ATZEKOZ AURRERA. Aloña Braceras. Alboan GKEko Hezkuntza teknikaria

«Pentsatu behar dugu zer kontsumo egiten dugun»

Bracerasek ohartarazi du Kongon ustiatutako mineralak dituzten telefonoak erosita Afrikako herrialdean gatazka armatua sustatzen dela.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2016ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Askotan konturatu ez arren, alde iluna dute egunero erabiltzen diren teknologiek. Haiek garatzeko erabilitako mineral asko Kongoko Errepublika Demokratikoan ustiatzen dira; baldintza gogorretan, eta usu talde armatuen kontrolpean. Gatazka sortu du horrek, Bigarren Mundu gerraz geroztik hildako gehien eragin duena: bost milioi herritar. Gatazkarik gabeko teknologiaren aldeko kanpaina batean lanean ari da Alboan. GKEko Hezkuntza teknikaria da Aloña Braceras (Hernani, Gipuzkoa, 1978).

Nola jakin norbere eskuko telefonoa gatazkarekin lotua dagoen?

Oso zaila da jakitea; trazabilitatea ez da argia. Bultzatzen ari garen kanpainaren bidez, Europa mailako legedi bat sortu nahi dugu, enpresen betebeharra izan dadin azaltzea sakelako telefonoak osatzen dituzten mineralen jatorria. Kongotik ateratzen diren mineral asko —tantaloa, urrea, wolfram eta eztainua— talde armatuek kontrolatutako meatzeetatik datoz. Ruandara eta Ugandara ateratzen dituzte kontrabando gisa, eta Asiako galdategietara bidaltzen dituzte. Han, beste tokietako mineralekin nahasten dituzte. Europako legeria egongo balitz, enpresek azaldu beharko lukete nondik hartzen dituzten mineralak. Hori ez da puntu beltz bakarra: muntatze lanetako lan baldintzak eta sortutako zabor elektroniko kopurua ere kontuan izan behar dira.

Espero al duzu hori jasoko duen Europa mailako legedi on bat?

Europako Batasunean hiru organo daude: Batzordea, Kontseilua eta Parlamentua. Parlamentuak derrigortasunaren alde bozkatu zuen 2015ean. GKE guztiak onerako harritu ginen. Baina parlamentuaren bozketaren ondoren, trilogo batean elkartzen dira hiru organoak, eta badirudi azkenean ez dela guztia izango derrigorra: soilik meatzea eta fundizioa azaltzea.

Zer da gatazkarik gabeko teknologia?

Bermatzea ez dela talde armaturik babestu, ez dutela etekinik. 60 urteotako gatazken %40k zerikusia izan dute baliabide naturalekin.

Zein baldintzatan ustiatzen dituzte mineralak Kongon?

Kongoko Errepublika Demokratikoa oso handia da. Meategiak ekialdean daude, Ipar eta Hego Kivun. Batzuk irekiak dira; besteak, lur azpikoak. Eskuekin lan egiten dute; ez dute makineriarik. Ez dago azpiegiturarik edo ibilgailurik; gizonek eta emakumeek eramaten dituzte mugara. Baldintza gogorretan egiten dute lan, talde armatuen kontrolpean. Talde horiek armak erosten dituzte etekinekin.

Konturatzen al da jendea egunero erabiltzen duen teknologiak horretan guztian duen eraginaz?

Ez gara kontziente egoera iraultzeko nolako indarra izan dezakegun kontsumitzaile gisa. Enpresek dirua lortzen dute guk kontsumitzen dugulako. Kontsumo arauak eskatzen baditugu, behartuta daude.

Arduragabekeriaz jokatzen da?

Pentsatu behar dugu zer kontsumo egiten dugun. Askotan urtebetera aldatzen dugu sakelakoa, kontuan hartu gabe atzean duen giza gastua. Zaharkitze programatua existitzen da; beraz, telefono batek hamar urte iraun dezakeen arren, bi urte irauten du. Enpresen esku dago, baina badago beste zaharkitze mota bat: psikologikoa; marketinaren bitartez, estutu egiten gaituzte. Kontua ez da eskuko telefonorik ez erabiltzea, baina arduratsuak izan behar dugu.

Zer egin dezake norberak?

Animatuenak bere konpainiari exijitu diezaioke gatazkarik gabeko telefonoa nahi duela. Bestela, kontsumo arduratsua egin dezake: bi aldiz pentsatuta sakelako baten atzean zein giza eta natura gastu dauden. Eskuko telefonoa aldatu behar badu, leku egokietara bidali behar du, birziklatzeko.

Telefonoa birziklatuz gero, erabil daitezke berriro mineral horiek?

Baldintza egokitan birziklatuz gero, eskuko telefono baten %90 berreskura daiteke.

Ba al dago gatazkarik gabeko telefonorik?

Herbehereetako mugimendu sozial batek enpresa bat eratu zuen: Fairphone. Telefonoa egiteko prozesu osoa aztertzen dute, giza eskubideak betetzen direla bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.