Mikel Goñi

«Parranda baztertua daukat pixka bat»

Frontoietara jendetza erakartzen du Goñik oraindik ere, eta uda honetan ere hala izatea espero du. Datozen hilabeteetan hamaika partida jokatuko ditu.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Oraingoz, telebista alde batera utzita, esku pilotan ariko da buru-belarri Mikel Goñi (Oronoz-Mugairi, 1977) uda honetan. Frontoirik frontoi ibiliko da, eta, hasiera batean, ez du oporrik hartzeko asmorik. Dena den, han edo hemen parranda txikiren bat egingo omen du, edo, gutxienez, lagunekin tragoxkaren bat hartu.

Heldu da uda eta, zuretzat, lana.

Bai, partida dezente ditugu uda honetan. Guretzat garai ona izaten da, eta badirudi esku pilotan aritu beharko dugula asteburu askotan, zorionez. Joan den urteko udan ere hala izan zen; beraz, orain lanera.

Eta non izango dituzu? Herriko jaietan-eta?

Bai, normalena hori da. Gainera, orain krisi hau guri oso ongi heldu zaigu. Udalak dirurik gabe daude, eta Aspe eta, Asegarceko partidak kontratatzeko diru mordo bat behar denez, gurekin ibiltzen dira, merkeagoak garelako. Beraz, bai, ongi.

Orduan herri horietan parrandaren bat egingo duzu...

Ez, ez! Zerbait, baina ez... Parranda baztertua daukat,pixka bat; adin kontua izanen da, baina 35 urte ditut, eta ez da lehen bezala. Egia da gustura egoten garela hor barrena afaltzen edo trago batzuk hartzen, baina ez da lehengo gauza bera.

Pixka bat formaltzen edo?

Tira, ez... Garaiak aldatzen dira, eta hori da. Haurrak ere baditugu, eta...

Orduan kontua da haurren martxara moldatu behar duzuela...

Bai. Zaharrenak 10 urte ditu, eta besteak 3. Orduan, haiekin ere egon behar da, eta, orain udan, bada, gehiago. Eta gustura, egia erran. Aitaren egitekoa bete behar da.

Zer moduz egiteko horretan?

Ongi… Tira, beti ez da erraza izaten! Asmatzea eta beti dena ongi egitea ez da erraza, baina, bai, ahal duguna egiten dugu.

Tira, baduzue aurtengo udan hor barrena oporretara joateko asmorik?

Ez, nik oporrak ez ditut hartzen, ez ditut maite. Gainera, udan guretzat oporrak hartzeko garai txarra da, partida gehien jokatzen dugun momentua baita. Baina, dena dela, orain erraten dute segur aski irailean Venezuelara eramanen gaituztela esku pilotan aritzera, eta hori hartuko dugu opor gisa.

Ze ongi!

Bai! Erraten dute Eugi, Fernando Goñi, Eulate eta ni eramanen gaituztela, edo hori dela intentzioa. Eta horrela bada, ongi!

Hel diezaiegun orain pixka bat telebistan izan dituzun esperientziei. Hasteko, ospetsua egin da Lizarran Conquistour-en gertatu zena. Zer iritzi duzu zezenkoari buruz, gertatu zenari buruz?

Han gertatu zena denen kulpa izan zen pixka bat. Haientzat eta guretzat lehenengo aldia zen, eta ez zekiten oso ongi nondik aterako zen gauza; baina handixkoa zen Lizarran atera zuten zezena, eta gertatu zena gertatu zen. Nik ez ditut gauza horiek maite, jendearen bizitza dago jokoan; eta arriskua ongi dago, baina neurri bateraino. Eskuetatik pixka bat ihes egin zien. Orain uste dut gauzak hobekiago egiten ari direla.

Itzultzeko asmorik ez?

Ez... Ni pilotarekin ibiliko naiz. Gainera, biak uztartzeko gaizki ibiliko nintzen, beraz…

Eta herri euskaldunetan ere probak gaztelaniaz egiten dituzte, zer iruditzen?

Haien gauzak dira, programa bat da,azken finean. Euskaraz, bada, bai, hobekiago; baina haien kontua da.

Lehenago Conquistador del fin del mundo-n eta Aconcaguan izan zinen. Ongi esperientziak?

Aconcaguako esperientzia oso polita izan zen, ez nuen horrelako altueraraino iristea espero, eta oso ongi. Medikuek analisiak egiten zizkiguten, eta erraten zuten ez nintzela ongi ibiliko, eta berriz ere ahoak ixtera! Beti erraten: Goñi hau, Goñi hori; eta gero begira noraino heldu nintzen! Eta bestean ere, ongi. Bakoitzak bere lana egin zuen, eta esperientzia gisa oso ona. Ni frogetan-eta gustura ibili nintzen.

Eta Korta eta Lujanbio zer?

Nik Kortarekin harreman oso ona eduki dut beti. Askotan ibili gara elkarrekin, azkar berotzen da, baina bihotz onekoa da...

Zuk ere baduzu jenioa…

Bai. Gainera biak egun berean jaioak gara, apirilaren 25ean! Ni berekin oso ongi moldatu izan naiz beti, eta Kortaren gisako jendea maite dut. Edozein gauza erran behar badizu, aurpegira erraten dizu, eta nahiz eta, agian, momentuan ez gustatu, azkenean nahiago dut gauzak aurpegira erraten duen tipo bat. Nik horrelako jendea maite dut. Eta Lujanbio ez dut asko ezagutzen, bakoitzak bere bizitza egiten du eta kito.

Tira, bada, hau izan da guztia. Oso ongi pasatu udan, eta, Venezuelara baldin bazoazte, asko disfrutatu.

Berdin. Ahalik eta hobekien ibiliko gara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.