LaTaBalKa proiektuaren arduradunak

Nahikari Mora eta Ion Ander Somovilla de Miguel: «Pertsona sortzaileak gara, eta ez dugu geldi egon nahi»

Artea eta sormena Arabako txoko guztietara eramaten dituen tailer ibiltaria da LaTaBalKa. Morak eta Somovilla de Miguelek «esperientzien edukiontzi» gisa definitu dute.

Mora eta Somovilla de Miguel, LaTaBalKa karabanan. Analogikoan ateratakoa da argazkia. LATABALKA
Mora eta Somovilla de Miguel, LaTaBalKa karabanan. Analogikoan ateratakoa da argazkia. LATABALKA
unai etxenausia
2024ko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Nahikari Morak (Las Palmas, Espainia, 1982) eta Ion Ander Somovilla de Miguelek (Gasteiz, 1977) zaharberritutako karabana bat da LaTaBalKa, eta tailer ibiltari bat ere bai, kontzientzia sozialaren bidez sormena, esperimentazioa eta berrerabilera sustatzea helburu duena. Argazki jarduerak eta konponketa tailerrak egiten dituzte bertan. Era berean, herritarrak gonbidatzen dituzte beren argazki laborategira euren filmak eta argazki zaharrak eramatera, nola dauden ikusi eta lehengoratzeko modua aztertzeko.

Nola sortu zitzaizuen argazkigintza LaTaBalKa proiektu ibiltariarekin uztartzeko ideia?

ION ANDER SOMOVILLA DE MIGUEL: Herri txikietara eraman nahi genuen kultura. Hirian errazagoa da eskaintza zabala aurkitzea, baina herrietan ez da hain erraza. Niri asko interesatzen zitzaidan kultura hara eta hona eramateko edukiontzi ibiltari moduko bat sortzea.

NAHIKARI MORA: Sortzailea da Ion Ander, eta gauza harrigarriak sortzen ditu birziklatutako materialekin. Ni argazkilaria naiz, eta nire ametsa betetzen ari naiz proiektu honekin: karabana zaharra, errepidea, elkarlana... Gozatu egiten dugu proiektu honekin. Era berean, laborategi eramangarriaren funtzioak erakartzen du gehien LaTaBalKaren arreta, baina esperientzien edukiontzi bat dela esango nuke.

LaTaBalKak argazkigintzaren eta zinemaren inguruko esperientziak hurbiltzen ditu, ala hori baino gehiago da?

MORA: Kultura sustatzea da asmoa, argazkigintzatik harago joanda. Bestelako ekintza batzuk ere egin izan ditugu. Hondatutako objektuak edo erabiltzen ez direnak konpontzeko eta berrerabiltzeko topaketak eta tailerrak, esaterako.

Nola erantzun dute orain arte LaTaBalKa ezagutu dutenek?

SOMOVILLA DE MIGUEL: Arabako hainbat herritara joan gara. Egia esan, jendeak asko gozatu du esperientziaz: barrura sartu dira, dibertitu egin dira... Jendeak gozatu egiten du karabana barruko irudiak nola sortzen diren ikusita. Adin askotako jendea bildu da, gainera.

MORA: Jarduera bat baldin badago, badakigu giroa sortuko dela. Herri batzuetan beste batzuetan baino jende gutxiago etorri da, baina pixkanaka proiektua gero eta ezagunagoa bihurtzen ari da. Tresnak eramaten ditugu jendeari irakasteko etxean duen apurtutako zerbait konpontzen, eta buelta bat ematen diegu erabiltzen ez diren objektu eta materialei. Piezak berrerabili eta beste objektu bat sortzen dugu.

Noiz erabaki zenuten proiektuan hastea?

SOMOVILLA DE MIGUEL: Argazkigintza eta bidaia uztartzeko ideia beti egon izan zen Nahikariren buruan, argazki prozesu analogikoetan espezializatutako artista bat izan baita beti.

MORA: Proiektuak joan den udan egin zituen lehen urratsak. Ion Anderri, berriz, asko gustatzen zaio ikertzea eta era guztietako gailuak erabiltzea. Talde ona osatzen dugu, eta amets bat betetzen ari gara. Lotura horretatik sortu zen laborategidun kamera gurpildun bat eraikitzeko karabana bat deseraikitzeko ideia. Next Generation Europako funtsei esker gauzatu genuen ideia hori.

Proiektuak ez du etenik, eta betetzen ari zaizue aurtengo agenda...

MORA: 2024rako egutegia ez dago itxita, baina agenda betea izango dugu berriro, eta beste herrialde batzuetara eraman nahi dugu Arabako hainbat herritan izandako esperientzia. Zaragoza [Espainia] eta Bartzelonarekin hizketan ari gara, baina oraindik goiz da iragartzeko; ez dago mugarik, dena ezagutu nahi dugu.

Dena ematen al dizue karabanak?

SOMOVILLA DE MIGUEL: Murgia, Mendoza, Lagran [Araba]... horiek ezagutzeko aukera eman digu karabanak. Arabako herrietan ibili gara orain arte, baina Europa osoa zeharkatu nahi dugu.

MORA: Zalantza barik. Ez gara geldi egotekoak: mugimendua gustatzen zaigu. Pertsona sortzaileak gara, eta ez dugu geldi egon nahi.

LOTSABAKO

Hitz bakarrean, nola definituko zenukete proiektua?
Lorcaren La Barraca teatro konpainiarekin lotura duela uste dut.

Bisitatu nahi duzuen leku bat?
Urbasako basoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.