Gozogilea da Jose Mari Gorrotxategi (Tolosa, Gipuzkoa, 1929), Tolosako Plaza Zaharreko gozotegiaren jabea. Erretiroa hartuta dago, eta orain Donostian bizi bada ere, maiz egiten dio bisita Tolosari, txikitatik zaindu duen herriari. Historia gustuko du, baita irakurtzea ere, eta bere bizipenei eta irakurritakoei esker, gertutik ezagutzen du Tolosa. Gaur Nahaski tolosarra izeneko hitzaldia emango du jaioterrian, EPAren egoitzan, 17:00etan.
Zeren inguruan hitz egingo duzu gaur?
Nahaski bat izango da, gai konkretu bat landu beharrean, Tolosako historia eta hainbat pertsonaren istorioak kontatuko ditut. XIV. mendeko gozogintza nolakoa zen, nolako dendak zeuden, herritik pasatzen ziren pertsonen pasadizoak... Hitzaldi informala baina, aldi berean, formala izango da.
Gozoa al zen Tolosa, Gipuzkoako hiriburu zen garaian?
Gozogileek eztiarekin lan egiten zuten, argizaria egiten zen gozotegietan. Kandela asko saltzen ziren, ez bakarrik sinesmen kontuengatik, baita etxe nahiz jauregietan argia emateko ere. Baina gozorik ez zen kontsumitzen. Herri pobrea zen. Gainera, 1500. urtean debekatuta zegoen festetan eta bataioetan gozokiak ematea.
Zein da zuretzat Tolosarekin lotura izan duen pertsonarik bereziena?
Alejandro Dumas, adibidez. Gaur egun, eredu izango zen. Luisa Fernandaren ezkontzara gonbidatu zuten, eta Paristik Cadizera (Espainia) zihoala Tolosan egin zuen geldialdia. Tolosako txokolatea hartu zuen, eta zoragarria iruditu zitzaion. Urtxalle ere aipatuko nuke. Pilotari handia zen, eta 14 urterekin gozogintza ikastera etorri zen Tolosara. Agur jaunak abestia ere berak moldatua da, kantu sentikorra da.
Tolosako historian ba al bitxikeriarik?
Maria Neoburgo erregina Tolosara etorri zenean gertatu zena, adibidez. Alemaniarra zen, eta ezkonduta zegoen, baina ez zuen seme-alabarik. Tolosako galtzerdiak oparitu zizkioten, eta horiek luzeak zirelako ezagunak ziren herrian —emakumearen aluraino heltzen zirela zioten—. Hori entzunda, erreginaren etxezainak ez zuen oparia onartu, erreginak hankarik ez zuela esanez. Hankarik ez bazuen, beste hori ere ez zuen ba edukiko! Haurrak izaterik ere ez orduan.
Nola dago Gorrotxategi gozotegia Gabonen ondotik?
Aurten nabaritzen da gehiago kostatzen dela gastatzea, baina Inauterietan eta Gabonetan erosteko ohitura dauka jendeak. Ohiturak ere aldatu egiten dira. Turroietan, esaterako, antzinako joera gordetzen dugu, baina gaurko erara.
Turroia edo errege opila?
Gauza bakoitza bere momentuan. 20 urte nituenean aukeratu beharko banu, 18 urteko neska gaztea aukeratuko nuke; 40 urterekin, berriz, pozik emaztearen ondoan. Gabon egunean eta urteko azken egunerako turroia nahiago dut; errege egunean, berriz,opila.
Pozgarria al da mendeetan mantendutako ohiturak bizirik jarraitzen duela ikustea?
Nik ez nuen semeak gozogileak izaterik nahi. Interesgarria eta esker onekoa da ofizioa, baina lan asko eskatzen du. Bi semeek gozogintzan lan egin nahi zutela esan zidatenean pena hartu nuen. Jendeak esaten du tradizioa jarraitu behar dela, baina nik zera diot: ahaztu momentu batez tradizioa, nik nahi dudana da nire ingurukoak zoriontsu izatea.
Jose Mari Gorrotxategi. Gozogilea
«Pena hartu nuen bi semeek gozogintzan lan egin nahi zutela esan zidatenean»
'Nahaski tolosarra' hitzaldia eskainiko du gaur Tolosan, 17:00etan. Herriko historiaren, pasadizoen eta hamaika bitxikeriaren inguruan jardungo du EPA Helduen Hezkuntzako egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu