Komunikazioa

Pello Sarasolak ETBko zuzendaritza utziko du, «aldi baterako»

«Arrazoi pertsonalak» tarteko hartu du erabakia; Maite Iturbek hartuko du bere gain ETBko zuzendaritza

Erredakzioa
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Pello Sarasolak ETBko zuzendaritza utziko du, «arrazoi pertsonalak» tarteko. Atzo jakinarazi zuen EITBk Sarasolak «aldi baterako» utziko zuela hedabidea. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak hartuko du ETBko zuzendaritza, Sarasolaren lantaldearen babesarekin. ETB1 eta ETB2 kateak, ETB3 haur eta gazteentzako kate tematikoa eta ETBK Sat kudeatu beharko ditu Iturbek.

Eskarmentu handia du Sarasolak telebistan. Soziologoa da, eta 1989an hasi zen lanean ETBn, audientzia teknikari gisa. 1991n, Komunikazio arduradun izendatu zuten, eta, 1995etik aurrera, programazio zuzendaria izan zen. 2005ean, ETB utzi, eta Antena3 kateak fitxatu zuen, hango eduki zuzendaria izateko. Sei urte geroago, 2011n, telebista publikora itzuli zen. Orduan, Alberto Surio zen EITBko zuzendari nagusia, eta eduki zuzendari izendatu zuen. Maite Iturbek iazko martxoan kargua hartu zuenean, ETBko zuzendari izendatu zuen.

Garai zailetan kudeatu du telebista Sarasolak; aurrekontuan murrizketa nabariak izan dira. Halere, ETB1 euskarazko katearen aldeko apustua bete du, eta saio dezente estreinatu dituzte haren agintaritzapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.