Parkeak, agertoki legez

Tutti Frutti Jazz Project, Ghost Number & His Tipsy Gypsies eta Ana Minguez arituko dira gaur Donostian, Musika Parkean ekitaldian

2015eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Musika Parkean programako azken-aurreko saioa egingo dute gaur Donostiako Miramar jauregian, 19:00etan. Tutti Frutti Jazz Project, Ghost Number & His Tipsy Gypsies eta Ana Minguez taldeen zuzeneko musika eta dantza emanaldiak ikusi ahal izango dituzte hara biltzen direnek. Gaurkoan, swing eta jazz estiloak izango dira ardatz.

Tutti Frutti Jazz Project taldea 2012an sortu zen, eta bost donostiarrek osatzen dute. Cool, groove, swinger eta hard bop doinuak garatzen dituzte. Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldeak Ipar Amerikako eta Europa ekialdeko musika du oinarri, baita oihan urrunetako danbor soinuak ere. Ana Minguez, berriz, dantzaria da, eta swing pausoak dituen dantzaldia eskainiko du.

Gaurkoan, gainera, emanaldia hasi aurretik, 18:00etan, Miner bizikleta dendan aperitiboa hartzeko gonbita egin dute. 18:30ean, bidegorria aprobetxatuz, Miramar jauregira abiatuko dira bizikletaz.

Lehiaketa bat antolatu dute gaurko saiorako: gaia vintage estiloa da, eta bertaratuko direnak estilo horretako arroparekin janztera deitu dituzte. Antolatzaileek argazkiak atera eta sare sozialetan jarriko dituzte, eta erabiltzaileei gehien gustatzen zaiena izango da garailea.

Aurtengo azken saioa irailean egingo dute, Urgull mendian, baina aurrerago emango dituzte xehetasunak, eguraldi txarrarengatik hainbatetan aldatu behar izan baitituzte saioak egunez.

Musika Parkean programak belardiak musika agertoki bilakatzen ditu. Musikaz nahiz hiriko parkeek eskaintzen dituzten ingurune naturalez gozatzeko aukera eskaintzen dute, janaria hara eramanda, piknik moduko bat egiteko.

Musika Parkean

Gaur, Donostiako Miramar jauregian, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.