Sudur gorririk eta mototsik gabe dira Aiora Zulaika (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975), Joxe Mari Agirretxe (Lasarte-Oria, 1964) eta Mertxe Rodriguez (Lasarte-Oria, 1968). Sudur gorridunak eta motosdunak dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Jaioterriko Ttakuene elkartean ari dira elkarrizketak ematen, eta maitasuna banatzen. Herri omenaldi erraldoia egingo diete maiatzaren 3an, BECen. Joko bat da proposamena: Maite zaitut abestiaren letra zatiekin egindako elkarrizketa bat. Lehen pertsona bat da emaitza: «Ilargiraino eta buelta maite zaituztegu».
«Ezin loak hartu gaua iristen denean». Hala zaudete?
PIRRITX: Bi hilabeteren faltan, aitortuko dizut lo egin ezinda hasi naizela, bai.
PORROTX: Baina ez festari begira bakarrik. Gure herrian eta gure herriko arazoetan bizi garen pertsonak gara: herrigintzan. Eta bizitzen ditugun horiek ere ohera eramaten ditugu askotan. Bizi dugun munduan buruhauste asko izaten da, eta lo hartzea kosta egiten zaigu.
MARIMOTOTS: Lo hartu ezin dudanean, nire trukoa izaten da ohean sartu eta koloretako mundu batekin amestea. Segituan hartzen dut lo, eta amets politak izaten ditut.
«Zarauzko hondartzan, toallan jarrita eta itsasoari begira sortu genuen 'Maite zaitut'»
PIRRITXPailazoa
«Saltoka hasi eta hegan egiteko gogoa» duzue oraindik? Ez duzue aurki erretiroa hartzeko asmorik, ezta?
PORROTX: Esan izan dut hiltzen garenean gure hilkutxetan zuloak egin beharko dituztela gure zapatak atera daitezen. Hori beti zurekin daramazun zerbait da.
PIRRITX: Umorea ez baita barre algara bat edo txiste bat bakarrik. Harago joanda, bizitzeko modu bat da, bizitza ulertzeko modu bat, jartzen dizkizuten erronkei aurre egiteko. Hori guztia arituz ikasi dugu hamarkada hauetan guztietan, eta horrekin jarraituko dugu.
MARIMOTOTS: Eta jarraitzen dugu salto egiten. Egia da urteak aurrera doazela eta saltoak ez direla lehengoak, baina ikasi ditugu beste teknika batzuk. Olagarroarena, esaterako.
Olagarroarena?
MARIMOTOTS: Gerritik behera gutxi mugitzen gara, eta besoak mugitzen ditugu asko.
PORROTX: Badakizu: olagarroak zortzi garro ditu, eta hiru bihotz. Eta horiek laguntzen digute.

«Bitxiloreekin pultsera» nork egin zion nori?
PIRRITX: Umeek egin dizkigute imajina ditzakezun pultsera mota guztiak: makarroiekin, bitxiloreekin, egurrezko bolatxoekin...
MARIMOTOTS: Beren izenekin, eraztunekin...
PORROTX: Bitxiloreekin egindako pultserak baino gehiago txupeteekin egindako sortak oparitzen dizkigute. Txupetea uzteko unea iristen zaienean.
«Maite zaitut». Maitasun kanta bat da?
PIRRITX: Bai, maitasun kanta bat da, baina ez maitasun erromantikoari eskainia. Maitasun kanta bat da, haurraren begiradatik, alaitasunetik eta emozioetatik egina.
MARIMOTOTS: Eta haurraren hizkuntzatik, eta haurraren hizkuntzan. Patata tortilla asko-asko gustatzen zaie, eta guri ere bai. Eta noraino maite dute gurasoek? Bada, ilargiraino eta buelta.
PORROTX: Bizi nahi duen herri bat gara. Menpeko nahi gaituzte, baina guk alaitasunez eta maitasunez bizi nahi dugu.
Baina nork egin zuen letra? Noiz? Arkatzez? Koadernoan? Ahozapi batean?
PIRRITX: Esango dizut udako opor batzuetan izan zela. Gure bikotekideak lanean egongo ziren, zeren Joxe Mari [Porrotx] bere seme-alabekin zegoen eta ni nire semearekin, Zarauzko hondartzan [Gipuzkoa], toallaren gainean jarrita. Hor sortu genuen Maite zaitut abestia, itsasora begira.
Eta sortu zenuten neurgailu berri bat: «Pila pila patata tortilla».
PORROTX: Gaur ere patata tortilla ekarri dugu [Hamaiketakorako daukate jarrita]. Patata tortilla bada modu jolasti bat maitasuna adierazteko.
MARIMOTOTS: Patata tortilla da norbere etxea, norbere ama. Kanpoan zaudenean, zer botatzen duzu faltan? Familia, lagunak... Eta patata tortilla bat izaten duzu buruan: etxera iristean amari eskatzen diozun hori.
«Haurren hizkuntzan egindako maitasun kanta bat da 'Maite zaitut'»
MARIMOTOTSPailazoa
Eta zuen artean nork egiten du onena?
PIRRITX: Joxe Marik egin ditu mordo bat.
PORROTX: Zenbat egin ote ditut seme-alaben ikasketa bidaietarako. Astero egiten genuen bat, zortzi arrautzarekin. Ez dakit hala zen edo ez, baina esaten zidaten amaitzen zen lehenengoa beti nirea zela.
Tipularekin?
PORROTX: Bai, tipularekin.
PIRRITX: Nik oroitzen dut nire amama Feliparena.
MARIMOTOTS: Nik ere gozoak egiten ditut, baina amarenak ditut gogoan.
PORROTX: Maitasunez eginda dauden guztiak maite ditut. Oso esker oneko lana daukagu, eta lanbideak erakutsi digu esker onekoak izaten. Patata tortilla maitasunez egina dagoenean, beti jan eta eskertzen dut.
PIRRITX: Hainbat eta hainbat ekartzen dizkigute aldageletara.
«Elkarrekin ortzadarra margotu» duzue askotan?
PORROTX: Guk beti esaten dugu, saio bakoitzean, mundua konpontzen dugula oholtzan. Eta jaisten garenean?
PIRRITX: Berriro konpontzeko dugula.
MARIMOTOTS: Nik koloretako betaurrekoak ditut. Janzten ditudan bakoitzean, munduaren kolorea aldatu egiten da. Mundu nahiko zuri-beltzean bizi gara.
PORROTX: Eta beltza aipatu duzula, ohitura dugu kolore beltza modu negatiboan erabiltzeko: etorkizun beltza, mundu beltza... Baina gure ibilbidean, eta Nanka Nanka elkarteko lagunei esker-eta, ikasi dugu gure ostadarrak ere baduela eta behar duela beltza. Beltza ere ederra da eta.

«Ispiluan nire izena idatzi duzunean». Hogei urte geroago, zer ikusten da ispilu horretan?
PIRRITX: Zimurrak, eta ikaragarri [barrez]. Baina gauza bat esango dizut: pailazo margoak zimurrak estaltzen ditu.
MARIMOTOTS: Baina Marimototsek, adibidez, panpina honetan [eskuetan hartu du] motots beltzak ditu. Gaur egun, Marimototsek urdindutako mototsak ditu, Mertxek ere halaxe dituelako.
PIRRITX: Ispiluak esaten dizu denbora ez dela alferrik pasatu. Baina zoriontasuna ematen dizu pentsatzeak: «Etorri naiz mundu honetara, eta ez naiz aritu denbora alferrik galtzen». Denbora pasatu dudala gustuko gauza batean, ipar batekin eta jende onez inguratuta.
PORROTX: Gure ibilbidean ikusi dugu umorea jarrera bat dela bizitzan, errespetuzkoa, alaia eta eraikitzailea.
Sudur gorria zer da: superbotere bat edo ezkutaleku eder bat?
PIRRITX: Gu sudurraren atzean ez gara ezkutatzen. Gu sudurrarekin jendaurrera ateratzen gara.
MARIMOTOTS: Ez gara ezkutatzen, baina egia da ausardia ematen digula.
PIRRITX: Superbotere bat da, bai. Sentitzen duzun hori esan eta egiteko boterea ematen dizuna. Ezinezkoak diruditenak egiteko aukera.
MARIMOTOTS: «Maite zaitut» ere errazago esaten duzu.
PORROTX: Euskal Herrian pailazoak ugaritzen ari dira azken boladan, eta gure leloa ere bada: «Herri bat, sudur gorri bat».
«Begietara begira, hauxe nahi dizut esan». Nori esan diozue, azken aldiz?
PORROTX: Gaur goizean bertan, nire bikotekideari, etxean. Iraultzak etxetik hasten direlako, eta txikitik.
PIRRITX: Nik asko maite dut haurrei begietara begiratzea. Eta orain egunero lantzen dut hori ikastolan.
MARIMOTOTS: Begietara begiratzea bada beste gauza bat gure pertsonaiak erakutsi diguna.
Eguneratu beharko litzateke abestiaren letra? Adibidez: «Maite zaitut mugikorra, maite zaitut. Maite zaitut sushia, pila pila. Maite zaitut, Marteraino eta buelta».
MARIMOTOTS: Ez litzateke gure abestia izango [hirurak, barrez].
PORROTX: Gu analogikoak gara, guk kontaktua behar dugu, begietara begiratu, elkarrekin egon, eta elkarrekin egin.