Eiken ikus-entzunezko klusterrari eta Etxepare Institutuari esker, Euskal Herriko hainbat ekoizpen etxe joan ohi dira Cannesko (Okzitania) MIPTV azokara, ikus-entzunezkoen sektorean munduan dagoen garrantzitsuenera. Bileraz bilera aritzen dira euskal enpresetako ordezkariak, eta tarteka lortzen dituzte salmentak. Pausoka ekoizpen etxeak, esate baterako, Sleeping with enemy formatua saldu dio Alemaniako ZDF telebista kate publikoari —Euskal Herrian ez dute ekoitzi—. Maiatzean grabatuko dute, Berlingo loft batean, eta udan estreinatuko dituzte lehen zazpi atalak. Xabier Zabaleta Pausokako proiektuen zuzendaria «oso pozik» dago lortutako akordioarekin. «Formatu horretan, politikari batek egun bat pasatu behar du etxe batean, hura gorrotatzen dutela esaten duten lau pertsonarekin. Astero politikari ezberdin bat izango da protagonista, haren lau etsairekin batera».
Bestalde, Baleuko ekoizpen etxearen Save the tree saioak—3txulo-ko Gorritxo pertsonaia du protagonista— interesa piztu du Hego Koreako eta Kanadako enpresen artean. Gaur amaituko da MIPTV azoka, eta han izan diraBainet, Expressive Media Project, Old Port Films, Prime Time Mediaeta The Blackout Project ekoizpen etxeak ere. Winkle360 enpresa errealitate birtuala lantzen dabil, eta haren ordezkariek adierazi dute azoka edukiak banatzeko eta aliantza estrategikoak sortzeko espazio «paregabea» izaten ari dela. Euskal ekoizpen etxeek nabarmendu dute iazko azokan baino bilera gehiago egin dituztela, eta haien edukiekiko interesa handitu egin dela.
Bilbao Web Fest jaialdiaren ordezkariak aurreneko aldiz izan dira Cannesen, eta esperientzia «oso positibotzat» jo dute.
Azoka ofizialki astelehenean hasi bazen ere, asteburuan Mipformats International Pitch lehiaketa egin zuten. Bost finalistetako bat Pausokaren The best in history formatua izan zen.
Telesailen jaialdia, 2018an
Egunotan Cannesen arreta piztu duen albistea datorren urterako antolatuko duten telesailen jaialdia da. Cannes Series nazioarteko jaialdia 2018ko MIPTV baino bi egun lehenago hasiko da, eta zortzi eguneko iraupena izango du. Hiriko zinema aretoetan proiekzioak egingo dituzte herritarrentzat, eta telesailen inguruko jardunaldi eta ekitaldi ugari prestatuko dituzte.
MIPTV azokatik independentea izango da jaialdia. Orain arte, fikzioko estreinaldiak MIPDrama Screening atalean egin dituzte. Egunotan, aurrekontu handiko telesailak aurkeztu dituzte: Neil Jordan zinemagileak idatzitako Riviera (Sky), tenplarioen inguruko Knightfall, Kansai TVren Crisis —azokan estreinatu den Japoniako aurreneko telesaila— eta Call my agent komedia. Disneyk ekoizpen batzuk aurkeztu ditu: Marvel's Inhumans, The Crossing eta itsaslamina hiltzaile batzuen inguruko lan bat. Lionsgatek, berriz, Dirty dancing filmaren hiru orduko remake bat eta Candy Crush jokoan oinarritutako lehiaketa bat egingo ditu.
Pausokaren formatu bat ekoitziko du Alemaniako ZDF kate publikoak
Gaur amaituko da Cannesko MIPTV azoka. Euskal Herriko zortzi ekoizpen etxe joan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu