Zibergela

Pasta termikoa, ordenagailuen osagai ezezaguna

Erabiltzaileek askotan jaramonik egin ez badiote ere, pasta termikoa ordenagailu guztietan dago. Oso osagai garrantzitsua da prozesagailuaren hozte sistemarako eta, beraz, ordenagailuaren funtzionamendu egokirako. Osagai ezezaguna da, mantentze txiki bat eskatzen badu ere.

Prozesagailuaren gaineko aldearen eta haizagailuaren artean aplikatzen da pasta termikoa. BERRIA.
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Bitarlan informatika eta web zerbitzuak

Pasta termikoa funtsezko osagaia da ordenagailuetan. Baina askotan ez zaio jaramonik egiten; oharkabean mantentzen da, prozesagailuaren azpian ezkutatuta. Hala ere, ordenagailu guzti-guztietan dago, eta prozesagailua erabiltzen duten beste gailu batzuetan ere bai. Gainera, pasta termikoari ez erreparatzea arazo iturri bat izan daiteke maiz.

Zer da pasta termikoa

Pasta termikoa masa moduko substantzia da, grisa edo zuria izan daiteke, mota eta osagaien arabera. Pasta termikoaren berezko ezaugarri nagusia eroankortasun termiko altua eskaintzea da. Horregatik, prozesagailuaren gaineko aldearen eta haizagailuaren artean aplikatzen da.

Jakina denez, prozesagailua martxan dagoenean tenperatura handi samarrak hartzen ditu, eta tenperatura horiek prozesagailua bera eta inguruneko osagai eta zirkuitu elektrikoak ur ditzake. Hori dela eta, ordenagailu guztietan, prozesagailuen gainean, indar handiko haizagailu bat jartzen da. Izan ere, prozesagailua hoztu behar da ezinbestean. Hain garrantzitsua denez prozesagailua hoztea, horrez gainera, pasta termikoaren bitartez ere optimizatu behar da hoztesistema. Pasta termikoaren xedea beroa prozesagailutik haizagailura mugitzea da. Ondoren, haizagailuak beroa ordenagailutik at aterako du. Halaber, pasta termikoak estaltzen ditu azalera metalikoetan egon daitezkeen irregulartasunak, eta horrela haizagailuaren eta prozesagailuaren arteko kontaktua hobetzen da.

Pasta termikoaren eta haizagailuaren erabilerarik ezagunena prozesagailuan jartzea bada ere, ordenagailuen beste osagaietan ere jartzen da maiz, txartel grafikoetan, adibidez. Elikadura iturriak ere haizagailu sendoa erabili ohi du.

Pasta termiko motak

Pasta termiko mota bi nagusi aipa daitezke, zuria edo zeramikoa eta metalikoa. Zuriak zeramika hautsa dauka, silikona moduko pasta batean. Pasta metalikoen kasuan, silikona horretan zilarrezko edo aluminiozko osagai metalikoak gehitzen dira. Pasta metalikoak zuriak edo zeramikoak baino garestiagoak izaten dira, eta, berez, osagai metalikoek zeramikak baino eroankortasun termiko handiagoa eskaintzen dute. Dena dela, gustu desberdinetarako daude koloreak, eta, teknikariaren arabera, mota bat edo bestea gomendatuko du. Edonola ere, oro har bi motak aurki daitezke salgai informatika eta elektronika denda espezializatuetan. Gainera, dosi bakarreko aleetan ere saltzen dira.

Itsasgarria duten pasta termikoak ere badaude merkatuan, baina horiek ez dira batere gomendagarriak prozesagailuaren eta haizagailuaren artean ipintzeko.

Pasta termikoaren mantentzea

Arestian esan den bezala, oso garrantzitsua da prozesagailuaren eta oro har ordenagailuaren osagai elektroniko desberdinen hozte sistema zaintzea, eta ez soilik tenperatura altuetan osagai elektronikoak ur daitezkeelako. Oro har, prozesagailuak bero gehiegi izanez gero eraginkortasuna galtzen du, eta batzuetan txarto ibil daiteke. Gehiegi berotzen bada, ordenagailua bere kasa berrabiaraz edo itzal daiteke.

Pasta termikoen silikonaren osagaietariko bat ura da, eta ur hori denborarekin eta erabilerarekin lurruntzen joaten da. Azkenean, pasta termikoa gogortzen joaten da, eta ez du betetzen bere lana behar bezala. Hori hainbat urtetan gerta daiteke, baina, erabileraren arabera, batez ere etengabe piztuta badago ordenagailua, urtero aldatu beharko litzateke pasta termikoa.

Pasta termikoa aldatzeko, ordenagailua ireki behar da. Ondoren, bihurkin batekin haizagailuaren torlojuak kentzen dira, eta haizagailua ateratzen da. Era horretan, prozesagailua azalduko da. Pasta zaharra garbitu behar da prozesagailu eta haizagailutik, zapi batekin eta kontu handiz. Hori eginda, pasta berria heda daiteke prozesagailuan, era uniforme batean eta ondorengo zirkuituetara zabaldu gabe. Pasta jartzeko plastikozko espatula txiki bat edo oihal bat erabil daiteke. Hori eginda, berriz haizagailua eta torlojuak jar daitezke eta ordenagailua itxi.

Bideo honen bitartez pasta termikoa nola aldatu ikus daiteke: http://www.youtube.com/watch?v=Txtd974sRPE#
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.