Pasaiako portutik dator notizia

Itsas portuetan funtzionatzeko modu jakin bat izaten dute, eta bete beharreko hamaika arau. Atoiontziak, itsasargiak, eta ababorra eta istriborra erabiltzen dituzte erreferentzia gisa, besteak beste.

'Auto Aspire' itsasontzia Pasaiako portuan sartzen, atoiontzi baten laguntzarekin, artxiboko irudi batean. FRANCIS SISTIAGA
'Auto Aspire' itsasontzia Pasaiako portuan sartzen, atoiontzi baten laguntzarekin, artxiboko irudi batean. FRANCIS SISTIAGA
nerea intxausti
Pasaia
2025eko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Pasaiako gidariak, Pasaiako gidariak. Ohioborg», entzun da Pasaiako (Gipuzkoa) itsas portuko gidarien bulegoko hamalaugarren kateko irratitik. «Bai, Ohioborg. Portu gidariak. Aurrera», erantzun du Joxean Arrieta portuko gidariak. Merkataritzako ontzien kapitaina da, eta Ohioborg merkantziaontziaren kapitainari Pasaiako portuko bokaletik ateratzen lagundu beharko dio 13:30ean. Lezo (Gipuzkoa) aldeko moilan egon da orain arte.

Portuan dauden itsasontziei zerbitzua ematen diete portuko gidariek, atoiontziek eta amarratzaileek. Itsas portu bakoitzeko agintaritzak kudeatzen du itsasontzi bakoitza non amarratu behar den, kargaren arabera. Egunero zerrenda bat pasatzen diete zerbitzu emaileei, haiek jakin dezaten zein itsasontzi sartuko den portura eta noiz. 

Itsasontzi bat porturatzen denean, bostehunetik gorako tonaje gordina badu, beti beharko du portuko gidari bat —gainontzekoak arrantzontziak ala ontzi txikiak dira—. Tonaje gordinak adierazten du itsasontzi bat bere osotasunean zenbatekoa den. Portua ez dago inoiz itxita, baina gidaririk gabe itsasontzi handi bat ere ezin da portuan sartu; txikiak, aldiz, bai. 

«Pasaiako portuan sartzea zaila da, estua baita, eta sigi-saga joan behar da»

JOXEAN ARRIETAPasaiako portuko gidaria eta kapitaina

Arrieta Pilot deituriko ontzi batean hurbilduko da Ohioborg ontzira, eta haren zubira igo, nabigazio kontrolak dauden tokira. Portuko gidarien lana da merkantziaontzietako kapitainei aholkuak ematea: nondik joan, nora ez gerturatu, noiz frenatu, zerekin kontuz ibili... «Zenbaitetan, lema hartzen dugu; beste batzuetan, ez. Batzuetan, guk atrakatzen dugu itsasontzia; beste batzuetan, ez», azaldu du Arrietak. Hori bai, kapitainak berak hartuko du beti azken erabakia, «ondorioak edozein direla ere». 

Portuko gidariek oso ondo ezagutzen dute badia: «Ni [Pasai] San Pedrokoa naiz, eta betidanik ezagutu dut portua, baina, hona lanera sartu nintzenean, beste mundu bat ezagutu nuen». Gainera, Pasaiakoa berezia da: «Pasaiako portuan sartzea zaila da, estua baita, eta sigi-saga joan behar da». 

Edonolako ontziak eta itsasontziak —itsasoan ibil daitezkeen ontziak— sar daitezke portuetara, baina muga bat dago badia bakoitzaren sakoneraren eta zabaleraren arabera. Esaterako, Pasaiako portuan sar litekeen itsasontzirik handienak 42.424ko tonaje gordina izango luke, 181 metro, eta, gehienez ere, bederatzi metroko zingoa. 

Arrietak lagunduko dio Ohiborg itsasontziko kapitainari. Gero, San Pedroko bulegoetara itzuliko da Pilot ontzian, harik eta besteren batek bokaletik sartzeko laguntza behar duen arte. 

Itsasontziekin sokatiran

Itsasontzi handi horiek merkantziaontziak izan ohi dira, eta ezaugarri jakin batzuk badituzte eta tamaina batetik gorakoak badira, atoiontzien laguntza behar izaten dute zenbaitek, portuko gidarien laguntzaz gainera. Atoiontziek itsasontzi handiak maneiatzen dituzte badia barruan: soka batez lotu eta arrastatu egiten dituzte, bultza edo tira egiten diete. Noizbait badia barruan frenatu behar izanez gero, atoiontziek zuzen eusten diote itsasontziari, ez dadin alde batera edo bestera okertu. 

(ID_14768893) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-03-13, Pasaia. Juan Ozores, Pasaiako Portuko atoiontzien arduraduna
Juan Ozores, joan den astean, 'Facal Dieciocho' atoiontzian, Pasai San Pedron. GORKA RUBIO / FOKU

«Traktoreen parekoak dira atoiontziak: indar handia dute, eta abiadura txikia»

JUAN OZORESPasaiako portuko atoiontzien arduraduna

«Atentzioa ematen du lan honek, egia esan», aitortu du Juan Ozores Pasaiako portuko atoiontzien arduradunak, eta atoiontziak traktoreekin alderatu ditu: «Traktoreen parekoak dira atoiontziak: indar handia dute, eta abiadura txikia». Portu horretako atoiontziek bi motor dituzte, eta, guztira, 3.500 zaldiko indarra. 

Horrez gain, portuan gerta daitekeen edozein larrialditan ere esku hartzen dute: suteak itzaltzen dituzte, kutsaduraren aurkako hesiak zabaldu —adibidez, gasolio isuriak izaten baldin badira—, kostaldean hondoa jo duen ontziak arrastatu... «Itsasoko erreskate taldea gara, baita suhiltzaile taldea ere», azaldu du Ozoresek.

Araututa dago zer itsasontzik behar dituzten atoiontziak, eta behar izatekotan, zenbat. Kontuan hartzen dira luzera, zingoa, eguraldia eta itsasontziak berak dituen laguntzak. «Izan ere, gurutzaontzi bat diagonalean mugi daiteke atrakatzeko, baina merkataritzako ontzi bat ez, eta atoiontzi baten laguntza behar du». 

«Elkarren parean egon eta esango banizu eskuinera joateko, nire ezkerretara joango zinateke. Aldiz, istriborra alde bera da biontzat, ontzia bera hartzen baita erreferentziatzat»

JUAN OZORESPasaiako portuko atoiontzien arduraduna

Dena den, atoiontzietako patroiek portuko gidarien aginduak betetzen dituzte beti. Haiek ere jasotzen dute egun horretan portura sartu edo bertatik aterako diren itsasontzien zerrenda, baina gidariak baieztatzen die, eta aldaketen berri eman ere bai. Are, gidariak berak ere erabakitzen du zer maniobra egin; irratitik esaten dote: «Tira hemendik! Frenatu! Bultza orain! Buelta emango diogu!». 

Lengoaia bateratu bat

Badira, halere, atoiontzien laguntzarik behar ez duten itsasontziak. Horien kapitainek erreferentzia bateratu batzuk dituzte portuan, itsas munduan ezaguna den lengoaia bat dago eta. Euskarak aditzak, intonazioa eta deklinabideak dituen bezala, portuek itsasargiak, arauak, eta ababorra eta istriborra dituzte. 

Portura hurreratzeko lehen seinalea itsasargia da. Itsasargi baten funtzioa da itsasontziko kapitainari lurra non dagoen adieraztea. Hain zuzen, bakoitzaren argia zenbatean behin pizten den, horren arabera bereizten du itsasargi bakoitza, eta, beraz, kapitainak jakin dezake itsasargi bat ala beste bat den. Getariakoak (Gipuzkoa), adibidez, lau distira ditu hamabost segundoko tartean. Igeldokoak (Gipuzkoa) bi gehi bat ditu; hau da, hiru. 

Itsasargi guztiek ez dute irismen bera. Euskal kostalde osoan irismenik handiena duena Matxitxakokoa da (Bermeo, Bizkaia): 28-30 miliakoa du. Igeldokoak 26 itsas miliako irismena du; Getariakoak, 21 miliakoa; Pasaiakoak, hamabost miliakoa, eta Zumaiakoak, (Gipuzkoa) hamahirukoa. 

Itsasargiek, beraz, portuko bokalera sartzeko bidea argituko diote kapitainari, baina, portu barruan beren amarratzeko tokia hartuta badago, kanpoaldean itxaron beharko dute. Portuko eremua ez da soilik bi aldeetako lurraren artean dagoena: bokaletik harago ainguratze gunea egoten da, eta hura ere portuaren parte da. Ur seguruen gune ere deitzen zaio, eta porturatzeko buia bat egoten da bertan, horixe seinalatzeko. «Han itxaron dezakete merkantziaontziek portuko beren lekua hartuta dagoenean, adibidez», adierazi du Ozoresek. Eremu horretan egoteagatik alokairua ordaintzen dute, baina merkeagoa da badia barruan egotea baino. 

(ID_14782483) (/EZEZAGUNA) (;)
'Auto Eco' itsasontzia, artxiboko irudi batean, Pasaiako portuan sartzen. FRANCIS SISTIAGA 

Itsasontzi handiek itsasgora baino hiruzpalau ordu lehenago sartu behar dute badiara. «Segurtasunagatik da horrela: itsasontzia hondoa jota geratzen bada, kontuan hartuta marea are gehiago igoko dela, itsasoak berak altxatuko du ontzia, eta atzeraka atera ahal izango du...», esplikatu du Ozoresek. 

Behin bokaletik sartuta, erreferentzia nabarmenenak lurmuturretan dauden ababorreko eta istriborreko balizak dira. Horiek adierazten dute bataren eta bestearen artetik pasatu behar duela ontziak, bata ababorrera utzita, eta bestea istriborrera. 

Ababorra eta istriborra ez dira eskuinaren eta ezkerraren parekoak. Itsasontzia bera hartzen dute erreferentziatzat. Ababorra ontziaren ezkerraldea da, aurrealdera begira; istriborra, berriz, eskuinaldea. «Zergatik aurrealdera begira?», galdetu dio Ozoresek bere buruari: «Elkarren parean egon eta esango banizu eskuinera joateko, nire ezkerretara joango zinateke. Istriborra, berriz, alde bera da biontzat, ontzia bera hartzen baita erreferentziatzat». 

Portu barruko balizen koloreak ere lotura du horrekin: gorria erabiltzen dute ababor aldea adierazteko, eta berdea, istribor aldea adierazteko. Hau da, Pasaiako portuan, Donibaneko argiak gorriak izango dira beti, eta San Pedrokoak, berdeak. Ontzia portutik ateratzen ari denean, kolore horiek alderantziz egongo dira, baina Ozoresek azaldu du kolore horien erreferentzia beti lotzen zaiola ontzi bat portuan sartzen den momentuari. 

Portu barruan, itsasontzi guztiak hiru korapiloko abiaduran ibili daitezke gehienez, hau da, orduko itsas milia batean. Portuak merkataritza portutzat hartzen dira baldin eta hara iristen diren ontziek salerosketarako produktuak edo materialak ekartzen badituzte. Euskal Herrian, halakoak dira Bilboko portua, Pasaiako portua eta Bermeoko portua. 

Halere, arrantza portuak eta kirol portuak dira ohikoenak. Ontzi txikiagoak ibiltzen dira horietan: lehenengo motakoetan, arrantzara ateratzen diren ontziak izaten dira  —itzultzean, lonjetan salgai jartzen dute arrantzatutakoa—, eta, bigarren motakoetan, aisiarako ontziak edukitzen dituzte. Euskal Herrian EKP Euskadiko Kirol Portuak erakundeak kudeatzen ditu horietako asko eta asko, eta amarralekuak eskaintzen dituzte sei eta hamasei metro bitarteko luzera duten ontzientzat.

Aisialdiko ontziak sartu eta atera ari direla, berriro piztu da Pasaiako itsas portuko gidarien bulegoko hamalaugarren kateko irratia. «Pasaiako gidariak, Pasaiako gidariak. Autosky». «Bai, Autosky. Portu gidariak. Aurrera», erantzun du bigarrengoz Joxean Arrietak. Bereziki gustatzen zaion itsasontzi bat sartuko da Pasaiako badian, handi horietako bat. Haren bila joatekoa da segituan, egunero itsasontzietako kapitainei ematen dizkien aholkuak ematera, eta, beste behin, portuko argibideak pausoz pauso betetzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.