Adin fisikoari muzin egin gabe, boz gazte eta alegeraz hartzen du bizia Gabi Etxebarnek (1932, Aldude, Nafarroa Beherea). Berriz egitekotan errepikatuko ez lukeen bizi sufrituak ez baitio kendu bizipoza. Erlijioak baldintzatu zion norabidez aldatzea erabaki zuen bide erditsutan: serora misiolaria izateari uko egin baitzion, baina ez zion borroka sozialei sinesteari utzi. Tolosako (Okzitania) etxe xumean Laoseko Lao Theung populuak eho zion oihalak, konparazione, salatzen du bere ibilbidea: beharretan zirenei laguntza ekarri baitie beti, izan Argentinan, Laosen edota Tolosan. Etxebarne «berriz sortu» da aurten; Aldudetik mundura (2021, Maiatz) autobiografia izkiriatzearekin, berreskuratu baitu euskara; Gexan Alfaro eta Pantxika Erramuzpek akuilaturik; «mirakulu» bat dela aitortu du.
Liburuak «berriz sortu» zaitu?
Mirakulua da. Uste bainuen ahantzia nuela euskara. Baina emeki-emeki dena heldu zait, hiztegia lagun. Euskaraz ene sentimenduak jiten dira gehiago ene bururat eta bihotzerat. Hunkigarriak dira, zeren eta euskaraz baitira. Ezin dut esplikatu.
Sufritu duzuia euskara debekurik?
Eta nola! Jende franko bezala zigortuak ginen. Izugarria zen: euskaraz ari zen haurrak makila errezibitzen zuen, eta hala ari zen ondokoari pasatu behar zion; eguneko azkenak zigorra biltzen zuen. Zer pedagogia!
Zein zen zigorra?
Pankarta bat eraman beharra genuen lepotik dilindan, baina ez naiz oroit zer izkiriatua zen. Eta, behar genituen kopiatu testu batzuk biharamunerako.
Etxean zer zioten horretaz?
Deus ez. Gurasoendako errientsak eta apezak jainkoak ziren, eta ezin genituen sekulan kritikatu.
Eskola «librea» -katolikoa- «infernua» izan zela diozu.
Asko sufritu genuen: garrasika ari zitzaizkigun eta joka.
Nola ziren zuri eta gorrien arteko harremanak Alduden?
Ez zen anitz gorririk. Baina haiek eta guk ez genekien zer ziren komunistak. Funtsean, elizarat ez zihoazenak ziren: aduanak-eta.
Baduzu Jean Etxepare medikuaren berri?
Eta nola! Badu plaka bat, baina ez nuen ezagutu.
Dufilho medikua bai, ezta?
Hartaz maitemindua nintzen! Behorrez edonora zihoan, ederra da egin zuena, apendizitisaz ebakuntza egin izan du sukaldeetan!
Aitak tenor boza zuen, ama, berriz, harmoniumean ari zen. Belarri onekoa zarea?
Esnazuko [Aldude] kaperarat abian zen ama, igande guziez, harmoniuma jotzeko eta kantuen laguntzeko. Egun batez, aita ere hara joan zen obrak egitera. Orduan, ama ardura bertaratzen zen, baina ez zuen harmoniuma maite, baizik eta gure aita! Alta, aita ez zenez «aski giristinoa» ukatu zieten ezkontza. Ororen buru, ez zenez deus egiterik, onartu zieten.
Justuki, liburuan aipatzen duzu erlijioa onartu ezean, «neke handiko mundu bat» hasten zela.
Erlijioa esklabotza zen! Denek kritikatzen zuten ama, zeren tribuaren amodioa ez baitzuen gehiago. Alta, guretzako izugarri inportantea zen tribua. Zer erokeria: tribuaren amodioagatik sartu nintzen komentuan. Uste nuen sufritu ondotik munduan barrena abiatuko nintzela. Biztanleen %8 apez edo serora ziren.
Maite zenuen tribuarengandik urrundu zinen.
Komenturako bidean, geltokian, pentsatu dut: «Arrunt zozoa haiz!», ene mala ikusten nuen, estalkiekin: «Bizitzako zozokeriarik handiena egin dun!». Negar eta negar hasi nintzen!
Sufrituagatik, segitu zenuen.
Bainekien ondotik joan ahal izanen nintzela eta uros izanen.
Erlijioak markatu dizu bidea, ez zena bertze gisaz posible?
Mundua ezagutu nahi nuen. Eta senarra hartzekotan, emazteak esklabo ziren etxean. Bizimodu izugarri gogorra zen. Amodioa bai, baina ez hola. Biak ezin ziren.
Debekatua zenuten dantzatzea.
Bekatu mortala zen!
Eginez gero?
Zigortuak ginen jende ororen aitzinean: elizan harmoniumaren ingurutik uxatzen gintuzten, eta emazte esposatuengana igortzen. Herriak baztertuak ginen.
Gertatu izan zaizu?
Eni ez. Baina Garazin ahizpa eta biok dantzatu genuen, eta aldudar batek salatu gintuen. Apezarengana joan nintzen arranguraturik, baina erantzun zidan futitzen zela! Alemanian ibilia zen kontzentrazio esparruetan, bazuen zernahi sufrikario ikusirik. Alduderat itzuli ginen alegia deus ez.
Betidanik feminista izan zarea?
Bai, Euskal Herrian emaztearen lekua garrantzitsua bazen ere, gizonari utzi behar zitzaion lehen lekua, hark manatuko balu bezala. Ez nuen hori jasaten ahal. Alta, besteak bezalakoa nintzen: pentsa zer kuraia enea; komentuan sartu nintzen ene tribuarengandik eskapatzeko. Ze zozokeria!
Berriz egitekotan, ez zenukeen berdin eginen orain?
Ez eta pentsatu ere!
Komentua sufri bidea, ezta?
Anitz. Izkiriatzen ari naizen liburuan denak kontatuko ditut.
Zer adibidez?
Dolores gure nagusiak serorak bere sehitzat zeuzkan, nahi zuena eginarazten zien. Erlijioaz futitzen zen, eta bidaian zegoen beti, hotel hoberenetan.
Uztaritzeko komentuan zinen gerla denboran.
Hamar kiloz mehetu nintzen, goseak ginen; alta, Dolores Nagusiak egunero manatzen zuen menua. Guk ogi beltza genuen, garagar txigortu kafea eta esne gain gabetua; osoa bakarrik Doloresek eta bere xakurrak zuten! Gauero beterraba eta bexamela.
Ogi beltz hori nolakoa zen?
Zahiz egina; zeinen txarra zen. Egunka xerra bakarra genuen. Zernahi sufritu dugu.
«Gune libreko» bakantzetako ogiak ez zukeen gustu bera...
Zuria zen bai, zeinen ona! Amatxi eta aitatxiren etxea zen, Baskazanen [Ahatsa-Altzieta-BazkazaneNafarroa Beherea]. Arno sorta bat ere ematen zigun: «Ez dixi kalterik egiten!» zioen.
Alemanekin nola bizi zineten?
Ez dugu sufritu. Kontrabandoan ari ginen, baina arazorik gabe.
Nola ari zineten?
Furgonetan bi kutxa zituen aitak, eta haietan garraiatzen zituen puskak, adibidez, Elizondon [Nafarroa] erosi dantela eta kafea, Aldudetik Baionarat zeramatzan, Hotel des basques-erat. Ahizpak eta biok etxe inguruak zaintzen genituen, gazteak heldu baitziren pusken xerka. Beharrik alemanek bota azantzadunak zituztela; hun metrotan lasterka abiatu nintzen abisatzerat, gazteak gibeleko oihanerat eskapatu ziren, baina orduan erori ximixtek dena agerian uzten zuten! Ai ama! Uste genuen atzemanak ginela. Baina alemanak ostatu batean sartu ziren deusetaz ohartu gabe!
Buhameak ere bisitan heldu zitzaizkizuen frankotan.
Donibane Garazi eta Donazaharre artean bazen tribu bat, La Madalena tokian. Kasik astero heldu ziren Alduderat, eta arbolen pean etzaten ziren, kaderak eta bertze egiten zituzten. Baina ohoinak ziren, jan eta bizi behar baitzuten. Ez ginen biziki gisakoak haiekin.
Zergatik?
Haietaz trufatzen baikinen. Urtatsez jiten zitzaizkigun: «Urte on desiratzen dautzut osagarri on batekin. Ekar ezazu sosa!», euskaraz. Sos pixka bat, arraultzak eta xingarra ematen genizkien.
Marijane Minaberrik landu zuen gaia. Nolakoa zen bera?
Anitz zekien; Bankako [Nafarroa Beherea] olaren historiaz eta bertze; langileen lurpeko lan hura arras dorpea zen, orgak pusatuz. Kantu eta ipuin ederrak utzi dizkigu, anitz zinez irrigarriak!
Eta Piarres Lafitte, nolakoa zen?
Filosofiako irakaslea izan nuen. Mugazain baten semea zen. Bazuen usaiaz kanpoko inteligentzia. Alemanen arma berrien izenak ezagutzen zituen!
Euskaraz ikasi zenuen deusik?
Ez, ikasketak oro frantsesez.
Uztaritzetik Tolosa (Okzitania) ondorat joan zinen.
Zer oroitzapen txarrak! Gaztelu zahar horretan zero petik hamazazpi gradu neurtu izan dugu!
Harik eta berri ona jin zen arte.
Argentinarat igorri ninduten, haur trisomikoei katixima irakasteko, Parisen ikasi nuen pedagogia berritzaileari esker. Han libre ginen, Dolores nagusiaren atzaparretatik kanpo! Loriatu ginen! Lantegi babestua muntatua genuen: trisomikoek lan egin zezaten, soldata pean. Kontent ziren! Zioten beti: «Nik ere ahal dut». Zerbait irri egin dugu haiekin, izugarri alegerak baitira.
Jorge Videlaren diktaduratik gutigatik ihes egin zenuen, hala ere hurbiletik ezagutu zenuen...
Ene bizitzako saminik latzena izan zen. Frantziarat sartu nintzen baina Kati eta Leonie serora adiskideak han gelditu ziren. Torturatu e ta desagerrarazi zituzten, 1978an. Alta, Videlaren seme trisomikoaz eta alabez arduratu ziren. Gizakia barbaroa da.
Hainbat miseria ikusirik, beti sinesten duzua jainkorik baden?
Ene dudak baditut.
Eta deabrurik?
Deus ez dakigu, mundua misterio bat da. Denak gara munduaren parte, arbolak, animaliak... baina deus ez dakigu. Gero eta zaharrago, gero eta ez jakinagoa naiz.
Laoseko Lao Theung populuarekin bizi izan zinen.
Euskaldunak eta gizaki guziak lehenik izan ziren bezala, haiek ere animistak dira. Sinesten dute epilepsia kasuetan jenioak duela gorputza hartzen. Ez kutsatzeko, gorpua herritik at uzten dute.
Haien hizkuntza bazuten.
1975ean debekatu zieten komunistek: ez ziren bertzeak baino hobeak, laoseraz aritu beharrak ziren. Nik ere hura ikasi dut. Ehun bat hiztun baizik ez ziren.
Gerla denboran egona zara.
Lehergailuak noiznahi, haiengandik ihesi, 4L autoarekin jendea toki batetik bertzerat eramaten genuen. Ez ginen beldur, harro baizik, zer erokeria! Lapin, oilo, zerri, denak eramaten genituen! Etxoletan bizi ginen.
Nolaz utzi zenuen komentua?
Jean 23.a aita santuak nahi zuen serora eta apezak pobreak bezala bizi gintezen, gehiago komentuko sosik gabe. Ez genuen onartu. 42 urterekin sos bihirik gabe abiatu nintzen handik Tolosarat.
Salatu duzu Frantziako armadak Lao Theung populua bere alde bildu nahi izan zuela gerlarako.
Bai, elizak sostengatzen zituen frantsesak. Anitz misiolari kolonialistak ziren: ustez goragoko arrazakoak zirela, jendea esklabotzat daukate, peko gisa. Emazteok ere, sehien gisa hartzen gintuzten. Noela, Danielle eta hirurok apezei aitzi egiten genien. Hong Kongerat joan nintzen apezpikuarengana, erran zidan bere ondoan jartzeko, hurbiltzen ari zitzaidala, erran nion geldi! Sekulakoak egin dituzte. Ustelkeria!
Sindikalismoa, borroka berria.
Tolosarat itzuli, eta lanean hasi behar izan nintzen. CFDT sindikatuan sartu nintzen; igandetan lanean ez aritzeko, edo pantaila aitzinean lau oren baino gehiagoz... AC langabeziaren kontrako elkartean ere bai, behin Gasteizen manifestaziora joan ginen. Lanetik kanpo ezarri izan gaituzte, baina duintasuna sekula kendu gabe. Tolosako langile guziak mobilizatu genituen... Loriatu ginen, kantu eta antzerki artean.
Borroka sozialean kokatzen duzua euskal kausa?
Ez dut maite nazionalismoa, egoista zait, Hitler bezalakoa. Euskal Herria izugarri maite dut, oso harro naiz hartaz, baina ez diot sekula bakarra eta hoberena denik, arrazismoa baita.
Sufritu duzu euskara debekua.
Euskal Herriaren kontrako edozer salatzen dut, hori ere arrazismoa baita; baina ez dut jasaten ahal jendeari sinetsaraztea bertzeak baino hobeak garenik.
Bertzeak baino gutiago direa?
Bistan da ezetz! Ez du deliberatzen ahal. Murgiltze ereduaren kontrako hori arrazismoa da; borroka da bide bakarra. Arbonako okupazioa zoragarria izan da.
Diozu: «Bestearen ongi konprenitzeko behar da haren hizkuntza jakin, baina behar da haren kultura ere prezatu. Eta horrek denbora anitz hartzen du».
Hastapenan norberaren irakurgailuaren arabera ulertzen dugu, alta, auzoarena behar da, asko behatuz, galdetuz eta kultibatuz. Orduan has zintezke solasean, desberdina izanik ere. Ezberdintasuna aberastasuna da, hori dut ikasi Lao Theungtarrengandik eta argentinarrengandik, hain diren irekiak, dena ikasteko prest dira. Frantsesak beti frantses eta katolikoak dira.
Zahar gisa, koleran zarea?
Izugarri, zeren eta zaharrak abandonatuak baitira, haiekin zer egin ez baitakite, beraz, bakarrik uzten dituzte, ze bakardade handia. Abusu franko bada.
Nola beharko luke izan?
Borrokan ari izan bazara, egia eta justiziaren alde beti ukanen dituzu lagunak. Alta, asko bakarrik dira, eta medikuek ez diete lasaigarririk eman nahi. Nik nahiago dut burua galdu, baina sufritu gabe!
Gabi Etxebarne. Serora izandako borrokalaria
«Pentsa zer kuraia enea! Ene tribuaren amoreagatik sartu nintzen komentuan»
Gabi Etxebarnek bere burua deserriratu zuen, «tribuaren amoreagatik», baita harengandik ihesi ere; erlijioaren «esklabo». Kausa sozialaren alde aritu da borrokan munduan gaindi. Serora misiolari gisa lehenik, langile gisa gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu