SERIEA. Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV)

Pentagona

Kreta (Grezia). Bigarren saria jaso duen kronika. Nafarroako bost neskak iazko abuztuan Kretara egindako bidaia, haietako baten izebaren bizilekuaren eta hilobiaren bila.

4. Erritua. Lore sorta Matilda izebaren omenez, hilerrian. INTZA AGIRRE.
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Bakarrik abiatu nintzen Kretara. Kronos izan nuen bidaide busean, hegaldiaren itxaronaldian eta hegazkinean. Lagunak egun batzuk lehenago joan ziren.

Etxetik irten eta 22 ordu beranduago, Heraklionen dagoen Poseidon kalera nindoan taxista jator batekin. Apartamentua Jaungoiko honen erresumaren ondoan zegoen, Couvesen. Goizeko 04:30 ziren. Laguna esnatuko zen niri atea irekitzeko? Atarian eseri nintzen. Gau magikoaren erdian olatuen orroek iluntasuna ferekatzen zuten. Poseidon pozik zegoen seinale. Baita ni ere. Kronos agurtu eta mototsa heldu nion Kairosi. Unea goxatu nuen. Sehaskan nengoen, olatuen doinuak kulunkatua, dilin-dalan. Persefoneren itzala iluntasunean agertu zen arte. Bidaiaren lehenengo besarkada eman genion elkarri.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I). Ez diren lurraldeetan

Hurrengo goizean, Afrodita, Atenea eta Artemisa agurtu nituen. Thetys birbataiatu ninduten lagunek. Persefonek ederki ezagutzen zuen itsasoarekiko dudan lilura, eta Peleusekin ezkondu zen ninfaren izena aukeratu zuen niretzat. Afroditaren jatorria ere itsas aparrean dago. Gainontzeko izakiona bezala. Ozeanoen marinelen babesle eta Erosen ama izan zen, amodioaren eta desioaren jainkosa. Atenea Olympoko jakintsuena zen. Artemisak askatasuna maite zuen inor baino gehiago, eta ez zen inorekin ezkondu. Basoak zeharkatzen zituen animaliek lagunduta. Persefonek natura eta landaretza zaintzen zituen. Neguko hilabeteak lurrazpiko Hadesen igarotzen zituen, eta tarte hartan landaretza ere desagertzen zen lur azaletatik.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II): Arokatsuetatik Pazifikora, ibaien sare aldrebesean

Bost emakume, hau bai boteregunea. Pentagona bataiatu nuen nik taldea. Penta-gona.

Desira izan zen bidaiaren hazia. Persefonek izeba Matildaren azken urteak berreraiki nahi zituen. Bidaia Nafarroan hasi zuen berak: bere argazkiak sailkatu zituen eta izeba ezagutu zuen abokatuarekin harremanetan jarri zen.

Rhodia. Lore sorta Matilda izebaren omenez / Intza Agirre


Bartzelonan jaio zen Matilda, 1938an, eta Kretan hil, 2019an. Errepublikako «guardia de asalto» izan zen bere aita. Francoren garaipenarekin, buruzagiaren guardia armatua izatera behartu zuten. Aitak uko egin zion horri, eta Frantziara ihes egin behar izan zuten gurasoek. Nafarroako herri txiki batera bidali zuten alaba. Jatorri ezezagunera itzuli zen Matilda 6 urterekin, eta bertan birramonarekin, amonarekin eta horren alabekin bizi izan zen. Lehengusina horietako bat, Camino, Persefoneren ama zen. Ahizpak balira bezala hazi ziren elkarren ondoan.

Nafarroa-Suitza-Kreta

Matildaren gurasoak Nafarroara itzuli ziren hura nerabea zenean. Amaren eta alabaren arteko elkarbizitza ez zen erraza izan: bi izaera indartsuren arteko talkek txinpartak eragiten zituzten. Matilda bihurria zen eta ez zuen amaren agintekeria onartzen. Askatasun egarriak Bartzelonara eraman zuen berriro. Caminok bere urratsak jarraitu zituen. Ondoren, lan bila abiatu ziren biak, Alemaniara Camino eta Suitzara Matilda. Bertan, Matildak Kretako Nicholai ezagutu zuen eta elkarrekin joan ziren Atenasera bizitzera. Antigoaleko gauzen denda bat ireki zuten Greziako hiriburuan.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III). Albanian zubiari 'ura' esaten zaio, eta diruari, 'leka'

Jubilazioarekin batera, etxe bat erosi zuten senar-emazteek, itsasondoan, Rhodia eskualdean. Urak inguraturik gerrak lapurtu zion maitasuna aurkitu zuen Eolo bezain indartsua izan zen emakumeak. Nicholai 2016an zendu zenean, bakarrik gelditu zen Matilda Kretan. Distantziak goibeldutako harremana berpizten ahalegindu zen Camino, eta telefonoz hitz egiten zuten biek igandero, ilunabarrean. Egun batean, botikariak lurrean aurkitu zuen izeba, eta erietxera eraman zuen. Matildak ez zuen berriro itsasoko doinua entzun.

Etxean animaliak zituela jakin zuen Persefonek izebaren heriotzaren berri izan zuenean. Nafarroako haurtzaroaren arrastoa, pentsatu zuen ilobak, heriotzaren gorabeherak Nafarroatik kudeatzen zituen bitartean.

Persefonek Nafarroan hasitako ikerketarekin jarraitu behar genuen bostok Kretan. Ikerkreta bat Pentagona-rentzat.

Rhodia, Kreta / Intza Agirre


Mendialdean dagoen herrian, Rodhian, hasi ginen izebaren arrastoaren bila. Matildaren ondoan egon ziren horiei bere alde egin zuten guztia eskertu nahi genien, itsasondoko etxea aurkitu, eta lurperatua zegoen txokoan agurtu.

Mitoa zen guretzat Matilda. Seme-alabarik gabe bizi izan zen, oinordekotza ezinbestekoa zen lurraldean, emakumeak tabernetan sartzen ez ziren kulturan.

Arrastoa aurkitzea ez zen erraza izan, ordea. Nafarroatik genekarren haria ahula zen labirintoan bidea aurkitzeko. Herrian galdetu genuen, baina ez zuten Matilda ezagutzen. Bere azken urteak munduari bizkarra emanda igaro zituen seinale, irlan isolatua. Korreoa jasotzen zuen ostatuan sartu ginen, eta zerbitzariari ere galdetu genion. Galdetzera joan zelakoan ginen, baina agertu zenean gutaz ahaztu zela zirudien. Persefonek nekez jarraitzen zuen gure elkarrizketa: bere gogoak Matilda zuen forma eta izena. Azkenean, herriko batek izeba ezagutzen zuela esan, eta etxerako bidea erakutsi zigun. Handia zen, baratzea zeukan, eta bidezidorretik kaira jaitsiko ziren arrantza egitera. Ingurua sastrakek janda zegoen.

Etxearen bila

Ikerketaren lehenengo zaplaztekoa: etxea itxita zegoen, poliziak zigilatuta. Amonarena izandako lapikoren bat gordeko ote zuen? Bere argazkiren bat? Ezin jakin. Ondoko etxeko atea jo genuen. Areti izena oihukatu genuen. Bera izan zen Matildaren harreman bakarra alargundu ondoren. Une amaiezinak itxaron genituen Areti agertu zen arte. Matildaz galdetzen geniola konturatu zenean, hilda zegoela errepikatu zigun. Eguberrietako afariak eskertu nahi genizkion, baina hiztegiaren laguntza ez zen nahikoa izan. Hala ere, gure asmo onez jabetu zen eta Persefoneren bihotzak lasaitua hartu zuen, sabeleko korapiloa askatuz. Afaltzeko prest ginen.

Ondoren, hilobia aurkitu behar genuen. Rhodiatik urrun, malda bertikal baten amaieran zegoen hilerria. Haize zakarrak jotzen zuen. Bitrinetan tabakoa eta pospoloak, hildakoei bidaian laguntzeko. Hilarri bakoitzeko data egiaztatu genuen, eta Matilda izena grezieraz bilatu genuen. Ez zegoen. Ikerketaren bigarren zaplaztekoa hartu genuen. Etsipena leuntzeko, izen-abizenak harriekin osatu zituen Persefonek hilerriaren sarreran. Iluna zegoen joan ginenerako.

Hurrengo egunean, Nicholairen jaioterrira, Seisarjara, abiatu ginen. Suge bat bezala zeharkatzen zituen errepide estuak mendiko zirrikituak. Olibondoak, Kretako bizitzaren zuhaitzak, nonahi. Irlako elikaduraren eta kosmetikaren oinarriak dira. Kretan, jaioterrian ehorzten dira senideak; beraz, aurkitzeko aukerak bagenituen. Grezieraz idatzia zegoen herriaren izena sarreran: «Gelditu, hau da Seisarja!», oihukatu zuen Persefonek, greziar grafian aditua ordurako. Leku garaienean zegoen hilerria. Oinez igo genuen aldapa, hunkiturik eta urduri. Une horretan Matilda guztion izeba zen.

Txitxarren garrasiek ongietorria eman baziguten ere, geldoa eta isila zen hilerri txikia. Hilobi gehienetan ehortzitako bikoteen argazkiak ikusi genituen. Duela gutxi hil baziren ere, antzinakoak ziren irudiak. Emazteen ile kardatuei eta gizonen biboteei begiratzea iraganari kirik egitea bezala zen. Bost hilobik zeramaten Oikonomou abizena. Suge biren azal hustuek, bata ezkerrean, eta bestea eskuinean, horietako bat seinalatzen zuten. Bilatzen genuen data zeraman harriak.

Abuztuko ganduarekin, dena lehor zegoen. Hala ere, gure Landaretzaren Jainkosak lore sorta ederra osatzea lortu zuen. Hilobiaren gainean kokatu zituen loreak. Besteok adi geunden, bigarren errituala hasteko prest. Hitz ulergaitzak xuxurlatu zituen Persefonek hilobiari begira. Bat-batean, bihozkada bat izan zuen: «Hemen ez dago». Gazteleraz zekien greziar senide batez oroitu zen une hartan. Berak, atzerritik telefonoz, gure usteak ustelak zirela baieztatu zigun. Bigarren zaplaztekoa arintzeko, bere aita ere Nicholairen hilobian lurperatua zegoela jakinarazi zigun. Orain bai, hilobia zein zen bagenekien.

Izenik gabeko hilobia

Argazkirik gabekoa zen Matildarena, eta emaztearen izena ez zegoen hilarrian zizelkaturik. Ikusezina bizitzaren amaieran, izengabea heriotzan. Iltzatuak gelditu ginen, hilobiari so. Bihotzen zartakoen oihartzunak txitxarrek ere entzungo zituzten ziur aski. Matildaren ilobak hilobiz aldatu zuen lore sorta, eta hirugarren erritualari hasiera eman zion. Persefoneren azala jantzi genuen une batez, eta bera zeharkatu zuen zirrarak gu ere astindu gintuen. «Izeba Matilda, zure bila etorri gara, eta hila, baina aurkitu zaitugu. Eredu eta ikur izan zara guretzat, eta familiako emakumeen izenean loreak eskaintzen dizkizut. Caminok, zure ahizpa-lehengusinak, nire amak, lasaiago egingo du lo hemendik aurrera. Zure izena hilarrian zizelkatuko dudala zin degizut».

Txitxarrek garrasika jarraitzen zuten, ezer gertatuko ez balitz bezala. Lurrak harrapatuak gu. Txoria txori abesteko kokatu ginen ondoko zuhaizpean. «Hegoak ebaki...» soinua hasi eta isildu ziren txitxarrak. Kanta eskaini genion Matildari gogoz, bihotzez eta arimaz. Ahotsek bat egin zuten, iragana orainaldiarekin eta Nafarroa Kretarekin urtzen zen bitartean. Harmoniko gozagarriak isuri genituen unearen magiaren erdian. Matildari hegoak eman genizkion gurekin irlan zehar bidaiatu zezan.

Matala. Tomateak, moztuta eta eguzkitan zabalduta / Intza Agirre


Matala, Lafonsini, Prebelli, Chania... Hondartza egun zoragarriak gozatu genituen: eguzkia, igeriketa, tertuliak gosaltzeko, sekretuak, aitormenak, algarak, itsasertzeko etzanaldiak eta elkarrizketak... Hitzak, barreak eta irribarreak gure harreman oihala ehuntzen zuten puntadak ziren. Ilunabarrek ez zuten epeltzen gure arteko giro beroa: jakin-mina, aitormenak, galdera ausartak, garagardoak, musika... Ondoren afari legea rakis-ak lagunduta. Eta eguna amaitzeko, Thalasoan, itsasoan, murgilketa biluzik. Zeusen erresuma izarratuaren pean. Bost emakume aske eta zoriontsu izanez, Matildarekin batera.

Bihar: Lehiaketaren irabazlea: Txartatu gabeko ha(e)rribitxia. Kirgizistan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.