Mikel Leoz Aizpuru. Albaolako kidea

«Pasaia itsas ondarearen portu nagusia izatea gustatuko litzaiguke»

Aranzadi zientzia elkarteak antolatu dituen jardunaldietan hitzaldia emango du ostiralean Leozek; 'San Joan' galeoiaren berreraikuntzaren nondik norakoez ariko da.

Araitz Muguruza.
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Kanadako Red Bay-ra arrantzara joan eta hondoratu egin zen San Joan galeoia, 1565ean. Bi urte egin zituen itsasoan. Ontzi hura Euskal Herriko ontzigintzarena ez ezik, Europako ikur ere badela dio Albaolako kide Mikel Leozek (Donostia, 1961). Hura berreraikitzeko proiektua dute esku artean, eta horretarako, Ondartxo itsas kulturaren zentroa egokitzen ari dira. Proiektuko diseinu taldeko kide ere bada Leoz. Espero du datorren urte hasieran irekiko dutela Ondartxo, eta horrekin batera ekingo diote galeoia berreraikitzeari. San Joan galeoiaren erronka hitzaldia emango du, etzi, Aranzadi zientzia elkarteak antolatu dituen etnografia jardunaldietan, Donostiako Kutxa aretoan.

Udan bildu dituzue itsasontziaren hezurdura egiteko egurrak. Dagoeneko berreraikitzen hasi zarete?

Sakanan bildu ditugu egurrak, baina oraindik zerrategira eraman gabe daude. Izan ere, azken momentura arte itxaron nahi dugu, eraikitzeko garaian zerrategitik atera berri dagoen egurra askoz egokiagoa delako, samurragoa. Gure asmoa zerrategira urte amaieran eramatea da, datorren urte hasieranOndartxo jendeari zabaldu, eta une berean berreirakuntzarekin hastea.

Berreraikuntza jendaurrean egingo duzue, Ondartxo itsas kulturaren zentroan.

Horretarako lekua egokitzen ari gara. Oraintxe bertan egurrezko estalpe handi bat eraikitzen ari gara, eta haren barruan berreraikiko dugu galeoia. Estalpeak pasarela bat izango du barnean, bisitariak galeoia angelu guztietatik ikus dezan. Bisitekin batera, lanean ariko dira langileak.

Zergatik erakutsi nahi diozue berreirakuntza jendeari?

Gure helburua garai bateko ontzigintzaren teknikak erakustea da; horregatik eraikiko dugu jendaurrean. Gainera, galeoiaren inguruan ikusmin handia sortu da, eta interes hori ahalik eta gehien aprobetxatu nahi dugu. Gune erakargarri bat izango dela iruditzen zaigu.

Zientifikoki eraikitzen den lehenengotariko galeoia izango dela esan daiteke?

Orain arte egin diren erreplikak hipotekikoki egin dira. Guk, ordea, Kanadan egin duten ikerketaren emaitzak eta geure dokumentaziotik ateratakoak dauzkagu. Bukatutakoan ikusiko dugu garai hartako ontzi bat. San Joan ontzia oso ondo mantendu da, eta hori ikaragarria da. Guretzat galeoia ez da helburu bat, baliabide bat baizik.

Euskaldunek ontzigintzan izan duten tokia erakutsiko duen baliabidea.

Ternuara, urtero, 60 edo 80 bat ontzi joaten ziren, eta horretarako gaitasuna zeukan herrialde bakarra zen Euskal Herria. Hemen zegoen teknologia, jakinduria eta gaitasuna. Guk hori transmititu nahi dugu honekin guztiarekin.

Zertan dira bereizgarriak euskaldunen ontziak?

Garai hartako idatziek diote beste lekuetako itsasontziak baino gogorragoak, sendoagoak eta iraupen handiagokoak zirela, nahiz eta Ipar Atlantikoko itsasoa zakarra izan. Aise nabigatzen zuten. Kalitate handia zuten, ikerlari asko harritzerainokoa.

Kalitateko galeoiak izan arren, ezinezkoa zen horiek saltzea, ezta?

Ez, Frantziako eta Espainiako erregeek debekatu egin zuten, haientzat material estrategikoak zirelako. Bake denboran ekonomia mantentzen zuten; gerra denboran ordea, beren armadaterako erabil zitzaketen, eta hori ez zitzaien komeni. Erabat debekatuta zegoen horregatik. Hala ere, kontrabandoan saldu ziren itsasontzi batzuk. Sekulako grina zegoen galeoi hauekiko.

Lehengaiak eskura izateagatik ziren horren kalitate handiko itsasontziak?

Hariztien ugaritasunak —hura da ontziak egiteko materialik onena— eta iltzeak egiteko burdina ere gertu zeukaten; horri, Euskal Herriaren kokapenak estrategikoki duen garrantzia gehitu behar zaio, handik igarotzen baitziren Ipar Europara esportatzen ziren lehengai guztiak. Horrek Europarekin harreman oso estua sortu zuen, eta handik dator liburuetan aipatzen den «euskaldunek Europarekiko zuten bokazioa».

Kolonizazioaren garai betean eraikitako ontzia da San Joan.

Harek irudikatzen du Europako lehenengo zamaontzi transatlantikoa. Garai hartan biderkatu egin zen galeoien beharra, konkistatu ondoren merkantzia eraman eta ekartzeko garraioak behar zirelako. Horretarako, bigarren eskuko galeoiak erabiltzen zituzten; berrienak euskaldunek baleen ehizarako erabiltzen zituzten.

Nolakoa zen garai horretako galeoien barrualdea?

Ontziak ez zituzten eskifaiaren erosotasunari begira egin; aitzitik, ahalik eta zama gehien garraiatzeko zeuden eginda. Biltegi funtzioa betetzen zuten, horregatik. Balea olioz betetako barrikentzako biltegiaz gain, ontziaren hondoan baleak zatitu eta urtzeko labea zegoen eremu bat zegoen.

San Joan ez da ontzi bakarra.

Hori da, hain zuzen, itsasontzi honek duen berezitasuna. Ontzi normala da, aparteko berezitasunik gabea. Pasaian bezalaxe, Euskal Herriko gainerako herrietan ere baziren San Joan bezalako galeoiak. 200 eta 500 tona artean pisatzen zuten, ertain-txiki alderakoa izango zen. San Joan-ekin erakutsi nahi dugu nolakoa zen garai hartako ontzigintza.

Proiektuak, dena den, esparru zabalagoa hartzen du. Donostia 2016ko enbaxadorea izateaz gain,Pasaia biziberritzeko helburua du.

Gure helburua ez da soilik San Joan ontzia berreraikitzea, baizik eta Pasaia itsas ondarearen portu nagusia izatea. Pasaian langabezia handia dago, eta etsipena da nagusi. Kasu horretan, uste dugu garrantzitsuak direla gure nortasuna indartzen duten proiektuak. Herria suspertzeko garaian egin dezake ekarpena. Frantzian eta Herbehereetan, esaterako, egin dira antzeko proiektuak, eta emaitza onak izan dituzte. Ongi kudeatzen bada, hemen ere berdin egin daiteke. Albaolak, gainera, badu nabigazio tradizionala aztertzen duen eskola bat. Harekin ere elkarlanean aritu nahi dugu, eta urtero, San Joan-en erreplikarekin bidaia luze bat egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.