Gure borrokak tokian tokikoak, mundukoak eta nahitaezkoak dira», azaldu du Emausko Trapuketarien Nafarroako arduradun Jose Mari Garciak. Partekatuz, «gizartea eraldatzea» zuten helburu, eta dagoeneko mende erdia daramate borrokan. 50 urte bete dituztela ospatzeko, egun osoko besta antolatu dute gaurko, Berriozarren duten espazioan (Nafarroa). Horrez gain, Berriozarko espazioa zabalduko dute.
Duela hamar urte erosi zuten lokala, baina 2020. urtera arte ez zuten lana hara eraman. Espazioa «oso hondatuta» zegoela azaldu du Garciak, baina pandemiaren hasieran lan gutxiago zutenez, hura biziberritzeko probestu zuten: «Langile askoren artean konpondu dugu, garbitu dugu, eta egin beharreko guztia egin dugu». Pandemiaren egoeraren ondorioz, orain arte ez dute espazioa zabaldu.
Han, lana antolatzen dute, eta handik ateratzen dira etxez etxe joaten diren kamioiak, berriz ere, Berriozarrera itzultzeko. Gehienbat eskuekin lan egiten dutela kontatu du: «Gure makinak eskuak dira». Espazio berriari berrerabilera bat ematea garrantzitsutzat daukate: «Gizarteari kritika egin behar diogu:bizitzari iraungitze data jartzen dion gizarte kontsumista batean bizi gara».
Garciak uste du gaurko besta aproposa dela jendeak proiektuaren berri izateko:«Konfiantzazko espazioak zabaltzea beharrezkoa da». Horrez gain, bestak berak trapuketarien esentzia irudikatzen duela esan du: «50 urte betetzea poztekoa da, eta eguneroko bizitza aldarrikatzeko modu bat da; hurbiltasuna eta irribarreak zabaltzeko aukera bat». Horrez gain, haien esentziaren berri izateko aukera ere badela uste du: «Gauza hauskor posible bat gara».
Txikitik handira
Ibilbide luzea daukate trapuketariek; 1972. urtean abiatu zuten bidea, boluntario talde gazte batek gidatuta: «Garai hartan, Portugalgo hainbat ijito familia txaboletan bizi ziren Barañainen [Nafarroa]; muturreko pobrezian bizi ziren». Hortaz, hainbat boluntariok lehen azoka antolatu zuten, Iruñean. Bertan, herritarrek emandako trasteak jaso, eta saldu egin zituzten, etxe duinak sortzeko Santa Luziako orubean. Hasieratik argi zuten oinarrietako bat azaldu du Garciak: «Zailtasun gehien dituztenekin baliabideak partekatu nahi genituen».
Proiektuak aurrera egin zuen, eta 1978. urtean trapuketarien komunitateak lehendabiziko egoitza lortu zuen: Simona Ene, Iruñean. «Pobrezia eta indarkeria eragiten duten errealitateak eraldatu nahi ditugu», azpimarratu du arduradunak. Gaur egun, hogei pertsona bizi dira Emausko Trapuketariek duten komunitatean. Beltzuntzen dute egoitza (Nafarroa), 1985etik. 2002an, egoitza egokitzeko lanak egin zituzten. Egun, etxe bioklimatiko bat da.
Arazoak konpontzea ez dela aski nabarmendu, eta errora joateko beharra aldarrikatu du: «Sufrimendua eragiten duen edozein egoera konpontzeaz gain, horiek eragiten dutenaren kontra borrokatu behar gara». Helburua argi izan arren, jakin badakite sistema kapitalistak mugatzen dituela: «Eskuzabaltasuna, adeitasuna, zaintza eta berdintasuna bultzatzen dituzten proiektuak hondatzen ditu sistema kapitalistak». Sistemak indibidualismoa sustatzen duela salatu du: «Norbera aurrera ateratzeko besteak zapaltzea eta ondasunak pilatzea sustatzen du».
Martxan jarri zirenetik, trapuketariek ondare bilakatu dute besteek zabortzat daukatena. Nafarroan lan egiten dute, eta Iruñean, Berriozarren, Artikan, Burlatan, Lizarran eta Tuteran dituzte dendak. Etxez etxe jasotakoa saltzen dute, biltegietan garbitu eta egokitu eta gero. 1990eko hamarkadaren hasieran, 50 pertsona inguruk egiten zuten lan erakundean, eta 2.400 tona material jasotzen zuten urtean. Gaur egun, 290 pertsonak osatzen dute Emausko Trapuketarien Nafarroako taldea, eta urtean 12.500 tona material jasotzen dute.
Hasieratik «babestua» sentitu direla kontatu du Garciak. Gainera, urtero 50.000 etxebizitza baino gehiagotara joaten direnez, harreman «bereziak» sortzen direla aitortu du: «Oso harreman politak sortzen dira; maitatuak eta errespetatuak sentitzen gara». Hala ere, azpimarratu du egitasmoa bilketaz harago doala: «Esperientzia hauen atzean, aldarri ideologikoak daude». Kritika «gutxi» jasotzen badituzte ere, eskertzen dituztela aitortu du: «Ikasten laguntzen digute».
Ekologismoa oinarri
Arropa, jostailuak, altzariak, etxeko tresnak... denetarik jasotzen dute trapuketariek, eta objektu horien bizitza berritzea dute helburu. Jarduera horren bidez, erakundeak aurrera egiteko behar dituen baliabideak lortzen ditu. Ekonomia ekologikoaren edo ekonomia zirkularraren beharra azpimarratu dute: «Bizitza eta natura ederrak dira, eta errespetatu behar ditugu. Gehiegikeriak ezin du hori boikotatu».
Handitzen jarraituz gero, modu «naturalean» eta «orekatuan» izanen dela azaldu du Garciak: «Ez ditugu lorrezinak diren helburuak finkatu nahi». Kontent da Berriozarreko espazioagatik: «Gozagarria da jendeak zabortzat hartzen dituen ondasunei beste bizitza bat eta erabilera bat ematea». Lau haizeetara zabaldu nahi dute beren mezua: «Zertarako bota egoera onean dauden zenbait objektu beste erabilera bat emateko aukera badago?».
Partekatzeko biziberritzen
Mende erdia daramate Nafarroako Emausko Trapuketariek jendeak zabortzat daukanari berriz erabiltzeko modua jartzen. Egun osoko besta antolatu dute gaurko, Berriozarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu