakingo dugu zehatzago. Crowdfunding sistema erabili nahi dugu dirua lortzeko, hau da, dohaintza sistema. Horrez gain, zaleen laguntza izan nahi dugu sorkuntza lanean. Izan ere, egitasmo hau jendearen sormenaren erakusleiho bat izatea nahi dugu. Esaterako: norbaitek bideo joko bat diseinatu nahi badu, guk aukera emango diogu, eta trukean, bere lanarentzat erakusleiho bat izango du.

Zertan bereizten dira euskal zonbiak? Obsesio identitarioak ez dira heriotzarekin itzaltzen?

Euskal Herrian mugituko dira protagonistak, eta euskaldunak izango dira: baserritar bat eta donostiar bat daude tartean. Road movie bat izango da, Euskal Herrian barrena. Klixeekin jolasteko asmoa dugu, ez soilik filmean, baita beste euskarrietan ere. Kritika satiriko bat egitea da asmoa. Izan ere, zonbi filmek beti dute beste interpretazio bat: gure munduaren kritika. Gure pertsonaiak Euskal Herriko klixeak izango dira. Halere, kanpora begirako filma da. Euskaraz hitz egingo dute pertsonaia batzuek, Hollywoodeko filmetan ingelesez beste hizkuntzetan puska batzuk hitz egiten duten bezala, euskara mundu osoan entzun dadin.

Baina Hollywoodekoetan, ingelesez egiten ez dutenak gaiztoak izaten dira, paperik gabeko etorkinak edo bigarren mailako pertsonaiak.

Gure kasuan kontrakoa da. Euskaraz zintzoek egingo dute.

Arazorik izango duzue Euskal Okela haragi ekoizleen elkartearekin?

Baliteke, baina, azken batean, egitasmoaren izena da, eta, arazoren bat izanez gero, beste izenburu bat jarriko diogu filmari. Euskal okela, esaterako, zale baten ideia da. Gidoia zaleekin jorratu dugu, Facebooken bidez. Filmatzeko orduan ere jarraitzaileei aukera emango diegu. Ez dut uste estrak topatzeko arazoa izango dugunik: dagoeneko 1.900 zonbigai ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.