Iruñean 11 urte daramatza Munduko Medikuak elkartean lanean. Emakumeen genitalen mutilazioaren kontrako ekintzailea da, eta Nafarroako afrikar komunitatearekin egiten du sentsibilizazio, heziketa eta prebentzio lana. Lan ibilbide horrek, tarteka gogorra izan bada ere, ekarri du fruiturik. Eta aitortzarik: atzo, Nafarroako Gobernuak Karlos III.aren Gurutzea eman zion Fatima Djarrari (Bissau, 1968).
Nola hartu duzu Nafarroako Gobernuaren aitortza hau?
Oso kontent nago. Ohore bat da, lan hau oso zaila eta gogorra izan baita: pertsona eta emakume gisara, adorea izan dut emakumeen genitalen mutilazioari aurre egin eta horretaz hitz egiteko.
Aitortza horrek indarra eman dizu aurrera egiteko?
Jakina, adrenalina gorakada izan da. Gai hau astintzen jarraitzeko adorea ere eman dit; orain, harago begiratu behar dut, komunitate osoa sentsibilizatzeko.
Asko aldatu da zure herrialdea utzi zenuenez geroztik?
Jakina, Ginea asko-asko aldatu da. Globalizazio mundu honetan, teknologiak aurrera egiten du, eta hemen ez dauden gauza batzuk Afrikako hiriburuetan badaude. Mutilazioaren gaian ere aldatzen ari da, poliki-poliki, gazteekin lan egiten duten elkarteak baitaude. Unibertsitateko gazteek beste modu batera pentsatzen dute. Pobreziaren egoera errealari dagokionez, ez da hainbeste aldatu.
4 urterekin egin zizuten ablazioa. Zer oroitzapen duzu?
Besta bat gogoratzen dut, mutilazioa oso zabala baita, ez soilik mozketa fisikoa: besta, mugimendua, dantza... Emakumeen eta danborren doinuen laguntzarekin joan nintzen. Han, alaitasunetik izu-larrira pasatu nintzen. Mutilazioa anestesiarik gabe... Gogoan dut oihuka eta negarrez nintzela familiaren aurrean. Esan zidaten: «Emakume adoretsuek ez dute negarrik egiten». Kontua da hori egin zidatenak ere biktima direla, mutilaziotik bizirik atera diren pertsonak baitira. Beraz, ez ditut haiek gorroto; gizarte hori, sistema hori gorroto dut.
Ez da uneko mina, ezta? Zer ondorio izan ditu zure bizitzan?
Egun hartako min fisikoa pasatzen da, baina ondorengoa psikologikoki oso gogorra da. Sufritzen duzu lehenbiziko harreman sexualetik erditzeko momentura arte. Landu dezakezu, baina alderdi emozionala hor daramazu. Beti galdetzen diozu zeure buruari zergatik egin dizuten hori.
Zer eragin dauka norbere gorputzaren atalen bat mozteak?
Hori sufritu gabe ez zara emakumea; ezin zara gizarte horren partaide izan. Horrela hezi gaituzte. Baina konturatzen zarenean egin dutena gaizki dagoela, pentsatzen duzu: «Zergatik kendu didate neukan gauzarik ederrena?». Hori omen da emakume izatea, baina, emakume gisa, balio handia du kendu didatenak. Orduan, etengabeko kontraesanean nago, eta ez dakit zer pentsatu.
Seme-alabarik izan duzu?
Bai, 13 urteko seme bat dut. Jainkoari esker, hemen erditu nuen, zesarea bidez. Baina zoritxarrekoak medikuntza aurreraturik gabeko herrietakoek. Nire borroka eta kezka han dauden andreengatik da: sentsibilizatu behar ditugu, beren gorputzak ezagutzera ailega daitezke, eta pentsamoldea alda dezakete. Asko ez dira lehen hezkuntzako seigarren mailara ere iristen, bizi dutenagatik. Tradizio horretan sufritzen duen bakarra emakumea da, baina nork bultzatzen du? Emakumeek berek. Gizarte patriarkalean gaude. Gizonei zakila moztuko baliete, aspaldi bukatua zen tradizio hori.
Zer arazo izaten dira sexu harremanetan?
Mutilazio motaren arabera. Askotan, baginaren sarrera ixten da, eta penetrazioa zaila eta mingarria da, baita gizonarentzat ere. Gero, andre gehienentzat oso zaila da plazera sentitzea klitoria moztuta. Lehenbiziko harremanetan oso zaila da plazer sexuala edo orgasmo bat izatea.
Horiek horrela, garrantzitsua da mutilazioa egin dioten norbaitekin hitz egitea?
Jakina baietz. Erakutsi behar diegu sexu plazera senti dezaketela, ez bakarrik klitoriaren bidez, gauza askoren bidez. Gainera, barnean ere sustraia du klitoriak.
Tradizioak aldatzea asko kostatzen da nonahi. Molda liteke emakumeen eskubideak urratzen dituen zatia kenduta?
Jakina, hori egin behar da. Andreen eskubideak urratzen dituen zatia ken dezakegu, eta benetako tradizioari eutsi: dantza, heziketa, bazkaria... Gauza asko irakasten ahal ditugu inori zauririk txikiena ere egin gabe. Horretarako, emakumeen alfabetatzea eta ahalduntzea landu behar dira.
Gaztetan, nolatan joan zinen Kubara ikastera?
Portugalen, kolonialismoaren kontrako askapen gerran, herrialde sozialisten laguntza genuen. Gerra bukatzean, ez zen profesionalik; herri sozialistek garapen bidean ziren Afrikako herrien hezkuntza sustatu zuten. Ikasketak bukatuta, sorterrira itzuli behar genuen; herria eraiki.
Kuban bestelako giro bat zegoen? Nola bizi izan zenuen?
Esperientzia ederra izan zen. Kuban ikusi nuen emakumeek eta gizonek lan berak egiten zituztela, baita kirol berak ere. Ikasi nuen zer zen askatasuna, eta pentsatzen nuena esan behar nuela. Nire herrialdera itzuli nintzenean, horrek asko lagundu zidan, ez bainintzen emakume sumisoa.
Zertan aritu zinen lanean?
Ministerioan aritu nintzen hamabost urtez. Eraikuntza materialetan espezializatu nintzenez, Ginea Bissauko Ingeniaritza Zibileko laborategian ibili nintzen, eraikuntza zibileko ikuskatzaile.
Noiz erabaki zenuen herrialdea atzean uztea?
Nire senarra hil zen, eta bide berri baten bila atera nintzen, oso zaila zelako etxe berean nire familia politikoarekin bizitzea. Belgikan urte bat egon nintzen, eta gero Bilbora etorri nintzen, ahizparen ondora. Munduko emakumeen elkarte batean sartu nintzen, eta han hasi nintzen ablazioaz hitz egiten. Harriturik geratzen ziren denak. 2008an hasi nintzen Munduko Medikuen elkartean, gai horri buruzko proiektuan lanean. Ez zen erraza izan. Afrikako populazioarekin lan egitea oso zaila zen; iraindu eta mespretxatu egiten ninduten, batez ere gizonek. Baina kontua hobetuz joan zen.
Zergatik iraintzen zintuzten?
Batzuek errezeloa zuten. Mutilazioaren gaia ezin da ukitu; ezin da horretaz hitz egin. Beraz, zergatik ari da andre bat emakumeek hitz egin ezin dezaketen horretaz solasean? Edo pentsa gizon batekin horri buruz hitz egitea. Beren tradizioaz gaizki esaka ari den pertsona bat nintzen haientzat.
Gai horiei buruz hitz egiteko beldurra izan zenuen hasieran?
Jakina; uztekotan ere izan naiz. Baina bihotzeko beste zati batek esaten zidan ezetz. Irainak ezjakintasunagatik ziren. Lehen horrela pentsatzen nuen nik ere; beraz, haien tokian jarri behar nuen.
Zure familian nola hartu zuten zure ekintzaile lana?
Hasieran, batzuek oso gaizki. Afrikan, 40 urtetik aurrera, andre zaharra zara, eta ulertezina da emakume zahar batek gauza intimoez hitz egitea. 2014an, liburua atera nuen, eta hara joan nintzen. Adorea izan nuen esateko haiek ados egon zein ez, lan egin behar nuela; batzuek babestu ninduten. Egun, inork ez dit kontra egiten.
Ginean aurrera egin da?
Badaude mutilazio genitalaren kontrako legeak, badaude borrokak eta badaude sentsibilizaziorako elkarteak. Baina arazoa da legeak ez direla betearazten. Gainera, herrietan oso barneraturik dute haien kultura dela.
Zein dira gakoak zure lanean?
Afrikar komunitatearekin lan egiteko erabateko pazientzia behar da, eta beste ikuspegiak errespetatzen saiatu behar duzu. Bestalde, ezin zara inoren gainetik egon; berdinetik berdinera hitz egin behar duzu. Enpatia behar da, eta haien arazoak aditu, oso gai konplexua baita. Kultura ezagutzeak asko laguntzen du, noski.
Hamar urte daramatzazu Iruñean. Zer bilakaera ikusi duzu?
Sekulakoa. Hasieran, inor ez zen mintzatzen honi buruz; orain, bai. Emakumeek fundazio bat sortu zuten gai hori lantzeko; ahaldundu diren emakume batzuk Madrilera doaz horretan lan egitera, eta herrialdera itzuli direnek deitzen dute laguntza eske. Gizon afrikarren talde bat dugu orain. Aurrerapauso handia da hori.
Lan honetarako beharrezkotzat jo duzu pazientzia. Edozein aktibismorako da beharrezkoa?
Ezinbestekoa, denetarik adituko baituzu. Baina baita administrazioan ere; sekulakoak aditu ditut nik.
Ablazioa bukatuko da? Denbora kontua da?
Bai, noski. Belaunaldi berriek iraganean hitz eginen dute mutilazioaz. Afrikar populazioa hasi da kontzientzia hartzen. Hemen hasi duguna han bukatu behar dugu orain. Nire lanaren hurrengo aitortza nire herrialdean izatea nahi dut, baina horretarako babes handia behar dut.
Hara joateko prest zaude?
Bai. Ez naiz erabat itzuliko, hemen seme bat baitut, baina gertatzen den tokian landu nahi dut gaia; hor irabaziko dugu bataila. Indarrak bildu behar ditugu han, legeak betearazteko eta emakumeak ahalduntzeko.
Arrazakeriaren kontrako eguna izan da hilaren 21ean. Nolakoa da egoera? Zer egin behar da?
Uste dut immigrazioaren kontrako gorrotoa zabaltzen ari dela Espainian. Politikariek diskurtsoak eta pentsaerak aldatu behar dituzte; immigrazioa ez da pribilegio bat, eskubide bat da.
Zer sentitzen duzue horrelakorik aditzen duzuenean?
Umiliazioa, amorrua eta inpotentzia, ezin duzulako deus egin. Baina ez diegu utziko gurea dena ken diezaguten.
Etorkinen kontrako erasoak handitzen ari diren honetan...
Asko, gainera.
...kalean antzeman duzue diskurtso horien eragina?
Bai, bai, noski. Nafarroan, kalean eta tabernetan, jendeak diskurtso hori hartzen du. Batzuek esaten dizute: «Baina zu ez». Nola ni ez? Ni ere banago afrikar etorkinen zakuan. Orain, gu ez gara inongoak: gure herrialdean espainiar deitzen gaituzte, eta hemen, etorkin. Belaunaldi berriek asko sufrituko dute hemen diskurtso horrek jarraitzen badu.
Bertakoak ez zaizkio irekitzen etorkinen komunitateari?
Uste duzue guk integratu behar dugula, baina zuek ez gaituzue integratzen. Denak berdinak bagina, gizarteak erantzunen luke halako diskurtsoen aurka, baina kanpokoen aferatzat duzuenez, jendea etxean geratzen da. Hasieran, nafarrak pixka bat urrutikoak dira. Kanpoko inor ezin da sartu kuadrillan. Batek daki zer ibilbide egin behar den, edo zein diren betebeharrak, ez baita batere erraza.
Fatima Djarra. Emakumeen genitalen mutilazioaren kontrako ekintzailea
«Pentsatzen duzu: 'Zergatik kendu didate neukan gauzarik ederrena?'»
Ablazioak goitik behera eragin du Djarraren bizitzan, eta lanean ari da horren kontra. Esan du Nafarroako Gobernuak bere ibilbidea aitortzeak indarra eman diola lanean jarraitzeko. Orain, Ginea Bissaun ere egin nahiko luke lan hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu