Donostiako Aste Nagusia 

Parte zaharra, euskal doinupean

Piraten egitarauan helduek ere izan dute lekua, Kantu Jirarekin. 400 lagun inguru ibili dira hiriko Parte Zaharrean eta inguruko kaleetan euskal giroa musikaren bidez zabaltzen.

Jendetza batzen joan zen Paco Sexmilo zuzendariaren inguruan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Haurren giroarekin festa handia sortu bazen ere atzo, goizean ere izan zuten helduagoek zertaz gozatu. 12:00etatik 14:00 ingurura arte Donostiako Parte Zaharreko eta inguruko kaleak musikak hartu zituen, Kantu Jirarekin. Goiza euritsua izan bazen ere, jira hasi baino bost bat minutu lehenago atertu zuen. Portuan bildu ziren parte hartzaileak.

Aurtengo Kantu Jira aldia Paco Sexmilok zuzendu zuen. «Gure eguna da, helduona», nabarmendu zuen zuzendariak. Denek liburu bana zeukaten esku artean, eta urteroko abesti berak zituzten haietan. Hala ere, noiz edo noiz beste abestiren bat ere sartzen dutela azaldu zuen Sexmilok. Zuzendariaren inguruan borobil handi bat egin zuten kantariek, eta Jeiki-Jeiki abestiarekin hasi zuten martxa. Abeslariez gain, akordeoi jotzaile bat, txistulari bat eta gitarra jotzaile bat ere animatu ziren aurtengo Kantu Jirara. «Giroa gehiago alaitzen dute», azaldu zuen zuzendariak.

Dei irekia zenez, geroz eta jende gehiago hasi zen zuzendaria inguratzen. Tartean, gazte talde bat. Ander Murua zen horietako bat,eta bi abesti kantatzera bildu zen. «Jende heldua ikusten dugu, eta ez gara ausartzen eurekin irtetera», adierazi zuen Muruak. Aste Nagusi osoan helduentzat ekintzarik ez zutela antolatzen-eta, horrelako ekintza bat egitea oso ondo iruditzen zitzaiola gaineratu zuen.

Itziar Zamora gitarra jotzaileak prestaketarik behar ez duen ekintza bat dela adierazi zuen: «Etorri, eta ez dakizu zer aurkituko duzun. Ekintzaren gauzarik politena da hori». Kantuen tonuak eta nondik norakoak barneratuta zituzten parte hartzaileek. Zamorari bihotzetik irteten zaizkion abestiak direla azaldu zuen: «Euskaraz bizitzeko abestiak dira; abesti zaharrak dira, eta horiek aldarrikatzen dituzten gauzak guk ere aldarrikatzen ditugu».

Jeiki-Jeiki kanta eta gero, Baratze bat, Aitorren hizkuntz zaharra eta Agure Zaharra kantuak abestu zituzten portuan. Horren ostean, Abuztuaren 31-ko kaleko Kañoyeta elkarte aurreko plazara joan ziren. Geldialdi horretan ere lau abesti abestu zituzten. 150 lagun inguru irten ziren portutik,eta plazara 400 bat iritsi ziren, turistak barne. Horiek, argazkiak atera, eta bideoak grabatzera gerturatu ziren.

Handik, San Juan kalera joan ziren, Mikel Laboaren etxe ondora, eta, gero, Sarriegi plazara. Geldialdi horietan dantzak ere izan zuen lekua, eta musikarekin mugitzera animatu ez zirenak tabernetara sartu eta zerbait hartzeko aprobetxatu zuten. Bi orduko jiraren azken-aurreko geltokia udaletxea izan zen, eta, azkena, portua. Horietan, beste geldialdietan bezala, launa abesti aireratu zituzten.

Hilean behin, kantu jira

Kantu Jira, ordea, ez da Aste Nagusian soilik egiten. Euskaldunon Egunkaria kazeta itxi zutenetik, hilabetero-hilabetero hirugarren larunbatetan izaten dute abeslariek hitzordua, eta dei irekia izaten da hori ere. Donostiako Xelebreak kofradiaren sortzaileetako bat da Iñaki Ibero, eta ondo gogoratzen du lehen topaketa noiz izan zen: «Egunkaria itxi, eta aste osoan protesta moduan irteten hasi ginen, Parte Zaharretik abiatuta». Azkenean, bakarrik hirugarren larunbatean egitea pentsatu zuten. Piratek Aste Nagusian egun batez Kantu Jira egiteko eskaintza egin zieten, eta gustura hartu zuten kofradiakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.