Sanferminak Iruñean. Peña bat dut bihotzean. Iruñeko Algara

Peña bat baino gehiago

Sanfermin jaietarako sortu zen arren, peña bat baino gehiago da Algara Iruñean: elkartea, aisialdi lekua, kirol eta kultur peña. Zapi gorrian armarria brodaturik daramate.

Iruñeko Algara peñako kideak Carmen kalean biltzen dira gaur egun. IRUÑEKO ALGARA.
Iruñea
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Jendetzaren artean ezagutarazteko ez dute blusarik behar Algarako peñakideek, Iruñeko zalapartatsuenak baitira. Zapian, berriz, armarria brodatuta daramate. «Bat, bi, hiru... bum, bum, bum! Iruñeko Algara da! Etorri Iruñera eta Algarako kideak zein jatorrak diren ikusiko duzu...». Kalejiran abesten dituzten himnoek argi uzten dute iruindar hauen xedea zein den: sanferminak bizitzea. Haientzat hiru gauza ditu hiriak: «Entzierroak, neskak eta Algara».

1930eko hamarkadaren hasieran iruindar lagun talde bat La Veleta peñatik atera zen beste peña bat osatzeko. Helburua zen Iruñeko jatorrizko peña egitea; hau da, parrandazaleagoa izatea. 1933. urtean sortu zen Iruñeko Algara gastronomia elkartea, aisialdi lekua, kirol eta kultur peña. Peñakideentzat peña bat baino zerbait gehiago da: bizitzako zati garrantzitsu bat.

San Agustin kalean izan zuten lehenengo lokala, Euskal Jai pilotalekuaren aurrean. Bilerak egiteko, dantzaldiak antolatzeko eta sanfermin jaiak prestatzeko lekua zen. Mus txapelketak ere antolatzen zituzten. Baina peña gero eta handiago egin zen, eta lokala txiki gelditu zitzaien. Han eta hemen egon ziren, ehiza eta arrantza sailak osatu zituzten, eta lokalak auzolanean konpontzen zituzten.

36ko gerran peñakideek zerbitzu militarra egitera joan edo erbesteratu egin behar izan zuten. Ondorioz, peña bertan behera gelditu zen. Baina 1939. urtean peña berpiztu zen. Iruñeko Algarak gerraondoko urte zailen ondoren bizirik iraun zuen. Dena dela, bileretan eta dantzaldietan isileko poliziakideak egoten ziren, frankismoak hala izatea derrigortzen zuelako.

1983. urtetik Carmen kalean dute txokoa. Sanferminetan Irrintzi peñarekin batera umeen eguna antolatzen dute. Peñakidea izateko hiru baldintza bete behar dira: besteekin errespetua izatea, kuota ordaintzea eta barre egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.