Harrezkero bizikleta gainean pasatu dituzte udako opor gehienak. Done Jakue bidea eta Pirinioetako zeharkaldia izan ziren hurrengoak, eta Asiako hego-ekialdea, Costa Rica eta Kuba etorri ziren gero. Bidaia horietan guztietan «bazter polit asko» ikusi dituztela eta kultura aldetik «aberastu» egin direla nabarmendu du Bringasek, baina «beti sentsazio berarekin» itzultzen zirela azaldu du: «Kanpora joan bai, baina etxean bertan daukaguna ez genuela ondo ezagutzen sentitu izan dugu beti».
Pentsamendu horrekin jirabiraka zebiltzala, ume esperantzetan zeudela jakin zuten, eta urrunegi joan gabe, Euskal Herria bizikleta gainean ezagutzeko «une aproposa» zela erabaki zuten. Ezagutu bai, baina bizi izandakoa ez zutela berentzat bakarrik gorde behar sentitu zuten, eta horrek bultzatuta hasi ziren gida prestatzen. «Euskal Herrian barrena bizikletan ibiltzea izugarri aberatsa izan da, eta hemen ikusitakoa kanpoan ikusitakoa bezain interesgarria da», adierazi du.
Bringasek eta Lizasok osatu duten gidak 30 etapa ditu. Hilabete batean mila kilometrotik gora egitea proposatzen dute, egunean 40 kilometro inguru. Euskal Herriko zazpi herrialdeak ezagut ditzakete bizikletazaleek gida honen ibilbideei jarraituz gero. Euskal Herriaren «irudi plurala» ematen saiatu direla zehaztu du: «Zuberoako nekazaritza giroa eta Ibaizabaleko hiri giroa bisita daitezke, Urumearen hezetasuna eta Bardeako idorra, Izturitzeko antzinatasuna eta Kursaalaren modernitatea, Arabako lautadako ordokiak eta Pirinioetako maldak».
IBILBIDEAK DISEINATZEKO BALDINTZAK. Euskal herritarra izan edo ez, bizikletan ibiltzeko ohitura eduki edo ez, «denek» erabiltzeko moduko gida egitea izan da Bringasen eta Lizasoren asmoa. Aurreneko lana «bizikletaz ibiltzeko euskal paradisuak» mapan kokatu zituzten, eta toki horiek elkarrekin lotzeko biderik onenak topatu. Zazpi baldintza jarri zizkioten euren buruei ibilbideak diseinatzerakoan: 30 etapa gehienez, eguneko 40 kilometro eta 750 metroko igoera gehienez, etapa bukaerak kanpin edo aterpetxe batetik hurbil, bideak auto zirkulaziotik urrun eta bizikletaz ibiltzeko aproposak, turismorako leku erakargarriak egotea eta jabego pribatuak saihestea.
Bi urte eta erdiko lanaren ondoren, etzi argia ikusiko duen gidak baldintza horiek denak betetzen dituela azaldu du Bringasek: «Ibilbidearen %99 bizikleta gainean egin daiteke, eta bideen %81 auto zirkulaziotik urrun daude». Bizikleta gainean ibil ezin daitekeen tarteetarako bestelako garraiobideak proposatu dituzte. Pasaian eta Hondarribia eta Hendaia artean txalupa erabili dute. Bilbon sartzeko, metroa erabili dute, eta ateratzeko, berriz, Artxandako funikularra. Eta Portugalete eta Getxo lotzen dituen Bizkaiko Zubia ere probatu dute.
Bidegorriak, zirga edo ibai ondoetako bideak eta bide berdeak eta haien inguruan aurki daitezkeen interes guneak dira ibilbide horietako protagonista nagusiak. «Lapurdiko basoetan inon ikusi gabeko bide lauak daude, Bardean ibiltzea oso gauza berezia da, eta Orbaibarko arkitekturari begira pedalei eragitea ere oso polita izan da».
Etapa bakoitzari lau eta sei orri artean eskaini dizkiote. Etaparen mapa, inguruaren deskribapena, fitxa tekniko bat, krokis bat, informazio praktikoa eta ibilbidearen ezaugarriak biltzen ditu. Bringasek badaki jende guztia ez dela ibilbide guztia egitera animatuko, eta badaki zenbaiti «motz antzekoa» egingo zaiola 40 kilometroko etapa, baina euren helburua bizikletaz ibiltzea baino zerbait gehiago bada: turismoa egitea. Euskal Herriko agintariek turismo mota hau ez dutelako sustatzen «pena» sentitzen du, «turismo merke eta ekologikoa delako».
aurKezPena, eTzI
Euskal Herria en bici gida aurkezteko, ekitaldi berezia antolatu dute Mikel Bringasek eta Rosa Lizasok. Etzi izango da. Goizean Oriora joango dira, trenez. Han bizikleta hartu, eta Usurbilgo jatetxe batean bazkaldu dute. Gero, Donostiara abiatuko dira, eta Ernest Lluch kultur etxean aurkeztuko dute gida. Bazkaltzera joateko asmoa duenak [email protected] helbidean egin behar du erreserba.10:00: Anoetako estadioa. EuskoTren geltokiaren ondoan.
10:37. Trenez joango dira Orioraino.
11:30: Orioko udaletxearen parean dagoen plaza.
13:30: Bazkaria Usurbilgo Arratzain sagardortegian.
17:00: Ernest Lluch kultur etxea, Anoetako estadioa, Donostia. Ekitaldiaren aurkezpena.
17:05: Liburuaren ezaugarrien eta edukiaren azalpena.
17:30: Ikus-entzunezko emanaldia: Euskal Herria bizikletaz, nire lehen bidaia.
18:00: Solasaldia ikusleekin eta argazki-geografia lehiaketa.
GiDaLIBurua
Izena: 'Euskal Herria en bici'(Euskal Herria bizikletaz)
Egileak: Mikel Bringas eta Rosa Lizaso
Argazkiak: Nekane Aranburu eta Mikel Bringas
Orrialde kopurua: 156
Hizkuntza: Gaztelania
Argitaletxea: Elea
Prezioa: 14 euro, aurkezpen ekitaldian