Zientzia

Passion for Knowledge zientzia jaialdirako izena emateko epea zabaldu dute

Urriaren 2tik 7ra, Euskal Herriko zein nazioarteko zientzialariak bilduko dituzte; tartean, zortzi Nobel saridun, azken hamarkadetako aurkikuntzarik garrantzitsuenen berri eman dezaten

Jocelyn Bell Burnell, pulsar baten irrati seinalea lehen aldiz aurkitu zuen zientzialaria, 2019ko Passion For Knowledge jaialdian. JON URBE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2023ko irailaren 4a
14:13
Entzun

Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa guneak antolatzen du Passion for Knowledge (jakiteko grina) jaialdia, eta dagoeneko zabaldu du epea hitzaldiak entzuteko izena emateko.

«Etorkizuneko belaunaldien ongizaterako ezinbestekoa da zientzia», antolatzaileen aburuz, eta ideia hori bultzatzeko egiten dute jaialdia, zientzialarien komunitatearen eta gizartearen arteko arrakalan «zubilana» egiteko asmoz.

Hiru urtetik behin egiten dute, eta horri esker koronabirusak eragindako pandemia saihesteko zoriona eduki dute. Izan ere, aurrekoa, 2019. urtean egin zuten, eta ia 12.000 entzule bildu zituen.

Aurtengoa, urriaren 2tik 7ra egingo dute. Donostian hasi zen jaialdia, eta Viktoria Eugenia antzokia izango da, aurten ere, agertoki nagusia. Baina aurreko saioetan harturiko joerari jarraiki, beste hainbat lekutara zabalduko dituzte ekitaldiak, besteak beste Bilboko Euskalduna jauregira.

Zortzi Nobel saridun

Antolatzaileek azken hamarkadetako aurkikuntzarik garrantzitsuenetako protagonistak gonbidatzen dituzte, euren lanaren berri eman dezaten. Nobel saridunak izan ohi dira tartean, eta, aurten, horietako zortzi entzuteko aukera egongo da.

Hizlarien artean daude Jocelyn Bell Burnell astrofisikaria, Jean-Marie Lehn kimikaria (kimika Nobel sariduna 1987an). Pil-pilean dauden gaiak jorratuko dituzte. Esaterako, teknologia kuantikoen inguruan mintzatuko da Innsbruckeko Francesca Ferlaino ikertzailea (Feltrinelli saria jaso zuen 2017an).

Baina fisikaz eta kimikaz harago joan nahi du jaialdiak. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzako protagonistetako bat, Joaquin Gorrotxategi EHUko irakaslea, mintzatuko da.

Hitzaldiez gain, jakintzarekin loturiko beste hainbat ekitaldi egingo dituzte: esaterako,erakusketak, haurrentzako tailerrak, eta topaketak bigarren hezkuntzako ikasleekin.

Gonbidatu zerrenda osoa eta egitarau xehatua ikusteko, eta izena emateko webgune bat eratu dute: p4k.dipc.org.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.