Telesailak

Paris, goi joskintza eta naziak

Dior, Chanel eta Balentziaga fikziora eraman dituzte ‘The New Look’ telesail koralean. Apple TV Plusek estreinatu du, Moriarti ekoiztetxeak ‘Cristobal Balenciaga’ plazaratu eta hilabete eskasera.

THE NEW LOOK
The New Look telesaila. APPLE TV PLUS
Mikel Yarza Artola.
2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

Cristobal Balenciaga estreinatu eta berehala heldu da AEBetako baliokidea. Inor gutxik pentsatuko zukeen, Moriarti ekoiztetxeko Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak moda diseinatzaile getariarraren inguruko biopic-a Disney Plusen plazaratu eta berehala, Parisko goi joskintza lehen lerro mediatikora itzuliko zenik, Apple TV Plusen bitartez.

Christian Dior, Coco Chanel, Pierre Balmin... eta Cristobal Balenciaga bera dira The New Look AEBetako telesail honetako protagonistak. Todd A. Kesslerren proiektu berria da. The Sopranos-eko lehen hiru denboraldietan gidoigileen lantaldean aritutakoa da bera, eta, fikziozko nobedade honetan, naziek Paris okupatu zuteneko garaia hartu du ardatz.

Protagonisten azalean, besteak beste, Ben Mendelsohn, Juliette Binoche eta John Malkovich Hollywoodeko izarrak, eta, gihar teknikoari erreparatuta, ikusleen garunean galdera bat: Cristobal Balenciaga txiki utziko ote du ekoizpen erraldoi honek?

Telesailaren lehen minutuak ikusten hasi, eta alderaketa ekidinezina da. Argiztapena, jantzitegia eta eszenaratzea lehen mailakoak dira, eta kamerak tentsio biziz egiten du dar-dar, Diorrek 1955ean Sorbonako Unibertsitatean eman zuen hitzaldiaren ikusmina erregistratu nahian. Parisko goi jostunak Hitlerren kolaboratzaile izan ziren, ala ez? Abiapuntuak epaiketa itxura du, eta galdera horri tiraka josi dute sortzaileek telesailaren gidoia. Svastika erraldoiak Frantziako hiriburuan zabalduta ikusteak zer pentsatua ematen du, eta buruzagi naziak han eta hemen eroso mugitzen ikusteak hotzikara ere eragin lezake.

Appleren nobedade milioidunak ez du lehiakiderik ekoizpen balioetan, eta handitasun hori plano bakoitzean igartzen da, baina kontakizunak apenas egiten dien tarterik modari eta diseinatzaile seinalatu haien sormen prozesuari. Puntadaz puntada findutako trajeei erreparatu ordez, behin eta berriz tematzen da totalitarismo garaiko dilema moraletan, eta, azkenerako, errepikakor bilakatzen da.

Are gehiago, Hollywoodeko izarrek interpretazioan ahaleginak eginda ere, gidoi artifizial batean harrapatuta daude, eta haien arteko eztabaida diskurtsiboek behartuak dirudite. Istorio korala jorratu ordez figura nagusi bakar baten alde eginda, Moriartiarrek ekarpen aberasgarriagoa egin dute pertsonaiaren eraikuntzan, zer esanik ez hizkuntzaren lanketan. The New Look telesailak ingelesa besterik ez du erabiltzen, eta ikusle bat baino gehiago tripak jaten ariko da Dior eta Chanelen arteko elkarrizketak Shakespeareren hizkuntzan entzutean.

Madeleingo eliza baliatu zuten Arregi, Garaño eta Goenagak Parisko ikono gisa; Kesslerrek, berriz, Luxenburgoko lorategietan filmatu ditu eszena sentituenak. Biek dute unibertso komun bat, eta elkar aberastera datoz, modako fikzioen artean aurrez ikusi gabeko testuinguru honetan.

Ikusle bakoitzaren esku dago orain Maison Balenciagan geratu ala nazien festa erraldoietara batu. Cristobal Balenciaga sei ataleko telesail mugatu bat izango da; The New Look telesailari, berriz, dagoeneko bigarren denboraldia baieztatu diote.

FITXA

  • Sortzailea. Todd A. Kessler.
  • Aktoreak. Ben Mendelsohn, Juliette Binoche, John Malkovich, Maisie Williams eta Glenn Close.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Apple TV Plus. 
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.