Sarrera erosteko ilaran entzuna: «Bada, kontu honetara friki asko etortzen omen da». «Bai, lehen, antza, mozorroturik etortzen zirenek sarrera doan izaten zuten». Komiki Azokak Areetako geltokiko plazan (Getxo, Bizkaia) zabaldu duen gunean itzuli azkar bat egitea aski da frogatzeko zein oker dauden bi solaskideak. Getxoko Komiki Azokaren arrimura, manga, zientzia fikzio eta pop kulturaren beste adierazpide batzuen zale porrokatuak biltzen dira, noski, baina eleberri grafikoen gorakadaren ondorioz beste soslai bateko kontsumitzaileak batu zaizkio komikizaleen multzoari, eta hori agerikoa da azokaren pasabideak mukuru betetzen dituen jende saldoan.
Iritzi berekoa da Iñaki Elorriaga Getxoko Komiki Azokako zuzendaria: «Aurreko astean Manga Azoka izan genuen, eta beharbada publiko horretan ohikoagoa da jendeak friki gisa identifikatzen duen zale mota hori aurkitzea. Baina orain badirudi eleberri grafikoa boladan dagoela, horietan gai konplexuak jorratzen dira, maila eta sakonera handiko testuekin, eta horrek zale intelektualagoak erakartzen ditu, horrela esatea zilegi bazait».
XV. Komiki Azoka da aurtengoa, eta, oraingoz, oso arrakastatsu suertatzen ari da: «Atzo [ostiralean] zabaldu genituen ateak, eta bi mila lagun baino gehiago egon ziren. Gaur ere [atzo] ia erabat beterik dago azoka, mugimendua ikusten da, salmahaietan ez ezik, erakusketa eta mahai inguruetan ere, eta badirudi jendea ondo pasatzen ari dela».
Egile batzuk omendu ohi ditu Komiki Azokak urtero, eta aurten, Jose Ibarrolak eta Horacio Altunak jaso dute omenaldia: «Esaerak dioen moduan, zaila izaten da nor bere sorterrian profeta izatea, eta Ibarrola oso eskerturik agertu da omenaldian. Altunari dagokionez, haren arbasoak gipuzkoarrak ziren, baina duela ehun urte inguru Argentinara joan ziren, eta ilusio handia egin dio bere lana Euskal Herrian aintzat hartzen dela ikusteak», azaldu du Elorriagak.
Paperezko istorio jakingarrien xerka ibili ohi da Getxoko Komiki Azokara jotzen duena. Baina dena ez da papera: mahai inguruetako batean komiki digitalaz eztabaidatu dute Pepo Perezek, Andres Palominok eta Borja Crespok. Hori al da komikiaren etorkizuna? «Hala dirudi», esan du Elorriagak. «Espero dut dena digitala ez izatea, ni oraindik paperaren oso zalea naizelako, baina ematen du etorkizuna hori dela. Manga Azokan errealitate birtualaren adibide batzuk izan genituen, eta ikaragarria zen: zu zeu komiki batean sartzeko aukera ematen dizu horrek».
Egileen sinadurak
Erakusketa eta mahai inguruez gain, egileen sinatze txandak ere arrakasta handia izaten ari dira Komiki Azokan. Jende ilara luzeak osatu dira Horacio Altuna, Natacha Bustos eta David Aja euren lanak sinatzen ari diren mahaien aurrean. Marrazkilariak beti marrazkilari, eta egileek, izenpetzeaz gain, ezin diote euren liburuetan irudiren bat marrazteko tentazioari eutsi; horrek luzatu egiten du ilaran zain daudenen itxaronaldia.
Inprimategitik atera berri diren azken liburukiak, bildumazaleen bazka diren ale zaharrak, panpinak, elastikoak, marrazteko tresna profesionalak, DVDak eta mota askotako salgaiak daude azokako 60 erakusmahaietan. Fanzineak ere bai, noski. «Fanzineak badu xarma berezi bat: fotokopiatua izatea, ale gutxi kaleratzea eta abar. Baina, gainera, gero profesional izatera iristen den jende askoren eskola ere bada fanzinea. Haietako askok jarraitu dute gurekin kolaboratzen profesionalizazioa erdietsi ostean ere», azaldu du Sergio Cardosok. Oscar Blancorekin batera, Zocalo komiki fanzinearen editorea da.
1995ean sortu zuten fanzinea, eta, hortaz, hastapenetatik ezagutzen dute Getxoko Komiki Azoka. Orain, agur esatea erabaki dute, eta Zocalo-ren historian azkena izango den 23. zenbakia jarri dute salgai aurten. «Beste egitasmo batzuk ditugu esku artean, argitalpenen arloarekin zerikusia dutenak, eta horregatik erabaki dugu aro honi amaiera ematea. Apur bat nekatu gara, baina badugu asmoa beste gauza batzuekin aurrera egiteko», azaldu du Cardosok.
Euskarazko komikigintzak ere badu ordezkaritza Getxoko Komiki Azokan. Xabiroi komiki aldizkariaren erakusmahaian Dani Fano eta Adur Larrea komikilariak daude, komikiak saltzen eta aleak sinatzen. Aurtengo nobedade nagusia Museo bilduma dute, Harkaitz Canok eta Iñaki Holgadok ondu duten komikia. Horren inguruko erakusketa ere badago azokaren aretoan.
Euskal komikilarientzat ere garrantzitsua da Getxoko Azoka: «2007tik urtero etorri gara», esan du Fanok. «Euskal Herrian egiten den azokarik handiena da, eta aukera ematen digu gure arteko harremanak sendotzeko ez ezik, gure irakurleak ezagutzeko ere. Izugarria da zure lanak irakurri dituztenak topatzea».
ATZEKOZ AURRERA
Paperezko istorioen xerka
Gaur ere zabalik egongo da Getxoko XV. Komiki Azoka. Aurtengo berritasunak eta ale zaharrak topatzeko aukera emateaz gain, mahai inguru eta hitzaldi eskaintza zabala du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu