Leitzako jaiak

Parte hartzetik eraikitako jaiak

Bihar hasiko dira Leitzako festak, eta Iñaki Perurenak botako du suziria. Astebeteko egitarau bat prestatu dute, ekitaldiz betea, herriko hainbat eragile eta bizilagunen artean.

2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Dena prest da Leitzako (Nafarroa) jaiak hasteko. Bihar arratsaldean lehertuko da jaien hasierako suziria. Herritarrek, ordea, ezin izan dute ordura arte itxaron. Aurreko asteburuan egin zituzten Umeen Eguna eta egitarauaren aldizkaria banatzeko kalejirak. Leitzako jaien egitaraua argitaratzearekin batera, aldizkari bat egiten dute; bertan sartzen dituzte bizilagunen argazkiak eta testuak, lehiaketa bidez aukeratutako azala eta beste hainbat kontu; Plazaola aldizkaria da. Prest dagoenean, arratsalde batean, lau kalejira ateratzen dira aldi berean, eta etxez etxe ibiltzen dira aleak banatzen. Jaien muina erakusten du horrek: parte hartzea.

Bihar arratsaldean, seietan, suziria prest egongo da udaletxeko balkoian. Iñaki Perurena izango da sua emango dion leitzarra. «Perurenak inoiz ez du herriko txupinazoa bota, nahiz eta lan handia egin duen Leitzaren izena mundura zabaltzen; gizon esanguratsua da!», esan du Julian Zabaletak, Leitzako Udaleko Kultura saileko arduradunak. Leitzarrek bozen bidez eman zioten Iñaki Perurenari suziria botatzeko ardura; bozketa festa batzordeko eragileek proposatutako hiru hautagairen artean egin da.

Izan ere, batzorde horretatik bultzatzen da jaietako parte hartzea. Udalak badu esku hartzea festa batzordean, Kultura saileko ordezkariarekin, baina gainerakoak herriko eragileen ordezkariak dira: Institutu Elkartea, gurasoen elkartea, Atekabeltz herrigunea, Leitzako Kultur Taldea, eta Aurrera Kirol Elkartea. Denen artean osatu eta antolatu dute jaien egitaraua. Baina jaien prestatze lanetan batzordetik kanpoko jendeak parte hartzea ere nahi dute batzordekoek. Horretarako, txupinazoa botako duen pertsona bozen bidez aukeratzen dute, esaterako, edota Plazaola aldizkarian herritarrek bidalitako edukiak sartzen dituzte.

Urte osoa jaien zain

Leitzako festak astebetekoak dira. Egun handia txupinazo ondorengoa da, Tiburtzio Eguna; egun horretan egiten dira jaietako ekitaldi nagusietako bi: herri kirolak eta ezpata dantza. Zabaletaren ustez, azken hori oso berezia da leitzarrentzat: «Herriko plaza betetzen da; herritar guztiok egoten gara urte osoan goiz hori noiz ailegatuko zain». Jendetza bildu ohi da abuztuaren 13ko bertso saioan eta pilotari profesionalen partidetan ere.

Denek dute zer egin Leitzako festetan. Badaude familian edo lagunekin joateko ekitaldiak, baita umeentzako ekitaldiak ere: zezensuzkoa, jolasak, ur txirrista eta beste hainbat. Gazteek ere badute euren eguna: abuztuaren 14a. Goizeko poteo luzearekin ekingo diote; gero, gazte bazkaria, Skabidean & The Black Birds eta KOP musika taldeen kontzertuak, Reimy DJrekin gaupasa eta goizaldeko txaranga ere izango dituzte.

Herriko hainbat tokitan egingo dituzte festetarako antolatutako jarduerak. Haietako batzuek tradizioa izango dute ardatz; beste zenbaitek, berriz, kultura edota aisialdi eredu berriak. Baina guztiek abiapuntu bera dute: herritarren lanaren fruitu dira. Eta lan horren erakusleiho izango dira jaietako zazpi egunak: eragileen, Plazaola aldizkaria osatzen duten leitzarren, eta ekitaldietara joaten direnen topagune bihurtuko da herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.