Gerard Choplin. Lurramako aitabitxia

«Pauso txikiak ematea posible da herri nekazaritza garatzeko»

Idazle eta analista da Choplin, laborantza politikan eta elikaduran berezitua. Laborantza Politika Bateratuaz mintzatu da, eta bere proposamenak zeintzuk diren azaldu du. Baikorra da geroari begira.

BOB EDME.
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Oso gertutik behatzen du Gerard Choplinek (1951, Pont de Gennes, Frantzia) LPB Europako Laborantza Politika Bateratuaren erreforma. Nabarmendu du berak azaltzen dituen proposamenetatik «oso urrun» dagoela, eta, hemendik epe luzera martxan jarriko ez den arren, ziur dago gaur egun pauso txikiak egin daitezkeela, betiere tokiko nekazaritza garatzeko eta zaintzeko helburuarekin.

Aitabitxi izendatu zaituztela eta, zein mezu eman nahi duzu?

Hasteko, ohore bat da Lurramako gozaita izendatu izana. Nire mezu nagusia da hainbat gauza egin behar ditugula gure platerak aldatu ahal izateko, gure lurrak biziarazteko, planeta hotzarazteko eta biodibertsitatea eta gure osasuna salbatzeko, hala nola tokiko egitasmo gehiago behar ditugu ekoitzi, kontsumitzeko beste modu bat dagoela frogatzeko eta politika nazional, europar —LPB — eta nazioartekoak behar ditugu.

Zer garrantzi ematen diezu Lurrama eta antzeko topaketei?

Ez naiz inoiz Lurraman izan; aurkikuntza bat izango da. Dena den, horrelako beste hainbat topaketatan izan naiz, eta esan dezaket nekazaritzaren eta elikagaien truke eta bizikidetza toki oso baliagarriak direla. Nekazaritza industrializatuaren zapalgailuari aurre egiteko, elikadura aseptiko bati aurre egiteko, interesgarria da herri egitasmoak aurkeztea. Eztabaidatzeko leku bat ere bada, herri, eskualde, nazio, Europa eta nazioarte mailako politika berriez mintzatzeko.

Aurten LPBa aipatuko da Lurraman, batez ere laborantzaren helburua elikadura ekoiztea dela azpimarratuz.

Nekazaritza politikaren lehen helburua herritarrak produktu osasuntsu, nutritibo eta askotarikoez elikatzea da, elikadura segurtasun on bat bermatzeko. LPBa, baina, gaur egun, zoritxarrez, ez dago horra bideratuta. Gogoraraz dezagun Europako Batasuna munduko elikagaien lehen esportatzailea dela, baina baita lehen inportatzaile ere, eta, ardo eta alkohol esportazioak kentzen baditugu, biziki defizitarioak gara. Eta defizita bereziki fruitu, barazki eta itsasoko produktuetan areagotzen da. Europako Batasunak, zeharka, hamarnaka milioi hektarea lantzen ditu beste kontinenteetan.

Gure nekazaritza esportazio eta inportaziorantz bideratzea arriskutsua da klimarentzat, eta gure elikadura segurtasunarentzat, baina nekazarien errenta baldintzatzera eramaten du.

Zein dira zure proposamenak LPBaren erreformaren inguruan?

Duela urte eta erdi LPBrako eskualdeetako Europako Batzordeko txostengilea [Guillaume Cros Okzitania eskualdeko presidenteordea] laguntzen dut Europako ministro eta diputatuei egin beharreko gomendioak formulatzen. LPBa, non ekoizleek, kontsumitzaileek eta herrialdeek beharrezkoa duten, oraindik ez dago eztabaidaren mahai gainean: LPBa justu bat behar dugu, iraunkorra eta solidarioa. Horretarako hainbat proposamen ditut, hala nola nekazaritza errenta prezio justuen salmentetatik etorri behar da batik bat; prezio justu horiek kontuan hartu behar dute ingurumen plan eta plan sozialean oinarritutako ekoizpen jasangarria. Horrez gain, nekazaritza merkatuak erregulatuak behar dute izan prezio iraunkor bat ziurtatzeko.

LPBaren aurrekontuak eskualde behartsuen ekoizpen kostu handienak konpentsatu behar ditu, eta ustiategi agroekologikoen trantsizioaren alde egin. Europako Batasunean ere harmonizazio sozial eta fiskalak egon beharko luke. Martxan dagoen LPBaren erreforma horretatik guztitik oso urrun dago...

Egoeraren aurrean baikorra ala ezkorra zara?

Ezkorrak ikusle izatera kondenatuak daude. Nahiz eta indar politikoek, ekonomikoek eta geoestrategikoek mugatzen duten erreforma, gaur egungo egoera kontuan hartuta, luzaroan ezingo da saihestu erreforma erradikal bat egotea. Brexit-a... LPBaren erreforma ez da onartuko hurrengo maiatza baino lehen, orduan eginen dira Europako hauteskundeak. Beraz, Europako mandatarien berritzea ez da egingo hurrengo udazkenera arte, eta horrek esan nahi du erreforma ez dela aplikatuko 2021era arte, bederen.

Hala ere, pauso txikiak ematea posible da herri nekazaritza garatzeko eta zaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.