ATZEKOZ AURRERA. Mireia Gabilondo. Aktorea eta zuzendaria

«Pertsonaia bakoitzak bere koloreak dauzka, eta hori da politena»

Gabilondo Donostiako Antzoki Zaharrean arituko da ostegunetik igandera arte, 'Utzi zure mezua seinalearen ondoren' obrarekin. Lau emakumek erantzungailua terapia gisa erabiliko dute.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Mireia Gabilondok (Bergara, Gipuzkoa, 1965) esperientzia zabala du telesail, film eta antzezlanetan. Kutsidazu Bidea, Ixabel eta Amaren eskuak filmak zuzendu ditu, eta Soinujolearen semea eta beste zenbait obra arrakastatsutan antzezle moduan ibilia da. Telebista arloan, Martin eta Mi querido Klikowsky telesail ezagunetan parte hartu du aktore, gidoilari eta zuzendari gisa.

Antzezlanaren erantzuna nolakoa izan da orain arte?

Oso ona ari da izaten. Lau emakumeren istorio gogor samarrak kontatzen dira antzerkian, ironia puntu batez lagunduta. Publikoa oso barrura sartzen da emakume horien istorioan. Hasieran lau istorioek harremanik ez dutela dirudien arren, gero ikusten da lotura dutela elkarren artean. Hiru urte igaro dira obra estreinatu genuenetik.

Pandemiak eragin handia izan du kulturan.

Bai. Denontzat oso egoera latza izan da, kulturarentzako bereziki. Jendeak hurbildu egin behar du antzokietara, eta, beldurragatik edo, ohitura galdu da. Antzokiak toki seguruak direla esateko beharra dut: orain edukieraren erdiarekin daude ekitaldi kulturalak, eta maskara beharrezkoa da, gainera.

Nolako pertsonaia egokitu zaizu oraingoan?

Nire pertsonaia Carmela deitzen da, eta lau emakumeetatik nagusiena bera da. Momentu honetan minbizia dauka, eta alarguna da. Ez daki bere semeari nola esan minbizia duela, eta semeari bere etxeko erantzungailu automatikora mezuak bidaltzea erabakitzen du, horrela dena kontatuz.

Antzerkian bere bizitzaren inguruko kontaketa txiki bat egiten du. Horrez gain, agur esateko modu bat azaltzen du. Oso pertsona indartsua eta bizitzaz betetako emakume bat dela esango nuke, nahiz eta badakien ez zaiola denbora asko geratzen. Hala ere, eragin handia du obran azaltzen diren beste emakumeengan.

Zein esango zenuke dela obraren mezu nagusia?

Bizitzako garairik txarrenetan beti dagoela irtenbideren bat, eta txarrenetik gauza onak ere ateratzen direla. Nire pertsonaia Carmelak esaten duen bezala, dena zerbaitengatik gertatzen da. Azken finean, bizitzako gauza txarrak onerako bilakatu behar ditugu, eta aurrera egin behar dugu.

Zer nahiago duzu, antzeztea ala produkzio bat zuzentzea?

Lan oso desberdinak dira, nahiz eta pakete berean dauden. Antzeztea oso lan polita da, eta, aldi berean, arriskutsua, zuzenean delako.

Aldiz, zuzendari lanetan nabilenean justu kontrakoa egin beharizaten dut; aurretik egin behar dalan guztia: ikuskizuna nolakoa izatea nahi dudan pentsatu, aktoreekin harreman zuzena eduki eta haiekin lan egiten jakin.

Mezu asko uzten dituzu erantzungailuan?

Gaur egun ez dugu ohiturarik. Gaztea nintzenean, gehiago erabiltzen zen erantzungailua, batez ere etxeetara deitzen genuenean. Sakelakoetan hortxe-hortxe ibili da, baina uste dut ohitura galdu dela, nahiz eta orain sare sozialak eta horiek guztiak gure harremanak izateko modua aldatu duten. Egia esan, ez ditut mezu asko uzten.

Orain arte antzeztu dituzun pertsonaien artean, zein da gehien gustatu zaizuna?

Ez nuke jakingo esaten. Beti esaten da azkenengo egiten ari zarena dela. Asko eta asko izan ditut politak, eta, azkenean, norberarenak egiten direnean, denak bilakatzen dira zure zati bat. Pertsonaia bakoitzak bere koloreak dauzka, eta hori da politena aktore batentzat. Batzuetan inoiz imajinatu ez duzun pertsonaia baten lekua hartzea tokatzen zaizu.

Ba al duzu leku berezirik pertsonaiak ikasteko?

Bai. Etxean besaulkitxo bat daukat, eta hor gustatzen zait lehenengo aldiz irakurtzea egokitu zaidan rola, eta nire letraz idazten dut ikasi beharrekoa. Gero, lehenengo aldi hori pasatu eta gero, kalean paseatzen testua errepasatzea ere gustatzen zait. Askotan aktoreei gertatzen zaiguna da bakarrik hizketan joango bagina bezala joaten garela kalean pertsonaia errepasatzen, eta bat-batean telefonoa hartzen dugula, modu batean disimulatzeko.

Zerk inspiratzen zaitu?

Bizi izandako guztiak. Urteetan irakurritakoak, entzundako musikak, lagunekin edukitako elkarrizketak eta bizitzan gertatzen den guztiak du eragina norberagan.

Telesail, antzerki eta zinean parte hartu duzu. Zein duzu gustukoen?

Ez da erraza haien artean aukeratzea. Baina, egia esan, hiruetatik antzerkia hautatuko nuke, eta, horren barnean, antzeztea edo produzitzea. Antzerkiaren barnean, ezingo nuke bietako bat hautatu, biak gustuko baititut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.