ATZEKOZ AURRERA. Helene Ducarre. Cimadeko presidentea

«Paperik gabekoak fabrikatzen ditu Frantziak»

Ruslan Avdoyan kurdua, armeniarra eta yezidia da. Babes politikoa eskatua dio Frantziari, baina hark ukatu egin dio. Cimade elkartea kanporatze horren aurka ari da lanean.

NORA ARBELBIDE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Baionako presondegitik gaur ateratzekoa dute Ruslan Avdoyan; kurdua, armeniarra eta yezidia da. Eta, itxura guztien arabera, segidan bidaltzekoa dute sorterrira. Babes politikoa ukatu dio Frantziako Estatuak. Kanporatze horren aurka borrokatzen ari da, ordea, Cimade elkartea. Babes politikoa lor dezan, atzo, 70 bat pertsona bildu ziren Baionako Suprefeturaren aitzinean; horien artean, Helene Ducarre (Bidaxune, Nafarroa Beherea, 1949). Avdoyan preso sartua badute, aireportuan hiru aldiz asaldatu delako izan da, Hendaiako atxikitze zentrotik sorterrira bidaltzekotan zirela. Hirugarren jazarraldia delitu bihurtzen du legeak.

Hendaiako atxikitze zentrotik kasik 400 paperik gabeko pasatu ziren 2014an. Kasu guztiak litezke berezi; zergatik kasu gehiago egin Ruslan Avdoyanen egoerari?

Egia da zentrotik pasatzen direnen erdiak berriz bidaltzen dituztela sorterrira. Beraz, beharko genuke urtean 150 bat aldiz mobilizatu.

Baliabideak eskas dituzue agian?

Atxikitze zentrora iristen direnen artean anitz biharamunean edo bi egunen buruan kanporatzen dituzte. Ez dugu haien kasua ezagutzeko denborarik, eta ez dugu segidan mobilizatzeko gaitasunik. Mobilizazio argumentatuetarako. Baina egia da anitzez gehiago mobilizatu beharko genukeela... Zatozte Cimade elkartera!

Zertan da Avdoyanena berezia?

Badu bi urte hurbiletik segitzen dugula, Baionan baitago. Familia osoa ari gara lagundu nahian. Hiru haur dituzte, eta hirugarrena Baionan sortua da; bi hilabete ditu. Haren erranak sinesten ditugu.

Diozu sinesten duzula erraten duena, eta preseski, babes politikoa eskuratzeko, lanjerra frogatu behar da. Inkesta bat ere eramaten dute, baina, kasu honetan, ez dute inkestarik egin.

Hasteko, haren egoera aski konplexua da. Jakin beharra da kurdua dela, eta yezidia. Horiek sistematikoki bigarren mailako herritar gisa hartzen dituzte. Etengabeko arazoak izaten dituzte, baita Poliziaren partetik ere. Anitz kurdu yezidik ihes egiten dute Armeniatik, baina, Frantziarentzat, Armenia herri segurua da. Babes politikoen eskaeren %95,5 ukatzen ditu Ofprak [Estaturik gabekoen eta errefuxiatuen gerizarako Frantziako erakundea].

Nola frogatu dezake norbaitek lanjerrean dela?

Babesa lortzen dutenen artean, oposizioko alderdi politiko bateko kideak daude. Avdoyanen kasuan, Poliziak dio dirua eskatzen.

Droga trafikatzaile izatea leporatzen diote, baina zuek diozue droga Poliziak diola kukutu etxean.

Bai, hain segur, beste kasu anitzetan gertatu baita hori. Hasteko, dirua eskatzen dio Poliziak. Frantzian duen anaiak dirua bidali zion sortze agiri bat lor zezan, egoera erregulatzeko. Baina Polizia ohartu zelarik familiaren bidez dirua lor zezakeela, hor okertu zen dena.

Babes politikoa ematen duen egiturak egin ez duen inkesta egin duzue, hortaz?

Herrira berriz bidali dituzten anitzek geroztik bizi izan dutena dugu frogatzat. Sinesten dugu erraten duena, haren inguruko anitzek kasu berdintsuak izan dituztelako.

Elkarretaratze horren bidez, Avdoyan ez kanporatzeaz gain, Armenia ez dadin herri segur gisa hartua izan ere eskatzen duzue?

Bai, hori segur. Eta gero, oro har, Frantziari eskatzen diogu babes politikoen eskaerak ez ditzan hainbeste atzera bota. Eskaera guztien %85 botatzen ditu atzera. Paperik gabekoak fabrikatzen ditu Frantziak. Europako beste herrialde guztietan errazagoa da babesaren eskuratzea.

Testuinguru honetan, gainera, oihartzun berezia dakar gaiak, ez?

Berdintasunaren eta haurridetasunaren alde atera dira guztiak asteburu honetan. Baina haurridetasun mugatu bat nahi ote dugu? Frantzian sortuentzat bakarrik? Ala lanjerrean diren guztientzat balio ote du? Mundu osoan baitaude lanjerrean direnak. Ontsasko badakit ezin diogula mundu osoko miseriari harrera egin, baina guri dagokigun zati txikiari bai. Eta zati horretan, gaur, Ruslan Avdoyan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.