Whatsappeko profilean haurtzaroko argazki bat dauka: haur koskorra amarekin eta oreinkume batekin. Ana Maria Izaskun Ruiz (Mexiko Hiria, 1947) nostalgia apur batekin mintzatzen da amaz, baina, bereziki, miresmenez. Amaz eta aitaz. Elkarren ondoan dauden bi apalategietan gordetzen du batak eta besteak utzitako legatu oparoa. Ibarrako (Gipuzkoa) bere etxea argazkiz, liburuz, artxiboz eta oroigarriz beteta dago, baita berak pintatzen dituen kolorez jositako koadroz ere. Mikel Laboa, Carlos Garaikoetxea, Garbiñe Biurrun eta Ainhoa Artetaren alboan ageri da argazki batzuetan. Bihotz mexikarra duela dio. Erbesteak zeharkatu du haren bizitza.
Mexikon jaio zinen. Zer oroitzapen dituzu haurtzaroaz?
Sonorako basamortuak asko markatu nau. Mexiko Hirian denbora gutxi egon nintzen. Lazaro Cardenas presidenteak herrixka batera bidali zuen aita, Moreliara, plantazio esperimentalak egitera, aita ingeniari agronomoa baitzen. Kontua da gurasoek indigenen eskubideen alde egin zutela, eta politikoki konprometitu; orduan, arazoren bat tarteko, handik alde egin zuten. Sonorara joan ginen gero. Aitak hango basamortuan olibondoak eta mahatsondoak landatzeko enkargua jaso zuen. Hango oroitzapenak ederrak dira. Haur koskorra nintzen, baina oso ondo akordatzen naiz kriskitin suge bat ni hozkatzen saiatu zenekoaz, baita suge koral hartaz ere... Panpinekin jolastu beharrean, zuhaitzetatik erortzen ziren txoritxoekin jolasten nintzen. Altarko basamortuan bi rantxotan bizi izan ginen saguaro kaktusez inguratuta. Basamortua ez da ahazten. Ni rantxokoa naiz oraindik ere. Nahiago izaten dut oinutsik ibili zapatekin baino...
Aitak zuhaitzak landatzen zituen. Ama, berriz, beti idazten...
Bai. Beti gogoratzen dut idazmakinan. Gernika, Euzko Deya eta Tierra Vasca aldizkarietan idazten zuen. Mexikora iritsi bezain laster kontratatu zuten. Hango egunkari eta aldizkarietan idazten zuen. Egunean bi artikulu idazten zituen, bat nazioarteko politikaz, eta bestea, eguneroko kontuez... El Imparcial egunkariaren igandeko gehigarria sortu zuen. Hermosilloko Unibertsitatean ere aritu zen, arte eta antzerki irakasle. Erreferente kulturala zen. Sonoran esaten zuten gure ama iritsi zenean iritsi zela kultura hara. Ateneoaren zuzendaritzan ibili zen, irratian... Oso aintzat hartzen zuten.
Cecilia G. Guilarte (1915-1989) zenuen ama, tolosarra. Idazlea eta kazetaria. Aitzindari izan zen.
Gaztetatik idazten zuen. 17 urte zituenean argitaratu zizkioten lehen artikuluak. Italiako klase borrokaz eta emakumeen eskubideez idazten zuen adin horrekin... Tolosako [Gipuzkoa] paper fabrikan lan egiten zuen bere aitak. CNTko anarkista zen, eta gure ama ere anarkista izan zen hastapenetan. Esaten zuen anarkista zela ezin zelako goragoko beste ezer izan. Burebakoak [Burgos, Espainia] zituen gurasoak, lanera hona etorritakoak. Aitak beti animatu zuen idaztera. 18 urterekin Madrilera joan zen. Estampa kultur aldizkarian idazten zuen. Pio Barojak ere idazten zuen aldizkari hartan...
Eta nola ezagutu zuten elkar gurasoek?
Amak elkarrizketa bat egin zion aitari. Aita, Amos Ruiz Giron, Cuencako [Espainia] herrixka batekoa zen. Marokon egin zuen soldaduska. Annualgo guduan parte hartu zuen, eta han komandante izendatu zuten. Eibarrera [Gipuzkoa] eta Donostiara joan zen gero. Oso gizon dotorea zen. Garai hartako miss batekin ibili zen. Eibarren udaltzainen buru izendatu zuten. Errepublika aldarrikatu zutenean, aita hantxe zegoen; Juan de los Toyos alkateak bandera igo zuenean, hantxe zegoen. Laguna zuen, eta erbestean ere maiz egon ziren elkarrekin. Kontua da amak elkarrizketa bat egin ziola Fronton tabernan, Tolosan. Elkarrekin ibiltzen hasi ziren, eta gerran ezkondu ziren, Portugaleten [Bizkaia], 1937ko maiatzaren 2an. Ordurako, Euskadiko Batailoi Diziplinarioa sortzeko agindu zion Joseba Rezolak.
Ama kazetari gisa ibili zen gerran; iparraldeko fronteko emakume berriemaile bakarra izan zen.
Bai. Argazkilari batekin ibili zen. Batailoi Diziplinarioko auto batean ibili zela pentsatzen dut. Frontera joaten ziren, lehen lerrora, eta gudariek jaten zutena jaten zuten. Irunen hasi eta mendebaldera egiten zuten. Ribadesellan amaitu zituen bere kronikak. Handik erbestera jo behar izan zuten, itsasontziz, Arroxelara [Frantzia]. Aitak esaten zuen lubakiak egin eta egin ibili zirela, lubaki bat egin eta aurkaria iristen zela, beste lubaki bat eta aurkaria berriz... Horrela ibili ziren Gipuzkoatik Asturiaseraino [Espainia].
Alemaniako pilotu nazi bat elkarrizketatu zuen amak.
Karl Gustav Schmidt. Bilbon bota zuten haren hegazkina, eta preso sartu zuten. Ercilla hotelean izan zuten, eta aitari handik ateratzeko agindu zion Jose Antonio Agirre lehendakariak. Hura lintxatzera joan ziren herritarrak. Operazio sekretua izan zen. Gero aitak baimena eman zion amari hari elkarrizketa egiteko, trukean batailoiari buruzko artikulu bat idazten bazuen. Orotara hamazazpi artikulu idatzi zituen amak CNT Norte egunkarian. Julen Lezamizek liburu batean jaso ditu.
Pilotuak zirrara handia eragin zion...
Bai. Gizon hotza zen, begi urdinekoa. Italiako mertzenario bat ere elkarrizketatu zuen. Galdetu zion ea zergatik zetorren hona zibilak hiltzera, eta hark erantzun zion goseagatik zela. Kontu horiek ez nizkion amari zuzenean entzun. Jose de Artetxe, Miguel Pelay Orozko eta Martin Ugalderekin elkartzen zen erbestetik itzuli ginenean. Martinen oso laguna zen gure ama. Askotan joan zen haren etxera, Hondarribira [Gipuzkoa]. Amaren hiletara ere etorri zen Ugalde. Donostian elkartzen ziren erbestean izan zirenak, eta ni amarekin joaten nintzen. Han entzuten nituen halako kontuak. Etxean ez zituen gauza horiek aipatzen.
Nolakoa zen ama?
Oso-oso langilea zen. Egun osoan aritzen zen idazten. Eta oso azkarra zen. Edozer gauza zekien; nazioarteko politikan ere egunean zegoen. Oso emakume zolia zen, eta, gainera, oso liraina. Tolosan miss lapicero deitzen zioten, oso argala zelako. Topazio koloreko begiak zituen. Ederra eta dotorea zen, eta oso emakume jantzia. Artxiboak ikertzera etortzen den oro maitemintzen da berarekin. Dena den, gure amaren lehentasuna familia zen. Madrilera edo Bartzelonara joateko aukera izan zuen, eta agian han ospe handiagoa lortuko zuen, baina hemen geratu zen, guregatik.
Ez zuen euskara ikasi?
Ama Elduaingo [Gipuzkoa] etxe batera eramaten zuten, baina beti esaten zuen etxe hartakoek ikasi zutela gaztelera, berak euskara ikasi beharrean. Garai hartan euskaraz hitz egitea ez zegoen ondo ikusita kalekumeen artean. Plaza Berriko ikastolara joan omen zen, baina denbora laburrez. Dena den, euskalduna izan ez arren, bere testuetan beti aipatzen zituen euskaldunak. Ez zen euskalduna, baina oso Euskal Herrikoa zen. Ipuin batean kontatzen du nola basamortuko indigena batzuek txoriei txore deitzen zieten, eta, noski, euskaldunen kontua zela zioen...
Eta aitak?
Aitak, Eibarko udaltzain buru izendatu zutenean, euskaraz ikasteko betebeharra zuen, baina orduantxe gerra hasi zen. Berak esaten zuen bazekiela, baina ez zen hala.
Nolakoa zen aita?
Aita kixote hutsa zen. Ez zen mundu honetakoa. Ama beti ari zen lanean, eta berak irabazitakoari esker egin genuen aurrera. Aitak musu truk egiten zuen lan. Gobernadorearen lorategian konponketa batzuk egin eta ez zizkion kobratzen, laguna zuelako. Beti berdin... Tolosara etorri zenean, alkateari sekulako matraka eman zion lorategi bat egiteko. Olibondoak quincunce eran jartzeko esaten zion. Inork ez zekien zer zen quincunce, eta oso sinplea da: bost zuhaitz geometrikoki jartzea da; bina alboetan eta bosgarrena erdian. Hari bakarrik entzun diot hitz hori.
Zuhaitzen defendatzaile sutsua zen.
Bai. Zuhaitzaren apostolua deitzen zioten. Moncloan ere [Madril] olibondo bat landatu zuen. Felipe Gonzalezek pala batekin egin zuen zuloa haren semearekin. Ahuehuete batzuk ere eraman zizkion. Mexikoko zuhaitz tipikoak dira ahuehueteak. Aita ia 90 urterekin etorri zen erbestetik. Esan bezala, kixote hutsa zen. Hamaika Bide elkartean argitaratu dute aitari buruz idatzi dudan artikulua. Horixe da izenbuura: Mi Quijote particular (Nire kixote partikularra).
1940. urtean jo zuten gurasoak erbestera.
Bai. Cuba ontzian joan ziren. Zeharkaldia sekulako odisea izan zen. Mexikon hauteskundeak egiteko zain egon ziren porturatzeko. Soinean zutena besterik ez zutela joan ziren. Amaren liburuetan eta artikuluetan dago dena. Eleberri bakoitzean bere pasarteak kontatzen ditu.
Zu 14 urterekin etorri zinen Tolosara.
Bai. Amak uste zuen handik hilabete gutxira etorriko zela, eta ezagun batekin bidali ninduen itsasontzian. Eguberrietan iritsi nintzen ni, eta amak udaberrirako etortzea espero zuen. Baina ez zioten utzi. Fraga Iribarnek itzultzea debekatu zion. 1963ko abenduaren amaieran lortu zuen pasaportea, ni etorri eta bi urtera. Franco hil arte ez zela etorriko, horixe esaten zuen beti, baina artean gurasoak bizirik zituen, eta saminez oroitzen zituen. Aitona eta amona bizirik egon ez balira, akaso ez zen etorriko. Ama etorri eta lau hilabetera hil zen aitona. Aitaren nahiaren kontra etorri zen. Aita han geratu zen, nire ahizpa zaharrenarekin. Ordurako, Laborantza Kredituen Banku Nazionalean ari zen lanean aita, aholkulari gisa, eta erretiroa hartu arte han geratu nahi zuen. Azkenean, 90 urterekin etorri zen. Ez zitzaion gustatu ama etorri izana. Asko kritikatu zuten erabaki horregatik.
Zuretzako hau zen erbestea.
Bai. Ni Euskal Herrikoa naiz, baina bihotza mexikarra daukat. Hara itzuliko nintzen, baina seme-alabak hemen ditut. Bost biloba ere baditut, tartean 14 urteko bat. Oraintxe ohartu naiz ni adin horrekin bidali nindutela itsasontzian. Pentsatzen dudanean, triste jartzen naiz. Ez dut ulertzen amak nola egin zuen hori horrenbeste maite baninduen. Oso zaila izan zen. Nire istorio hori ere idatzi dut. Hona iristean, pixa egin nuen. Leotardoak bustita iritsi nintzen aitona-amonen etxera, eta han ez zuten dutxarik. Urez betetako ontzi batean garbitu behar izan nuen. Oso-oso gaizki pasatu nuen. Bizimodua zeharo ezberdina zen. Erbestearen zauriak hor daude, baina ezin naiz kexatu, oso maitatua sentitzen naiz.
Amak ere erbestearen zauriak irekita izan zituen luzaroan.
Bai, tarteka bere buruari galdetzen zion erabaki ona izan ote zen itzultzea. 60ko hamarkadaz ari gara hizketan, oso garai iluna zen. Hemen frankistak zeuden, eta bera hango bizimodura zegoen ohituta. Mexikon beti jasotzen zituen bisitak, baina, hona etorri zenean, liburu denda bat zuen anarkista baten emaztea baino ez zitzaion joaten etxera. Batzuk beste espaloira aldatzen ziren ama ikustean. Pentsatzen dut beldurragatik izango zela, baina oso gogorra izan zen. Beste erbesteratze bat.
Itzulitakoan, La Voz de España egunkarian hasi zen idazten ama.
Bai, barrutik borrokatuko zela esaten zuen. Erregimenaren egunkaria zen. Erbesteko bidaiaren kronikak ere idatzi zituen, pentsa...
Aguilas saria irabazi zueneko anekdota kontatuko duzu?
[Barrez] Elkarrizketa bat egin zioten saria jaso zuenean. Kazetariak galdetu zion zergatik egin zuen ihes Espainiatik. Amak erantzun zuen gerra galdu zutelako egin zuela ihes, eta orduan kazetariak galdetu zion errepublikano literarioa ote zen; hark ezetz, bera benetako errepublikanoa zela. Mexikon Izquierda Republicana alderdian egon zen. Beti esaten zuen errepublikanoa zela. Tolosara etorri ostean, errepublikanoek bileraren bat egin zuten bere etxean.
Haren legatua zaintzeko ardura duzu. Uste duzu amari aski aitortza egin zaiola hemen?
Tolosan omenaldi asko egin izan dizkiote. Bera hil eta 35 urtera bere liburuak argitaratzen ari dira. Oraintxe bertan, lau ikerketa egiten ari dira berari buruz; Mexikoko eta Minnesotako [AEB] ikerlariak daude tartean. Pena bat dut: amak ez ikustea zenbat liburu idazten ari diren berari buruz. Beti ibiltzen da jendea etxean, artxiboetan arakatzen. Ganbara beteta dago. Haren eleberri bat argitaratuko dugu aurki. Amak idazlea izan nahi zuen, ez kazetaria, eta oraindik badira argiratu gabeko bere eleberriak. Hau ez da inoiz amaitzen. Beti ari naiz amari buruz hizketan. Mamu batekin bizi naizela ematen du. Aurrekoan bere eguneroko bat irakurtzen hasi nintzen, eta bigarren orrian utzi behar izan nuen. Negarrez hasi nintzen.
Geratu gabe bizi zara...
Hala da. Dohain hori daukagu familian. Tolosako Errepublikako Foroko presidentea naiz. Amaren izena du foroak. Apirilaren 14an liburu bat aurkeztuko dugu: Orratz Begia. Intxorta kultur elkarteak egin du, eta ihes egindako gerrako haurren sendiak elkartzea espero dugu egun horretan. Liburuan agertu ez diren haurren senideak ere etortzea nahiko nuke. Josu Txueka Hamaika Bideko presidenteak hitzaldi bat emango du.
Bestelako kontuetan ere bazabiltza.
Bai. Minbiziaren Kontrako Elkartean nabil. Beti Ikasten elkarteko klaseetara joaten naiz astean bitan, eta lagunekin zinemara. Helduentzako Eskolak ere amaren izena dauka. Abegi Etxean ere ibili izan naiz urte luzez, aterpean, kalean bizi direnei laguntzen. Zehar errefuxiatuen elkartean ere banabil orain, eta Hamaika Bide elkartean ere bai. Aldizkarirako ere idazten dut. Erbestean nire amarekin ibili ziren emakumeei buruz idazten ari naiz orain; Sonorako Unibertsitatean egon ziren hirurak. Emiliana Zubeldia konpositorea eta Karle Garmendia margolaria amaren lagunak izan ziren.
Hiru ahizpetan zu zara gazteena. Zuk daukazu gurasoen artxiboa kudeatzeko ardura.
Bai. Ahizpek hala eskatu zidaten. Marina, zaharrena, iaz hil zen. Esther Seguran [Gipuzkoa] bizi da. Ni saiatzen naiz amaren legatua ezagutarazten, baina inoiz ez naiz inorengana joan. Beti etorri izan dira niregana.