"Karmenetako gaupaseroen dianan sortu zitzaigun ideia”. Iazko uztailaren 17an. Hala gogoratu du Gorka Sagastumek (Donostia, 1972). “‘Jonparen buruhandia egin behar dugu!’, aipatu genuen Donostiako Aquariumaren parean, muskuiluak jaten ari ginela”. Jonpa Albisuri buruz hizketan ari da Sagastume. Euskaltzalea, herrigintzan langile nekaezina eta Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA egunkarietan erredakzioko idazkaria izan zen Albisu. 2019ko abuztuaren 10ean hil zen, minbizi baten eraginez, 53 urte zituela. “Ordurako eginda zeuden [Donostiako] Karmengo jaietako bi erraldoi berriak, eta, horri segika, beste zerbait egin genezakeela pentsatu genuen. ‘Zergatik ez?’, esan genuen. Auzotar batzuen artean aipatu, eta berehala jarri genuen dena martxan, inguruan kontraste handiegirik egin gabe”.
Bihar aurkeztuko dute buruhandi berria, Donostiako Trinitate plazan, 12:00etan. “Erraldoiekin entsegu ireki bat egingo dugu, kantu berri bat ere sortu dudalako erraldoien agurretan jotzeko, guk geure jaietan doinu propio bat izan dezagun”. Donostiako kaiko Karmengo jaien diana moduko bat izango da biharkoa —uztailaren 13tik 16ra izango dira jaiak—. “Auzoa mugitzen hasteko ekimen txiki bat izango da, eta hor aurkeztuko dugu Jonparen buruhandia”, azaldu du Sagastumek.
Karikatura eta kartela
Proiektuaren oinarriari helduta, Unai Gaztelumendi marrazkilari eta bertsolariak Jonpa Albisuren karikatura bat egin zuen lehenik, eta horri tiraka sortu zuten Facebookeko profil bat: Jonparen buruhandia. Iazko urriaren 1ean ekin zioten kanpainari, karteltxo bat ere sortu zuten eta Donostiako Parte Zaharrean tabernaz taberna ibili dute ordutik, iazko abenduaren 3an erraldoiak kalera atera zituzten, abenduaren 18an babarrun jan bat ere antolatu zuten Bertso Txapelketa Nagusiko finalarekin bat eginda…
“Errazena izango zen geure artean elkartzea eta bakoitzak ehun euro jartzea”, aitortu du Sagastumek. “Baina auzotik eta auzoarentzat sortu nahi genuen zerbait”. BERRIAko lankide ohiek ere babes handia eman diote kanpainari. “Denei eskertu beharrean gaude, benetan. Parte Zaharrean oso ezaguna eta maitatua zen Jonpa, eta hala da oraindik ere. Eskuzabaltasuna da Jonpa”.
Hiruzpalau baiezko lortuta, Jesus Garciari proposatu zioten buruhandia egiteko. “Eta berehala eman zigun baiezkoa”, azaldu du Sagastumek. “Aurrekontu pixka bat” eskatzen du buruhandi baten proiektuak. “Baina horrelako gauza berezi bat egitean, dirua edo kostua izaten da gutxienekoa. Tipo elegante bat zen Jonpa, eta merezi zuen horrelako zerbait”. Albisu eurentzat “jai giroko erreferente bat” izan zela azpimarratu du Sagastumek. “Horregatik, jendea zirikatzen jarraitu beharra zeukala iruditzen zitzaigun”. Proiektuaren sustatzaileak badaki “baten bati” ez zaiola gehiegi gustatu egitasmoa. “Eta barkamena eskatzen dugu. Baina maitasunetik sortutako proiektu bat izan da, modu inpultsiboan sortua”.
Erraldoi eta buruhandiekin festarik festa dultzaina jotzen ibiltzen da Sagastume. “Horregatik, makina bat aldiz eman zigun jaten guri ere. Hortxe egoten zen beti, Arrano Beltza elkartean, bere marmitakoarekin; oso goxoa egiten zuen!”.
Proiektuaren sustatzaileek Karmengo jaietako konpartsari oparituko diote buruhandia. “Beraz, haiek erabakiko dute Jonpa non eta noiz aterako duten, baina buruhandi eta erraldoiak ateratzen direnean, hura ere kalean izango da, ziur”. Sagastumek badaki Albisuk “simaur nahasle” deituko ziola proiektuaren berri izan balu. “Hala deitzen zidan beti!”, esan du, barrez. “Denetik esango zidan, baina barre egingo zuen. Momentu asko bizi izan ditugu harekin, kontatu ezin direnak horietako asko; barregarriak eta hain barregarriak ez direnak”.
Jaien atarian, “gozatzeko eta auzokideak errespetatzeko” dei egin du Sagastumek. “Ez egin inolako tontakeriarik!”.