Erakusketa hori, ordea, Rabanneren jantziak ikusgai jartzea baino gehiago izango da: instalazioek, Pasaiako herria eta haren bizitza uztartuz, Rabannek denboran egindako bidaia emozional eta espirituala irudikatuko dute.
36ko gerragatik, Rabaneda Cuervo sendiak Pasaiatik ihes egin behar izan zuen, Rabannek bost urte zituenean. Bretainian babestu ziren. Toki seguruan, gerrak eragindako tentsioak askatzean, bidaia astral bat izan zuen, eta orduan hasi zen garatzen gaur egun den artista hori.
«Guretzat, oso garrantzitsua zen proiektuak izaera sozial eta erreibindikatzailea izatea, eta errefuxiatuen gatazkaren eta artearen arteko lotura erakustea», dio Enrique Santiago erakusketaren zuzendariak. Horregatik, errefuxiatu talde batek parte hartze zuzena izan du erakusketan.
Pasaia Rabanne, imajinarioaren arrazoiak erakusketak Rabanneren bizitza jaso nahi du haren irudia goraipatzeko. Horregatik, Pasaiako Ciriza eraikina hamar ataletan banatu dute antolatzaileek, dekonstrukziotik abiatuta, Rabannek bere marka nola eraiki duen islatzeko.
Dekonstrukziotik eraikia
Gerrak suntsitutako eraikin bat ikus daiteke lehen instalazioan, «emozionalki, gune triste eta larri batetik zati lasaiago baterako urratsa»; bigarrengoan, Santiagoren hitzetan, Rabannek Pasaiara eginiko bisitak, bere desfileak eta hari buruzko albisteak. «Bisitariak Rabanneren jantzietako baten barruan dagoela sentituko du».
Erakusketarekin Rabanne ilusioz gainezka dagoela esan dute antolatzaileek. Halere, osasunez makal dagoelako, ez dakite inaguraziora etortzerik izango duen.