Peñen etorkizuna

Peña txikiei festan protagonismoa eman nahian, pankartak eraman dituzte umeek kalejira eta hamaiketako bateanHaurrek peñakide izatea zer den ongi dakite, eta Alde Zaharra alaitu dute

Iruñeko Gazteluko plazan hartu zituzten pankartak peña txikiek. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Peñetako pankarta bereziak ikusi ziren atzo eguerdian Alde Zaharrean. Bereziak ziren bertan margotuta zeuden protagonistak, baita altxatzen zituzten pertsonak ere. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari egindako kritikak alde batera utzi, eta Pirritx eta Porrotx, Kilikiak eta Bob Esponja marrazki bizidunak izan ziren nagusi, besteak beste, atzoko kalejiran. Peña txikien eguna ospatu zuten peñetako umeek. Alde Zaharreko kaleetan ikusi zenez, peñen etorkizuna prest dago. Ilusioa izan zen nagusi martxan, bai umeena, eta bai guraso, aitona-amona eta osaba-izebena ere.

Iruñeko sanferminetako zati garrantzitsua dira peñak. Kaleak txarangaren doinuekin alaitzen dituzte, eta zuri eta gorriaren artean kolorea jartzen dute. Hamasei peñak osatzen dute federazioa, eta peña bakoitzean bada umeentzako lekua: Peña txikiak dira. Helduen janzkera berbera daramate. Hala ere, blusa asko ez ziren kalejiran ikusi, ez omen direlako oso erosoak. Dena dela, peñako armarria brodatuta zeramaten zapi guztietan.

Gazteluko plazan hasi zen kalejira, eta, Mercaderes kaletik pasatu ondoren, Nafarreria plazara joan ziren. Bertan, bi geldiune egin zituzten: Irrintzi eta Iruñeko Algarako lokaletan gelditu ziren. Carmen kalea goitik behera umez bete zen. Kalejira irekitzen Muthiko Alaiak txikiak zeuden. Dotore jantzita zeuden, eta geldiuneetan euskal dantzak dantzatu zituzten. Gurasoak umeak bezain urduri eta aho zabalik zeuden. Muthiko Alaiak peñaren eginkizunetako bat euskal dantzak berreskuratzea eta zaintzea da. Peñak erraldoiak ere baditu, eta haurrak izutzen aritu ziren. Muthiko Alaiak peña txikiaren atzetik, La Unicako umeak, Oberena, Los del Bronce, Alegria de Iruñea, Iruñeko Algara... Txarangaren doinuekin jauzi eta dantzatzen zuten umeek eta helduek. «Baina orain ez dago musika!», esan zuen Iratik pankarta eskuetan zuela. «Berdin du!» erantzun zion amak.

Pankartak altxatzeko makilak burdinazkoak dira, eta umeentzako pisutsuegiak diren arren, nagusi izan nahi zuten peñakide txikiek. «Begira, aita, zuk eramaten duzun bezala eramaten dut», esan zion Mikelek haren aitari. Umeak harro zeuden, eta are harroago gurasoak. Argazki kamerek lan handia izan zuten atzo. «Ilusio handia dute. Peñaren kideak direla ikusi dute», azaldu zuen Joseba de Miguel peña txikien eguneko antolatzaileak.

Peñakideak izaten ikastea oso erraza da. Umeek badakite nola aritu behar diren, gurasoak ikusi dituztelako; eta haien urratsak jarraitu nahi dituzte. «Kontuan izan behar dugu umeak peñen etorkizuna direla, eta horregatik antolatu dugu egun hau peñakide izaten ikasteko», esan du De Miguelek. Txikiek peñaren «bataioa» jaso dute.

Alde Zaharretik kalejira egin ondoren umeak nekatuta zeuden. Burgoen plazan jarritako askaria, beraz, segundo gutxitan amaitu zen. Peñakide helduekin ezberdintasun nabarmen bat izan zen hamaiketakoan:alkohola freskagarriekin aldatu zuten.

Peña txikien eguna plazaren irteerarekin amaitu zen. Zezenketa amaitu zenean, peña txikiak Zezen plazara joan ziren helduen peñen bila. Ondoren, gaur egungo eta etorkizuneko peñek elkarrekin egin zuten kalejira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.