Gabonetako usainak eta argiek hartu dute aurten ere Gasteizko Florida parkea, Gabonetako merkatuari, izotz pistari eta jaiotza erraldoiari esker. Bisitarien joan-etorria etengabea da: azokako saltokiak bisitatzeko, opariak erosteko eta izotz gainean patinatzeko aukera aprobetxatzen ari dira ehunka lagun.
Gabonetako ekitaldi horrek urtero erakartzen du jende ugari: familiak, gazteak, nagusiak... Denak ere Florida parkeko apaingarrien artean urtaro honetako espiritua ospatzeko prest. Gasteiztarrentzat klasikoa bilakatu da Florida parkeko azoka, eta saltoki gehienek ere urteak daramatzate azokan produktuak erakusten. Sartu ahala, bisitariek Gabonetan oparitzeko ehunka aukera dituzte: jakiak, bitxiak, eskulanak, arropa, lurrinak... Hamar postu inguru daude; beraz, bada non eta zer aukeratu.
Azokako giroan, Mañeko gozoen saltokian dabil lanean Roberto Prieto: gozoek bi postu betetzen dituzte. Gasteiztar askorentzat ezagunak dira jada. Prietok azaldu duenez, «beti saldu daiteke gehiago, noski, baina eskertzekoa da jendearen harrera». Azoka arrakastatsua izaten da haientzat, eta, besteak beste, jende asko joaten zaie erroskilla eske: «Erroskillak saltzen ditugu gehien, bai; Gabonetan sekulako arrakasta izaten dute». Saltokian aritzen direnen artean, jada ohitura bihurtu da Florida parkean egotea, eta bisitariak «gogotsu» egoten direla nabarmendu du Prietok.
Haren ondoan, parez pare dago Txomin Onandia garagardogilea. Garagart saltokia da harena, eta artisau garagardoak eskaintzen ditu. Onandiaren esanetan, Gabonetako azoka «gazteenen opari gunea» ere bada, eta jendea garagardo berezien bila ibiltzen da: «Bereziak dira gure garagardoak, Gabonetan oparitzeko aproposak. Bezeroak oso esker onekoak dira, eta urtero etortzen dira». Onandiak azpimarratu du Gabonetako azoka «ezinbesteko ekitaldia» dela saltzaileentzat, «aukera aparta» baita produktuak ezagutarazteko ere.
Gasteizko eskola bateko haurrak patinatzen dabiltza merkatuaren alboko izotz pistan. Patinen kirrinkak eta jendearen algarek osatzen dute parkeko kioskoa inguratzen duen pistako soinu banda. Batzuek lehen aldiz ausartu dira izotz gainean patinatzen, eta beste batzuk trebe dabiltza, mugimendu dotoreak egiten. Ama batek uste baino hobeto ikusi du semea: «Lehen aldia du, eta uste nuen gehiago kostatuko zitzaiola. Baina, egia esan, oso ondo dabil».
Dena dela, pinguino eta hartz itxurako euskarriak ere badaude, laguntza gisa, haurrak seguruago ibil daitezen irristaketan. Izotz pistaren inguruan bildutako gurasoek argi dute patinatzeko aukera aprobetxatu beharra dagoela: «Gabonetan ez dago plan hoberik haur txikientzat. Patinatu ondoren, txokolate bero bat hartzera joango gara merkatura, eta eguna borobila izango da», aitortu du aita batek, alabei begira; izotz gainean lehen urratsak egiten ari dira haiek.
Florida parkeko Gabonetako merkatuak eta izotz pistak urtez urte egin dute lekua Gasteizko abenduko egutegian, eta, aurten ere, postal ederra osatzen dute, argiztapenarekin, zuhaitz nagusietako apaingarriekin eta parke barruko jaiotzarekin batera.