Espazioaren esplorazioa

'Perseverance' nola marteratu zen, bideo ikusgarri batean

NASAk argitaratu egin du 'Perseverance' ibilgailua Marteren azalera eramateko azken minutuen bideoa, gailuaren kamerek harturiko irudiekin eginikoa. Lehen aldiz jaso da planeta gorrian eginiko lurreratze bat bideoan.

Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 23a
11:34
Entzun

 NASA AEBetako Espazio Agentziak inoiz ikusi gabeko bideo bat argitaratu du. Horretan, gertatu ahala eta kalitate handiz ikusten dira Perseverance ibilgailua Marteren azalera eramateko prozesuaren azken minutuak. Gailuaren kamerek harturiko irudiak dira.

Jaitsieraren urrats guztiak ikusten dira: jausgailua nola zabaltzen den, Marteren atmosferan abiada handiz sartzeak sortzen duen bero handitik ibilgailua babesteko pieza nola askatzen den, nabigazio sistema automatikoak zer mugimendu egiten dituen lurreratzeko leku egoki bat bilatzeko eta gailua hara eramateko... Eta, azkenean, motorrak nola pizten diren, gailua geldotzeko, eta ibilgailua kable sistema batekin zein leun jaisten den, Marteren azalean uzteko.

Otsailaren 18an heldu zen ibilgailua planeta gorrira. Hura zeraman espaziontzia orduko 19.500 kilometroko abiaduran iritsi zen Marteko atmosferara; atmosferan sartzean, 1.300 gradu inguruko tenperatura jasan behar izan zuen. Azkenean, orduko 2,7 kilometroko abiaduran lur hartu zuen.

Gailuak eginiko lehenengo argazkia heldu eta minutu gutxira ikusi ahal izan zen, baina bideoa bidaltzeko askoz denbora gehiago behar izan du, askoz datu gehiagorako transmititu behar direlako bideo bat osatzeko. Martetik bidaltzen duen informazio unitate bakoitzak 11 minutu eta 22 segundo behar ditu Lurrera iristeko.

Gailuak Marte ikertuko du datozen hilabeteetan; besteak beste, han inoiz bizia egon ote den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.