Berez, duela bortz urte deliberatu zuten irailaren 8ak Euskal Diasporaren Eguna behar zuela, «Euskal emigranteen fenomenoa nabarmentzeko eta ezagutarazteko». 2018an Gasteizen ospatu zuten, Ispasterren (Bizkaia) ondoko urtean, Ormaiztegin (Gipuzkoa) duela bi urte, eta iaz Gasteizen berriz. Erran dutenez, hondar bi urteetako pandemiak egun hori «sendotu» du. Aurten lehentze da mugaz bi aldeetako instituzioak elkarlanean altxatuko dutela biharko eguna.
Izan ere, ez baita gutxiestekoa datua, Argitxu Camus euskal emigrazioaren historian aditua denaren arabera, 1830. eta 1930. urteen artean 52 milioi europar abiatu baitziren Ameriketarat;1900. urtean, demagun, berrehun milako bat gutienez izan ziren partitu ziren euskaldunak.Hala, Euskal Herriak giza odolustea pairatu zuen XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendean, populazioaren apaltzea eragiteraino. Biziki hunkia izan zen Garazi: hirurehun biztanle zituen; haietarik laurogei Buenos Airesen zeuden. Buenos Aires hiria bakarrik kontuan hartuz, beraz, begi bistakoa da inpaktu handia izan zela eskualdearendako.
Migrazio baten historia
Partitze guzi horiek ez zuten denek txin-txin, txin-txin diruaren hotsa; bihotzaren negarra ere azkar zatekeen, Xalbadorrek erakusterat eman zuen gisan, Ameriketarat abiatu zen semeari zuzendurik: «Entzutean etxeko agoni-ezkila, / bihotzaren bakea non aurki? Non bila?/ Ganbarak hutsak eta sukalde isila,/ biziaren arbola betikotzat hila,/ hori ikusi gabe lurperat nadila!».
Euskal emigrazio honen historia «zoragarria» islatzeko, ehun argazki eta dokumentu baino haboro erakutsiko dituzte Donibane Garaziko herriko etxearen aitzinean, XIX. mendetik oraingo egunera arteko euskal emigrazioa ardatz hartuta. Ekitaldi «xumea eta hunkigarria» egin nahi dute bihar, historiaz oroitzeko baina baita ere «egunerokoan euskal kultura, identitatea eta euskara mantentzeko egunerokoan lanean ari direnak ohoratzeko».
Gauzak horrela, ordua gaur 18:00etan dute finkatua hiriko merkatu estalian. Joatekoak dira, bertzeak bertze, mintzaldia emanen duen Iñigo Urkullu Renteria Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakaria; Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria; Laurent Intxauspe auzapeza; Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza; eta Mugaz Gaindiko, Europako eta Nazioarteko Lankidetzako kontseilari delegatua Joseba Erremundegi. Instituzioez gain, euskal diasporari lotuak diren elkarte eta familiak ere hor egonen dira.
Euskal Diasporaren Eguna
Gaur, 18:00etan, Donibane Garaziko merkatu estalian. Emigrazioaz erakusketa jarriko dute, herriko etxe aitzinean.