Parte Zaharretik kanpoko festa

Donostiako Udalak esan zuen Aste Nagusirako helburuetako bat izango zela festa hiriko auzoetara zabaltzea. Aste Nagusiaren azken egunetan, gehienentzat motz geratu da egitasmoa.

Dendariek produktuak kalera atera zituzten atzo Antiguan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Aste Nagusiaren programazioa aurkeztu zutenean, Eneko Goia alkateak eta Alfonso Gurpegi festa jardueretako zinegotziak nabarmendu zuten helburuetako bat izango zela festak hiriko auzo guztietara zabaltzea. Aste Nagusiaren azken egunetan, iritzi desberdinak dituzte auzotarrek.

Auzo horietako bi dira Gros eta Antigua. Gros auzoan dagoen Katalunia plazan, adibidez, haurrentzako jolas eta kirol tailerrak egon ziren atzo goizean. Aritz Arzelus bi semeekin joan zen hara goiza pasatzera. Gros auzoan bizi da Arzelus, eta gauza «gutxi» nabaritu dituela adierazi du: «Auzoak bere bizitza badu, eta duela gutxi auzoko festak izan dira, baina Aste Nagusian jendea hiriaren erdigunera joaten dela uste dut. Gros festen inguruko auzoa dela esango nuke. Atzo [herenegun], adibidez, Egian egon ginen afaltzen, eta oso lasai egon ginen. Giroa auzoko festek ematen dute, ez Aste Nagusiak».

Iritzi bertsukoa da Maria Cales. Jende gutxi ikusi du auzoan, eta,Calesek dioenez, auzoan ibili den jendeak ea Aste Nagusia ote zen ere galdetu izan dio. Hura ere auzokoa da, eta ez du uste Aste Nagusia auzoan nabari denik. «Guztia Parte Zaharrean eta Kontxa inguruan dago. Auzora zabaltzeko saiakerak handiagoa izan behar lukeela uste dut», kexatu zen. Donostiako alkateari Grosen bizi direnengan pentsatzea eskatuko lioke Calesek. «Gros auzoa oso handia da, eta jende asko dago hemen. Gu ere ez al gara hiriaren parte? Zerbait egon beharko da, beraz».

Festak hiriko auzoetara zabaltzeak duen zailtasuna ez lukeela aitzakia izan behar nabarmendu du Calesek: «Proposamenak, benetan bete nahi bada, irmotasun handiagoa behar du». Arzelusek, berriz, haurrentzako gauza gehiago jarriko lituzke auzoetan. «Umeak edozein jokorekin entretenitzen dira. Atzo [herenegun], adibidez, abordatze txikian egon ginen, eta gauza gutxirekin ederki pasatu genuen. Materiala ez, jendea behar da».

Akier Muñoz Katalunia plazan dagoen Donibane tabernan dabil lanean. Muñozek uste du kultur ekintza gehiago jarriko balituzte jende gehiago gerturatuko litzatekeela auzoetara. «Festa auzoetara zabaltzeak, gainera, Parte Zaharreko estutasun sentsazio hori arintzen lagunduko luke», proposatu du Muñozek.

Antiguako auzotarrak, berriz, gustura daude, nahiz eta udalaren proposamena oraindik motz geratu askorentzat. Atzo, adibidez, denda txikiek haien produktuak kalera atera zituzten, eta jende asko ibili zen kalean, TK mertzerian lan egiten duen Marian Telleriaren arabera. «Gaur gustura nago, salmentak ondo doaz eta. Produktuak kalera ateratzeak lagundu digu, baina gainontzean lan gutxiago izan dugu Aste Nagusian». Hala ere, Aste Nagusia beste urte batzuetan baino gehiago nabaritu dela uste du: «Asteazkenean,erraldoi eta buruhandiak egon ziren, eta kaleak beste itxura bat zuen. Aurten saiatu direla uste dut».

Mikel Okañarentzat ere auzoan bizitasuna egon da Aste Nagusian. «Festak auzoetara eramateko neurriak hartzen ari direla uste dut. Erraldoi eta buruhandiak lehenengo aldiz ikusi ditugu Antiguan, eta ekitaldi jendetsua izan zen». Dena den, Okañak jendearen ohiturak ere aldatu behar direla uste du, «zentrora bakarrik ez joateko eta festak auzoetan ere disfrutatzeko».

Oro har, auzotarrik gehienek uste dute egitasmoa ez dela bete, edo bete bada motz gelditu dela. Festa hirigunetik ateratzea zaila dela uste arren, auzoaren alde apustu egiten jarraitu behar dela uste dute bi auzoetakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.