Urruñako Kiroletako hautetsia

Mattin Rafu Ruiz de Alda Laaksonen: «Pertsona erromantikoa naiz; maite dut nire abenturen istorioak kontatzea»

Urruñatik Alemaniako Sulzbach am Main herrira joateko bidea hartuko du Rafu Ruiz de Aldak bizikleta gainean, bi herrien arteko senidetzaren 45. urteurrena ospatzeko. Heldu den asteartean abiatuko da, Urruñako herriko etxetik.

Matin Rafu Ruiz de Alda Laaksonen, Urruñako pilota plazan, astelehenean. PATXI BELTZAIZ
Matin Rafu Ruiz de Alda Laaksonen, Urruñako pilota plazan, astelehenean. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
Urruña
2025eko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bigarren Mundu Gerraren ostean, Urruña (Lapurdi) eta Sulzbach am Main (Alemania) herriek senidetze bat plantan ezarri zuten, herrialdeen arteko tentsioak lasaitzeko. Aurten, senidetza horrek 45 urte beteko ditu. Urteurrena ospatzeko, Mattin Rafu Ruiz de Alda Laaksonen komertzial eta Urruñako Kiroletako hautetsiak (Iruñea, 1986) bizikleta hartu eta zortzi eguneko bidea eginen du. Bakarrik egiten ditu usaiako ibilbideak, baina aitarekin egingo du aurtengo «abentura» berria. Heldu den astearte goizean abiatuko da, Urruñako herriko etxetik.

Zergatik erabaki duzu Sulzbach am Mainera joatea?

Urruña eta Sulzbach am Main herrien senidetzeak 45 urte bete ditu aurten. Bigarren Mundu Gerraren biharamunean, Frantziak eta Alemaniak erabaki zuten herrien arteko senidetzeak plantan ezartzea beren arteko harremanak hobetzeko. Eta gauza da Sulzbach am Mainkoek Urruñarekin senidetzea egin zutelarik ohartu zirela Urruña ez zela guztiz Frantzia, eta bazela beste hizkuntza bat, beste kultura bat, beste bizimodu bat. Beraz, apirilaren 15ean, 08:30ean, Urruñako herriko etxetik abiatuko naiz, Alemaniarantz.

Zure aburuz, senidetze horrek zer ekartzen dizue zuei, eta zer ekartzen die haiei?

Urruñako zinegotzi bezala, harrotasun handiz ikusten dut laguntasun horrek nola segitzen duen gaur arte: hango biztanleak Urruñara heldu dira, eta alderantziz, gu haien herrira. Argi ikusten dut ez dela momentua harreman berriak erosteko edo eraikitzeko, baizik eta jadanik ditugunekin zubi gehiago eraikitzeko. Badakit erraza dela hori esatea, eta egitea ez dela hain sinplea, baina uste dut tentsiopean diren herrialdeek hori egin balute ez liratekeela hainbeste gatazka izanen. Horrelako sistemak jarriz, jendea ohartuko da denak gizakiak garela, baina kultura desberdinekin, hizkuntza desberdinekin... eta horiek guziak errespetatzen baditugu dena hobeki joango litzatekeela. Trukaketa horrek asko hunkitzen nau.

Ez da zure lehen bidaia izanen, ez eta azkena ere, ezta?

Egin nuen lehen bidaia luzea Urruñatik Finlandiara izan zen, amaren herrialdera. Baina, zinez, pixka bat lehenago hasi zen dena, Euskal Herriko itzulia egin nuelarik; probintzia bakoitzeko hiriburutik pasatu nintzen sei egunez. Bost egun geroago, Finlandiara joan nintzen. 2019an, Laponiako itzulia egin nuen negu erdian; beraz, -20 eta -10 graduko tenperatura izan nuen. Hotzarengatik arazoak ukan nituen: pedalak hautsi zitzaizkidan; etxera itzuli behar izan nuen. 2022an, Greziara joan nintzen, eta Peloponesoko itzulia egin nuen, Olinpiar Jokoen garaia baino lehen. Eta aurten, Alemaniara joateaz gain, nahiko nuke Olinpo mendira igo.

Zerk eman zizun horrelako desafioak egiteko gogoa?

2010ean, bizikleta istripu bat ukan nuen; kasik hil ninduten. Hilabetez ospitalean egon nintzen, eta hiru hilabetez egon nintzen ibili ahal izan gabe. Bost urte berantago, erabaki nuen amaren herrialdera joatea, nire hanken indarrarekin. Ama galdu nuen hamar urte lehenago, eta bost urte geroago istripua ukan nuen. Nire gaitasun eta indarren errekuperatzea ospatzeko joan nintzen. Finlandiara iritsi, eta han egon nintzen bederatzi hilabetez, eta finlandiera berriz ikasi nuen. Hortik geroztik, abenturak segitzen ditut.

Alemaniarako bidaia aski berezia izanen da, aita zurekin joango baita.

Hasieratik, bakarrik egin ditut bidaiak. Baina aurten norbait behar nuen nire puskak eramateko. Lagunik ez dut atzeman, eta prest egon den bakarra aita izan da. Aitak 80 urte ditu; oso hunkigarria egin zait.

Heldu den astean abiatuko zara. Azken momentuko arazorik ukan ote dituzu?

Bai. Azken hiru asteetan entrenamenduak utzi behar izan nituen, abzesu bat ukan baitut hanken artean. Abzesuarengatik, ezin nintzen zutik jarri. Medikuak antibiotikoak eman zizkidan. Zorionez, lasaitu zait. Oraindik hemen dut, baina ez dut gehiago minik. Hiru astez trebakuntzak uzteagatik, sasoia erabat galdu dut. Joan den astean berriz hasi nintzen, eta pixkanaka berreskuratzen ari naiz.

Eta azken momentuko kezkarik baduzu?

Nire kezka handiena hori izan da, hanken arteko arazoa. Bidaia hasiko dudalarik, ez dakit nola bilakatuko den. Baina ez badut lortzen, min handia badut, ez diot neure buruari presiorik jarriko. Eta edozer dela ere, gelditu behar badut, geldituko naiz. Jakin beharko dut gelditzen. Garrantzitsuena entseatzea da. Eta, horrez gain, espero dut nire aita ongi izanen dela. 80 urterekin, ez da oso sasoiko, eta bera ere zaindu beharko dut. Etxean zaintzen dudan bezala, bidaian ere zaindu beharko dut. Horrek ere presio pixka bat ematen dit.

Bidaia oro istorio bat kontatzea maite duzu, ezta?

Bai. Pertsona erromantikoa naiz, eta maite dut nire abenturen istorioak kontatzea. Abenturak ukaitea ongi da, baina, ez badut deus gibelean kontatzeko, iruditzen zait zerbait eskas dela. Abentura berriek biziarazten naute. Beti esaten ari naiz bizikletak kasik hil ninduela, baina horrek nau biziarazten. Ez banu bizikletarik eginen, ez nintzateke hain uros izanen, ez nintzateke zoriontsu izanen.

LOTSABAKO

Bizikletan ibiltzeko eguraldi onena?
27 gradu, eguzkiarekin.

Finlandiako leku bat?
Hirvijarvi lakua, Seinajoki hirian.

Bizikleta ez den kirol bat?
Triatloia. Korrika eta igeriketa. Korrika egitea gustatzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.