Gizarteari zerbitzu bat emanez ikasteko eta trebatzeko irakaskuntza bide berri bat jarri dute abian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza Ingeniaritza Eskolan. Horrela, astero barazkiz hornituko dute Paris 365 jantokia, beharrean daudenei jaten ematen diena; hilabete honetan eta hurrengoan eskolan ikasten duten hamabost ikasle arituko dira. Astero 90 uraza, 50 zerba eta 50 borrajekin hornitzen dute jantokia.Joan den astean bildu zuten lehen uzta.
Inmaculada Farran nekazaritza ingeniari eta Landare Ekoizpeneko irakasgaiaren irakaslearen gidaritzapean ari dira lanean hamabost ikasleak. Barazkiak praktiketarako eta nekazaritza ikerketarako Arrosadiako campuseko etxaldeko bi berotegitan lantzen dituzte, 380 metro karratuko lur eremu batean. Lana hasteko, Iruñeko Paris 365 jantokia ikustera joan ziren ikasleak, hango egoera ezagutzeko. Jantokia erabiltzen dutenei buruzko informazioa jaso zuten. Jakin zuten zer zerbitzu osagarri eskaintzen diren, eta zer-nolako barazkiak eta frutak behar dituzten. Proiektuaren lehen fasea bukatu eta gero, ortuariak lantzen hasi ziren, eta aurreko astean hartu zuten jantokian lehen barazki saila. Astero hornitu beharko dute jantokia.
Horretaz gain, jantokira joaten ez diren baina behar larrian dauden Iruñerriko 50 familiari hamabostean behin jantokian prestatzen zaien saskirako barazkiak ere ekoitziko dituzte. Guztira, 130 uraza, 80 borraja eta 40 zerba.
Erabateko parte hartzea
Jantokiaren beharrak asetzeko lan handia egin behar izan dute ikasleek. Irakasgai bakoitzean jasotzen duten eskola teorikoez gain, ikasleek, taldeetan banatuta, barazki beharrak ahalik eta denborarik luzeenean asetzeko proiektu bat egin behar izan dute.
Ikasleek erabaki behar izan dute ekoizpen prozesuaren nolakoa, barietateak zer hurrenkeratan erabiliko ziren, eta baita zer espezie landatuko ziren ere. Baina diseinuan eta kudeaketan ez eze, landaketan ere aritu dira ikasleak. Horrela, landarea landatu, ongarria eman, ureztatzea kontrolatu eta haren osasuna zaindu dute. «Egunero kalitate jakin bateko produktua kantitate jakin batean eskaintzeko aukera eman digute», dio Eliana Alemanek, Paris 365jantokiko arduradunak. Joan den apirilean bakarrik, 2.292 otordu eman zituzten jantokian: 1.732 bazkari eta 1.220 afari.
Jantokia laguntzeko proiektua, berriz, Nekazaritza Ingeniarien Eskola Teknikoko zuzendaritzak proposatuzuen. Unibertsitateko ikasketak gizarteko premiak asetzeko baliagarriak dira, eta unibertsitateko titulazioetancurriculum edukiak garatzeko aukera ematen du. «Ikasleen prestakuntza inguruko gizartearen benetakobeharren testuinguruan eratzen da. Horrela, herritar aktibo gisa jardutekoprestatzen dira», dio Alberto Enriquek, eskolako zuzendariak. Ikasleen erantzunarekin pozak txoratzen dago Enrique.Izan ere, taldera ikasle gehiago gehitu dira, lanerako prest. «Gizarteko biztanleguztien beharrak ikusten dituzten eta behartsuenekiko begirunea duten ingeniariak heztea oso pozgarria da».
Gauzak horrela, zuzendaritzak proiektua talde gehiagotara zabaldu nahi du. Esaterako, hasiak dira landatzen udan jantokira eramateko patatak eta kurkubiltxoak.
Paris jantokia hornitzen
Beharrean daudenei jaten ematen die Paris 365 jantokiak, eta, hori hornitzeko, barazkiak landuko dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek, maiatzean eta ekainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu