Paperezko musika

Azken 35 urteetan musika jaialdiek karteletan utzitako arrastoa bildu dute Antso Jakituna fundazioan jarritako erakusketan; Jazzaldiaren lehenengo kartela ikus daiteke, besteren artean.

Gasteiz
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Arabako hiriburuko azken 35 urteetako musika ekitaldiek paperean utzitako arrastoa aztertzea du xede Gasteizko Antso Jakituna fundazioak, eta, horretarako, argazkierakusketa bat irekiko du abuztuaren 31ra arte. Paperezko musika izenburupean, Gasteizen egon diren musika ekitaldiek —noizbehinka egindakoak nahiz ibilbide luzea daukatenak, Jazz Jaialdia, kasu— paperean utzitako oihartzuna ikus daiteke erakusketan, kartel, egitarau, iragarki, partitura eta antzeko dokumentuen bidez.

Paperaren garrantzia nabarmendu nahi dute antolatzaileek. Musikan izan duen balioa ezagutarazi eta, bide batez, Gasteizek urtetan izandako kultur bizitzari atzerako begirakoa egin. Sortu zenetik, fundazioak bete duen eginkizuna izan da euskal kulturaren inguruko hainbat dokumentu biltzea, gordetzea, zaintzea eta ezagutaraztea. «Edozein ekitaldik, kasu honetan musikaren ingurukoak, dokumentazio asko sorrarazten du, dela egitaraua, dela promozioaren inguruko informazioa. Gordetako dokumentazio hori historiaren parte izatera igaro daiteke», jakinarazi du Jesus Zubiagak, fundazioko zuzendariak.

Musika ekitaldiak duen «adinako garrantzia» dauka paperean egindako lanak, esaterako, promozioak, egitarauak, partiturak… Hain zuzen ere, 35 urteetan Antso Jakituna elkarteak bildu dituen dokumentuak ekitaldiek paperean bizitza luzeago dutela gogoraraziz. Gasteizen ibilbide luzea daukaten jaialdiez gain, behin egin zirenei buruzko informazioa ere gorde du fundazioak. Rueda el Pop-Rock kontzertu erraldoia, adibidez, 1992an egin zuten, eta Lapsus, Bocanada, Rohan, La Hies, Demalafe eta Residuos Toxicos taldeak bildu zituen.

Azken bi mendeetan gordeta eman duten paperak ezagutarazi nahi ditu euskal kulturaren dokumentazio zentroak. «XIX. mendeko dokumentuak dira gordetzen ditugun zaharrenak», azaldu du Zubiagak.

Afixen artean, leku berezia dauka Gasteizko Jazz Jaialdiak. Aurten 35. ekitaldia izan da, eta, beraz, erakusketan ekitaldi horren lehen urteetako paperezko informazio ugari gordetzen du. Bukatu berri den Jazzaldia da erakusketan ondoen dokumentatutakoa: ekitaldi gehienetako egitarauez gain, ia urte bakoitzeko kartelak daude. 1990ekoa ere badago, askok, Dato kaleko Ibiltaria saxofoia jotzen erakusteagatik gogoratuko dutena.

Gasteizen sustraitutako beste jaialdietako bat Azkena Rock jaialdia da. Hamar urteko ibilbidea du, eta Euskal Herriko rock jaialdien artean bere tokia egin du, eta urteotako ibilbidearen hainbat iragarki ikus daitezke erakusketan.

Musikaren aniztasuna

Musika mota askotako dokumentuak aurki daitezke erakusketan. Arabako musika taldeen artean La Polla Records eta Potato dira esanguratsuenetako bi, eta bi taldeen biografiak gordetzen ditu Antso Jakituna fundazioak bere liburutegian. Bertan, La Pollak izan zuen oihartzun mediatiko guztia jasotzen da.

Musika estilo ororen maitaleek bisita dezakete Gasteizko erakusketa; Betoñuko atean kokatuta dago. Aipatutakoez gain, esposizioak Arabako Koro Internazionalaren Astea, Karmelo Bernaolaren Jaialdi Internazionala, Folk Musikaren Jaialdia eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Gasteizen emandako kontzertuen gaineko dokumentu grafikoak daude.

Partituren alorrean, berriz, nabarmentzekoak dira Iradier eta Guridi konpositore arabarren lanak. Lehenengoaren habanerak, La Paloma ospetsua tartean, eta bigarrenaren Amaya obra ikus daitezke erakusketan, besteak beste. Partiturarik zaharrenak, ordea, anonimoak diren herri musika jasotzen dute. Erakusketan bildu dituzten bitxikerien artean, nabarmentzekoak dira 1940ko urteetako idatzizko musika lehiaketetako partiturak. Erakusketaren bidez haien garrantzia nabarmendu nahi izan du Gasteizko Antso Jakitunaren fundazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.