Pedalkadak itzulpenari

Amsterdameko argitaletxe batek nederlanderara itzuli du Julen Gabiriaren 'Han goitik itsasoa ikusten da' liburua. Aurkezpenera bizikletaz joango da Gabiria Euskal Herritik.

Hamabost egunetan 1.500 kilometrotik gora egin beharko ditu Gabiriak. Maiatzaren 31n izango da aurkezpen ekitaldia. JULEN GABIRIA.
jon eskudero
Donostia
2013ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Neure burua ez dut idazle gisa definitzen», dio Julen Gabiriak (Galdakao, Bizkaia, 1973), baina helduentzako bi liburu baditu idatziak. «Ni txirrindulari apala naiz», baina soilik bi astetan 1.500 kilometrotik gora egiteko asmoa du. Aspaldi argitaratutako liburu bat dela medio, ziklista onenen pare jarriko da Gabiria datorren urteko maiatzean. Amsterdameko Zirimiripress argitaletxeak Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da liburua euskaratik nederlanderara itzuli du, eta maiatzaren 31n aurkeztuko du: «Oparia da niretzat liburu hori itzuli izana». Eta, opariak eginiko pozak bultzatuta edo, Euskal Herritik Amsterdamerako bidea bizikletaz egitea erabaki du. Maiatzaren 16an abiatuta, aurkezpen ekitaldirako bertan izatea du helburu. Van Daarboven zie je de du izena liburuak, eta Aitziber Renteriak eta Henrike Olasolok itzuli dute.

Gabiriak Twitter bidez eman zuen atzo albistearen berri, baina aspalditik zebilkion buruan. 2011tik, zehazki. «Haurrentzako liburu baten aurkezpenean nengoen, eta alboan nuen Ander Izagirre laguna eta idazlea. Hark xaxatu ninduen erokeria hori egitera. Nik ez nion ezetzik eman, eta, orain, begira!». Izagirre bera behin baino gehiagotan joan izan da bizikleta gainean liburu aurkezpenetara, izan Madrilera edo beste toki batera, baina bide osoa inoiz gutxi egin du, etapak osatu izan ditu. «Nik bide guztia egiteko asmoa daukat, hasi eta buka», azaldu du Gabiriak. «Egunean ehun kilometroko batez bestekoa egin beharko dut. Gogorra egingo zait, baina gogotsu nago; abentura berri bat izango da».

Hain justu, Irlandan bizitako abentura batetik idatzi zuen bere lehen liburua Gabiriak: Connemara gure bihotzetan. «Herrialde guztia auto-stopean zeharkatu nuen, eta hango bizipenak liburura eraman nituen». 1995ean izan zen hori, eta errusierara itzuli zuten liburua gero. «Itzulpen hura sorpresa izan zen; oraingoa, oparia». 2004. urtean idatzi zuen Han goitik itsasoa ikusten da. Liburuaren 10. urteurrenarekin bat, beraz, Amsterdamen izango da. «Berez, Gabonetan aurkeztu nahi zuen liburua Zirimiripress argitaletxeak, baina nire asmoen berri izan zuenean, aldatu egin zuen data. Hortaz, orain ezin dut atzera egin».

Han goitik itsasoa ikusten da liburuan txirrindulari bat du protagonista Gabiriak: Gino Bartali italiarra. Bigarren Mundu Gerran zeresan asko eman zuela gogoan du idazleak, eta hargatik jaso zituela haren bizipenak. «2003an agertu ziren haren agiri ofizialak, baina nik aurrez banuen zerbaiten berri. Handia zen Bartali, eta pozik idatzi nuen hari buruz». Orain, bera jarriko da bizikleta gainean. «Haren mailarik ezin emango dut, baina, tira, bizikleta egokia behintzat erosi dut. Orain arte mendiko bizikletan soilik ibili izan naiz».

Ibiliaren berri, sare sozialetan

Aurkezpena maiatzaren 31n izango dela aintzat hartuta, bi aste lehenago abiatuko da Gabiria Gernikatik (Bizkaia). «Oraindik ez dakit non geldituko naizen lo egiten, baina hiri batzuk pentsatuta dauzkat dagoeneko. Etaparik gogorrena 130 kilometrokoa izango da». Eguneroko bizipenen berri Twitter eta Facebook bidez emango du, eta, akaso, eibar.org/blogak/gabiria orrialdea ere martxan jarriko du berriro. Biziko dituen abenturek beste liburu bat idazteko adina emango ote dioten, ez daki oraindik. «Lehenik, gozatu nahi dut. Gero gerokoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.