ATZEKOZ AURRERA

Pauso berean, andre eta gizon

Emarri giza-proba taldeak antolatuta, ateak irekitzeko eguna egin dute Astigarragan, Perurenako probalekuan. Harriari tiraka aritu dira, aurrenekoz, hainbat emakume eta gizon.

Harria tiraka, giza proban aritu ziren atzo hainbat emakume eta gizon Perurenako probalekuan, Astigarragan. JON URBE / ARP.
urtzi urkizu
Astigarraga
2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Harriari tira egiteko prest dago. Lehen aldia du, eta urduri mintzo da Sonia Lizardi: «Arantzatik [Nafarroa] etorri naiz. Aian (Gipuzkoa) ikusi nituen aurrenekoz emakumeak giza proban, eta agitz polita iruditu zitzaidan. Saiatu arte, ez dakit nola joango den». Sartu da Lizardi probalekuan, beste emakume eta gizon batzuekin batera. Karmele Irastorza entrenatzaileak eman dizkie argibideak, eta denak joan dira pauso berean, andre eta gizon. Amaitu ostean, pozik nabari zaio Lizardiri: «Pixka bat nekatuta nago. Baina pentsatzen nuena baino suabeagoa izan da. Errepikatzeko prest nago. Lagunei gomendatzeko modukoa da». Garai batean sokatiran eta herri kiroletan aritutakoa da Lizardi, eta, orain, animatu da harriari tiraka. «Segida duen, ikusiko dugu». Emarri giza-proba taldeak antolaturik, ateak irekitzeko eguna egin zuten atzo Astigarragan (Gipuzkoa), Perurenako probalekuan. Emakume tiratzaileena da taldea, baina denek nabarmendu dute andreentzat zein gizonentzat antolatzen dutela jardunaldia —hirugarren urtea dute—.

Beratik (Nafarroa) iritsi da Alex Villanueva, eta lehen aldia du harriarekin. «Apirilean lankide baten agur festa bat egingo dugu, eta harriarekin proba egiteko asmoa dugu hainbat emakumek eta gizonek». Saioa egin, eta ez zaio gogorregia egin. «Denok pauso berean joan gara, ongi ikusi dut».

Hasiberriak eta beteranoak, denek gozatu dute kirolaz, maila berean. Olatz Mitxelena Emarri taldeko kideak —taldea sortu zenetik ari da tiratzen— azaldu du 2013aren aurretik Ergobia auzoan (Astigarraga) aritzen zirela tiraka. «Kirola gustatu zitzaigun, Ergobiako mutilen kontrako apustu batean aritu ginen, eta horrela sortu zen dena». 550 eta 600 kiloko harriekin aritzen dira. Taldean, orotara, hamabost lagun daude, eta horietatik 11 harriari tiraka aritzen diren emakumeak dira. Tartean da Lezoko (Gipuzkoa) Marina del Rio: «Beti egin izan dut kirola: futbola, atletismoa... Baina hau oso ezberdina da. Denek batera joan behar dugu, pausoan. Fisikoki ondo egotea, edonola ere, oso garrantzitsua da».

Oiartzungoa (Gipuzkoa) da Eneritz Arbelaitz, eta alderatu egin ditu entrenamenduak eta plazako saioak: «Entrenamenduak gogorrak dira, eta gogortu egiten zaitu. Baina, plazan, jendeak indar handia ematen dizu, eta satisfazioa da sentsazio nabarmenena. Denek indarra batera egiten dugunean, harria bera bakarrik doa ia». Aldiz, kontua okertu egiten da denak ez badoaz pauso berean. «Orduan, baldar goaz, eta doble kostatzen da».

Denek batera joateko, funtsezkoa da entrenatzailearen lana. Karmele Irastorza tiratzaile gisa hasi zen, eta, orain, Emarriko entrenatzailea da, Mikel Arriagarekin batera. «Kirol honek asto indarrekoa dela ematen duen arren, teknikotik asko du, eta lan teknikoa ondo eginarazi behar dugu». Taldearen bilakaera «oso pozgarria» izaten ari dela iruditzen zaio entrenatzaileari: «Gure arteko harremana zoragarria da, batetik. Kanpora begira, bestetik, plazaz plaza joaten garenean oso harrera polita izaten dugu. Halaber, sortzen diren desafioak motibaziorako bidea dira».

Ikusleen artean, Hodei Lujanbio dago. Goizuetatik (Nafarroa) etorri da ateak irekitzeko egunera. «Bikotekidea tiratzen aritzen da, eta bera ikustera joan ohi naiz. Entrenamenduren batean lagundu izan diet, bat falta izan dutenean. Zazpi badaude, ezin da, zortzirekin egin behar da tira». Lujanbiori oso ongi iruditzen zaio emakumeak giza proban ikustea: «Duela gutxira arte, soilik gizonezkoak ikusten ziren. Primeran iruditzen zait bai gizonak bai emakumeak kirol honetan aritzea».

Sufrimendu partekatua

Perurenako probalekuaren aldamenean pilotalekua dago. Larunbat goiza izaki, mutil koxkor ugari ari dira futbolean entrenatzen. Goian, hutsik dago Perurenako taberna-jatetxea; inguruko herrietako jende asko joan ohi zen hara, baina itxi egin zuten. Gertu dago Mugaritz jatetxea ere. Hango luxuzko sukaldaritzatik aparte ari dira egiten ateak irekitzeko eguna, baina bestelako luxuekin. Giro onaren eta elkartasunaren luxuarekin.

Duela bi urte, ateak irekitzeko beste egun batean ezagutu zuen Emarri taldekoen lana Eider Arcok. «Ezagun batzuek esan zidaten joateko. Polita iruditu zitzaidan». Saskibaloian jokatzen du Arcok, txikitatik. Aurreneko aldiz emakumeak tiraka ikusi zituenean, gustatu bai baina okerragoa izango zela iruditu zitzaion. Uste du bestelako kirolekin alderatuta, oso ezberdina dela giza proba: «Talde lana askoz garrantzitsuagoa da. Sufritzen da, baina sufrimendua partekatua da».

Probalekuko saioak egin ostean, taldeko argazkia ateratzeko batu dira denak, andre zein gizon, hasiberri zein beterano. Sufrimendu partekatuaren ostean, irribarre partekatuaren unea iritsi da. Eguneko desafioa irabazita, hurrengo plaza zain dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.