Trikizikloa. Trikitia, panderoa, alboka... guztia bizikleta erraldoi batean. Horiek eta trikiziklokideek osatzen dute talde ikusgarri bezain entzungarri hori. Bertako ibiltariek, musika jotzeaz aparte, pedalei eragin beharra izaten dute, inguruko jendea dantzan jartzen saiatzen diren bitartean. Saio bakarra egin dute orain arte, joan den larunbatean; hain zuzen, Korrika Kulturalaren harira, Donostiako Parte Zaharreko kaleetan. Hori izan da aparatuaren «estreinaldi mundiala», Aratz eta Ander trikiziklokideen esanetan.
«Geldirik dagoenean, zortzi eserleku dituen bizikleta handi bat besterik ez da; martxan dagoenean, berriz, agertoki ibiltari bat da, musikariek jo eta pedalei eragiten baitiete. Kalejira pedaldun bat da». Halaxe definitu dute asmakuntza. Lau metro pasako luzera du tramankuluak, eta zortzi musikarirentzako tokia. Herri musikaren inguruko saltsan «urte batzuk» daramatzan kuadrilla batek jarri du martxan bizikleta bolanteduna. Gehienak donostiarrak edo ingurukoak dira, baina badauzkate Balmasedako (Bizkaia) bi kide ere taldean. Besteak beste, pandero ikastaroak eta kalejirak antolatzen ibilitakoak dira kuadrillakoak.
Kuadrillako bi lagun mendi martxa bat egiten ari zirela, ideia bat etorri zitzaien. Abuztu amaieran izan zen hori. Ordurako, Euskal Herriko festa pila bat pasata zeukaten, eta horien errepasoa egiten ari zirela etorri zitzaien ideia: «Konturatu ginen bizikleta martxa eta horrelako herri mugimenduak ezin zirela alaitu kalejirekin. Ezin zitekeen musika jo eta bizikletan ibili aldi berean!».
Errealitatea zein zen konturatuta, gurpil pedaldunak eta erromeria lotzen hasteko aukerak aztertzen hasi ziren: «Haurrei jartzen zaizkien gurpil txikiak, tandemak, Txinan erabiltzen diren rickshaw-ak...». Txinako enpresa bati aurrekontua ere eskatu zioten, baina, azkenean, beste irtenbide bat aurkitu zuten. Landetako herri txiki batean, «txatarretara» botatzeko zegoen tramankulu bat aurkitu zuten. Orduz geroztik, irailetik, hura konpontzen eta txukun jartzen aritu dira. «Familiakoak zein lagunak, guztiak sartu ditugu saltsan. Lizatu, garbitu, margotu, eserlekuak egin, mekanika prestatu behar izan dugu».
Izena sortzeko garaian, trikitia eta bizikleta hitzak elkartzea erabaki zuten, nahiz eta taldean albokari eta pandero jotzaile gehiago ere badiren.
Udan herriz herri
Datorren saioa maiatzaren 13tik 15era bitartean izango duta, Krititikona baitator Bilbora, Europa guztiko zikloturisten mugimendua; baina dauzkaten logistika arazotxo batzuk konpondu behar dituzte aurretik. «4,3 metroko luzera du, eta arazorik handiena herri batetik bestera mugitzea da». Gorabehera horiek konpontzen badituzte han izatea espero dute. Horrela jarraitzeko asmoa daukate datorren udan ere: deitzen dieten festetara joan eta herriz herri ibiliko dira, bizikletarekin kale bazterrak dantzan jarriz.
Pedalez trikitia astintzen
Donostia aldeko kuadrilla batek Trikizikloa sortu du. Zortzi lagunentzako bizikleta bat da, eta kaleak alaitzea dute helburu, trikiti, pandero eta albokak hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu