MAITE DITUT MAITE

«Penaz eta nostalgiarekin entzuten dut Berri Txarrak»

Jokalari gazteari betidanik gustatu izan zaio Nafarroako taldea, baina azkenaldian inoiz baino gehiago ari da entzuten. Areago: haren doinuek sarritan lagundu diote partidetarako motibatzeko.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Garazi Muruak (Getxo, Bizkaia, 1995) ez dio garrantzirik kentzen musikak bere bizitzan duen lekuari. Ia edozein momentutara egokitu daiteke: bidaia luze batean, lasaitasun preziatua ematen dio, eta, partida baten atarian, guztiz kontrakoa. Askotarikoak dira haren gustuak: euskal talde klasikoen zein DJ europarren doinuekin gozatzen du.

Zein da gehien entzuten duzun musika taldea?

Azkenaldian, Berri Txarrak. Talde handia izan da, eta mundu mailako oihartzuna eduki du. Gainera, oso lan politak egin dituzte. Niri, behintzat, asko gustatzen zaizkit.

Aspalditik dituzu gustuko?

Bai, agian azken urteetan gehiago. Euskal talde indartsuenetako bat izan dira, nik uste. Baina dagoeneko utzi dutenez, penaz eta nostalgiarekin entzuten ditut. Kobetamendin eman zuten azken kontzertuan ere egon nintzen...

Berri Txarrak taldearen zer abesti dituzu gogokoenak?

Beude, Iraila, Katedral bat, Oreka... horiek, adibidez, asko gustatzen zaizkit.

Zein beste talde entzuten dituzu?

Denetarik entzuten dut, eta euskal talde asko. Orain Zetak taldea atera da, eta oso proiektu polita dirudi. Belako ere entzuten dut, eta, lehen, Hesian eta Vendetta nahiko entzuten nituen.

Eta Euskal Herritik kanpokorik?

Mumford & Sons eta Coldplay. Aspalditik gustatu izan zaizkit eta asko entzuten ditut.

Zer irizpide erabiltzen duzu musika aukeratzerako orduan?

Melodikoak eta alaiak direnak gustatzen zaizkit, baita hitzak politak edo esanguratsuak dituztenak ere.

Beti izan duzu gustu musikal antzekoa? Nola aldatu da urteekin?

Ez nuke esango aldatu denik. Uste dut denei bezala gertatu zaidala: denborarekin, nagusiago egiten zaren heinean, gauza berriak deskubritzen dituzu, abesti gehiago entzuten dituzu. Gazteagoa nintzenean, ezagutzen nituen taldeen arteanmugitzen nintzen. Orain, nahiago dut ezezagunak zaizkidan taldeak, abestiak-eta entzutea.

Ba al dago lehen asko gustatzen zitzaizun talderen bat orain apenas entzuten duzuna?

Adibidez, gazteagoa nintzenean Ken Zazpi pila bat entzuten nuen, eta orain gutxixeago. Egia da azkenaldian disko gutxiago atera dituztela. Oraindik oso gogoko dut, baina igual lehenagoko estilo rockeroagoa nahiago nuen. Taldeek eboluzionatu egiten dute, pertsonek bezala. Gainera, uste dut Ken Zazpi adin askotako jendeengana iristen den talde bat dela, eta egongo da oraingo estiloa nahiago duenik.

Entrenamendu edo partidetarako motibatzeko musikarik erabiltzen al duzu?

Aldageletan musika entzutea gustatzen zaigu; reggaetona, adibidez. Gatibuk kanta martxosoak eta biziak dauzka, eta nahikoa entzuten dugu. Berri Txarrak ere entzuten dut motibatzeko. Gero, electronic dance music estilokoek ere asko pizten zaituzte. Partida baten aurretik hori nahi duzu, normalean: musika alaia eta mugitua.

Ba al dago bereziki motibatzen zaituen kantarik?

Gatiburen Bizitzeko gogoa, Berri Txarrak-en Katedral bat eta Beude... Aviciiren kantak ere askotan entzuten ditut partiden aurretik, eta Martin Garrixen High on Life ere oso motibagarria da. Kanta mota horiek partidako giroan sartzen laguntzen dizute, eta zer gerta litekeen pentsatzen.

Orokorrean, musika zergatik da garrantzitsua zure bizitzan?

Nik uste denoi gustatzen zaigun zerbait dela. Niretzat, zati inportante bat da. Bakarrik edo bidaiatzen nabilenean musika entzuten joatea gustatzen zait, lasai-lasai. Udan kontzertuetara eta festibaletara joatea gustuko dut, baina aurtengoa nahiko arraroa izaten ari da. Nahi baino gutxiago joaten naiz, ikasketekin eta futbolarekin denbora gutxi dudalako, baina asko disfrutatzen ditut.

Eta konfinamendu garaian?

Konfinamendua denontzat izan da gogorra, eta bakoitzak gauzak bere erara bizitzen ditu. Garai ilunak izan dira, tristeak, albiste txar askorekin. Musikak animoa altxatzen laguntzen dizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.