JAIALDIA

Pasaiako Itsas Festibalak 160 ontzi bilduko ditu badian

«Itsas ondarearen erreferente izateko helburuz», egitarau zabala aurkeztu dute antolatzaileek: maiatzaren 18tik 26ra, itsasoari, kulturari, musikari, dantzari eta gastronomiari lotutako askotariko jarduerak egingo dira Pasaiako lau barrutietan.

Pasaiako lehen Itsas Festibala, 2018. urtean. ANDONI CANELLADA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2022ko maiatzaren 11
12:34
Entzun

Pasaiako (Gipuzkoa) Juanba Berasategi aretoan aurkeztu dute gaur aurtengo Itsas Festibalaren egitaraua. Maiatzaren 26tik 29ra da berez festibala, baina hilaren18tik aurrera hasiko dira jaialdi horrekin lotutako ekitaldiak, hitzaldiak eta mahai inguruak. Halaxe azaldu dute aurkezpenean Izaskun Gomez Pasaiako alkate eta Pasaiako Itsas Festibaleko presidenteak, Xabier Agote Pasaiako Nazioarteko Itsas Festibaleko zuzendari eta Albaolako presidenteak, Joakin Telleria Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, eta Jesus Maria Garcia de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordeak.

2018an egin zuten lehen ekitaldia, eta orduko markak gaindituko dituzte aurtengoan: 160 ontzi tradizional baino gehiago bilduko ditu festibalak Pasaiako badian. Xabier Agote Albaolako presidenteak jakinarazi duenez, «askoz eduki gehiago» izango ditu aurtengo ekitaldiak. 115 ontzi izan ziren aurreko ekitaldian, eta «sekulako ezustekoa» hartu dute aurten, pandemia tarteko ez zutelako espero hainbeste ontzi biltzea. Badiara iritsiko diren horien artean, hainbat izen nabarmendu ditu Agotek: Marité, La Recouvrance, Shtandart, Oosterschelde, Scylla, Mater, Ring Andersen eta Atyla. «Shtandart, esaterako, Errusiako fragata baten erreplika da. Azken ordura arte ez dugu jakin etortzeko aukerarik izango zuen, errusiarra izaki. Kontua da partikular batena dela ontzia, eta kulturen arteko zubigintzan jarduten dela. Ukrainarrak ere baditu tripulazioan, eta programazio berezi bat ari gara lantzen haiekin, elkarbizitzaren ikur bihur dadin festibalean», azaldu du Agotek.

Gaurko prentsaurrekoa. Maialen Andres / FOKU

Harkaitz Millan Kultura diputatuak Itsas Festibalaren garrantzia nabarmendu du. «Beti azpimarratzen dugu kulturak eraldaketa sozial eta ekonomikorako duen gaitasuna, eta hauxe da adibiderik argiena». Azaldu duenez, «ekitaldiaren filosofia eta ezaugarriak kontuan hartuta», apustua egin dute tokiko taldeen alde, eta Katapulta programako talde berriei egin diete tokia, besteak beste. Millanek eman ditu egitarauko xehetasun batzuk. Ostegunean, hilak 26, hiru kontzertu izango dira Pasai San Pedron: Oreka TX, Thierry Biscary eta Pao Barreto. Ostiralean, hilak 27, Donibanen: Deñe, Mugan eta Feten Fetenen. Egun berean, Trintxerpen: Kyxo, Lamiak eta Liher. Larunbatean, hilak 28, Antxon: Rumbling Libs, Arima Soul eta Fundacion Tony Manero.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak tokiko eragileen parte hartzea eskertu eta azpimarratu du. Dei egin die pasaitarrei eta kanpotik etorriko direnei festibalean parte hartzera, eta «erregutu» du garraio publikoa erabil dezatela, egun horietan ez baita tokirik egongo Pasaian autoa aparkatzeko. «Gure herria itsas ondarearen erreferente izatea nahi dugu, eta horren inguruan gure etorkizuna eraiki. Ekitaldi honek nazioarteko mapan jartzen gaitu, eta eskualde osoarentzat dakar onura ekonomikoa».

Festibalerako sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai, jaialdiko webgunean, eta egitaraua ere bertan ikus daiteke osorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.