Musikaz eta jendez beteko da gaur Kristinaenea: 12:00etan hasiko dira emanaldiak, eta iluntzera arte izango da musika entzuteko eta dantzatzeko aukera parkean. Cumbia, folk, rock, swing eta beste hainbat estilo nahasiko dituzte hogei taldek.
Bata bestearen atzetik ariko dira hemengo eta kanpoko taldeak, bi oholtzatan: agertoki nagusian eta Ruina Sonican, parkearen atzealdeko agertoki txikian. Agertoki nagusiko taldeen artean, besteak beste, Peruko Los Mirlos cumbia taldea ariko da, baita Donostiako Koban elektro-swing taldea eta Usurbilgo (Gipuzkoa) Rukula rock taldea ere.
Laugarrenean, bi egun
Agertoki txikian, berriz, dancehall eta trap doinuak izango dira nagusi, DJen eskutik; besteak beste, Atraco Negrata, Hakima Flissi eta Sarandonga DJak ariko dira. Oholtza horretan ariko da Hondarribiko (Gipuzkoa) Gorpuzkings taldea ere, hip-hop eta trap doinuak joz.
Laugarrenez antolatu dute Glad is the Day musika jaialdia aurten. Berrikuntza modura, bi egunekoa izan da; hain zuzen, atzo iluntzean izan ziren lehenengo kontzertuak Le Bukowski eta Dabadaba aretoetan. Gaur ere izango da musika haietan, bi aretoetan jarraituko baitu jaialdiak parkeko kontzertuak amaitzean.
Glad is the Day
Gaur, 12:00etan hasita,Donostiako Kristinaenea parkean.