Suediako telebista publikoan, informazioa ematen duten adituen artean parekotasuna lortzeko helburua finkatu zuten 2001. urtean. Bost urte geroago, aditu horien %44 emakumezkoak ziren. Denbora tarte horretan, SVT ikusten zuten gizonezkoen ikusle datuak ez ziren aldatu. Albistegiak ikusten hasi ziren emakumeen tasa, ordea, izugarri handitu zen 2006rako. «Beraz, gizonek ez dute komunikazio parekiderik gaitzesten. Emakumeen informazio kontsumoaren datuak, berriz, gizartearen subjektu sentitzen diren proportzioan handitzen dira», dio Maria Gonzalez Gorosarri kazetari eta ikertzaileak.
Datu horien berri eman du Gonzalezekalbistetan.blogspot.com. es blogean, euskarazko zenbait komunikabidetan iturri adituen generoa aztertzearekin batera. Emakumeak aditu horien laurdenak baino ez dira. «Deigarria da EITBren kasua. Legez, emakumeen protagonismoak gizonenaren parekoa behar du. Eremu guztietan emakumezko adituak daude. Zergatik ez da jasotzen haien ahotsa komunikabideetan?». Joan den igandeko albisteei begiratu die Gonzalezek, eta Euskadi Irratian ez zen emakumeen ahotsik agertu. ETB1en %27,27an, Argia-n %15,79an eta BERRIAn %33,33an. Ikerlariak, halaber, gogoratu du EITBko zuzendari nagusi guztiak gizonezkoak izan direla.
Komunikazioaren generoa aztertzeko, joan den astean kafe txokoa antolatu zuen Tas-Tas irratiak Bilbon. Tailer kritikoen barruan egindako ekimenean parte hartu zuten Berton, Prest eta Goitibera aldizkariek, besteak beste. Proposamen hauek bildu zituzten, praktikan jartzeko asmoz: arlokako emakume adituen kontaktu-agenda osatzea, emakumeen parte hartzea errefortzu positiboekin sustatzea, emakumeen taldeak sortutako albisteen berri emateko sarea indartzea eta emakumeen eta gizonen rol tradizionalen eraldaketa naturaltasunez aurkezten sakontzea.
Tania Martinez Portugal Tas-Taseko kideak dio irratiko kideen artean hausnarketa sustatzen ari direla: «Pixkanaka gure dinamikak aldatu nahi ditugu. Eta hausnartutako proposamenak praktikara eraman». Kafe txokoan, hainbat kazetarik lan harremanean eta informazio trataeran izandako esperientzien berri eman zuten. Hausnarketa horiek guztiak datozen egunetan jarriko dituzte Tas-Tasen webgunean. «Interkulturari buruzko irratsaio bat egiten dute Ahlan-eko kideek, eta bertan emakumeek ekoizten dutena azaldu ohi da. Emakumeak protagonista izan ohi dira. Beraz, dinamika horiek lantzen hasiak gara». Tas-Taseko kidearen ustez, emakumea parte hartzera animatu behar da parekidetasun egoeran: «Parte hartzeko espazio horien sustapena, dena den, ez dago bakarrik hedabideen menpe. Bizitzako afera guztietan ireki beharko genuke, nahiz eta komunikabideek ardura handia dugun. Guk gure aletxoa jarri behar dugu».
Maria Gonzalezek dio emakumeen kolektiboek sortutako albisteek ez dutela komunikabideen agendan sarbide bera. «Bilboko kafe txokoan atera ziren proposamenek oinarrizkoak ematen dute. Ulertzen ez dena da komunikabideek zergatik ez dituzten bere gain hartzen».
Komunikazioa
Parekotasunik ez adituetan
'Emakumeak eta hedabideak' gaia aztertzeko kafe txokoa antolatu berri du Tas-Tas irratiak Bilbon, eta albisteen genero parekidetasuna lortzeko zenbait proposamen bildu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu